BILBOKO ITSASADARREKO ITSAS MUSEOAREN EMAITZA BERRIA. ‘Maritimotasunak’ Bildumako 5. liburua

Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre Bilboko Itsasadarrean izenburu nagusia duela, 2018ko Durangoko Azokarako ‘Maritimotasunak’ deritzon ‘Itsas Gaien Ikerketako Bilduma’ Espezializatuaren 5. zenbakia argitara ematearekin, besteak beste, amaitu dugu urtea. Bigarren titulu bezala esaldi hau atxiki zaiola: Itsas eta hiri-espazioaren analisi urbano, soziokultural eta estetikoa, monografiak ikerketaren aspektu edota alderdi horiei eskaintzen die arretarik nabariena.

1.- Liburuaren aurrealdea eta obrak Deustuko Erribera partean Kanala guztiz ireki aitzin.

 

Egitura esanguratsu baten sortze-ahalegina

Bost parte adierazgarritan banatuak, hamar kapitulu barnebiltzen ditu liburuak, egile bakoitzak eskarmentu eta trebezia nabarmenez bere esparrutik begirada orotan zorrotz baizen sakona proposatzen duela kontu eginez. Deustuko Kanalaren proposamen eta gauzatze astunak, korapiloz josiak, inguruaren transformazio fisiko izugarria nola baldintzatu zuen azalduko da hasierako ataletan. Padura izatetik industria-gune garrantzitsua izatera, lehendik ere presente zeuden portuko funtzioak ez soilik mantenduz baizik bizkortuz. Halaber, Kanalak ez zituela akabuan hastapeneko aurreikuspenak osotara aseko eta, nola halako frakaso kutsu gogaikarria gainditzerik bazegoela adimenera ekarriko digute.

Izan ere, modu ezin hobean bat egin du liburuaren argitalpenak denbora luzez Zorrotzaurreko penintsula deitu zaionaren irekieraren azkeneko fasearekin. Azkenekoa nolabait esatearren, batik bat kanalizazioaren obra hidrauliko geldoek ibaiari zenbait hamarkadetan oztopatua izan duen atea zabaldu diotelako; baina jakina da Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko egitasmoen baitako jarduerak hasi baino ez duela egin, prozesu jarraitu baten erroak poliki bada ere etengabe abiatzen doazen heinean. Hala nola, portu eta kanalen ingeniaritzaren ostean urbanizazioa egokituko da (lurzoruaren traza berrituak), baita hiri-lotura eta garraiobideen lerro zuzen nahiz uhintsuak, logikoa den gisan eraikuntzari bidea egingo diotenak: etxebizitzak, azpiegiturak, agian arkitektura xelebreak…

1968an behin-betiko finkatu zenetik Deustuko Kanalak bost hamarraldi beteak dituela hain justu ere, bere bizitza emankorraren etenaldi zein agorpenak industriaren eta portuaren testigantzak nonahi utzi dizkigu, gure egunotan erabilera kulturalaren nahiak berpizten diren bitartean. Fabrika franko birmoldatuak eta berrerabiliak izateko euskarriak zeintzuk izan diren ere ikusi eta konprobatu ahal izango dugu orrialde anitzetan. Horren harian, ibaiertzaren konfigurazio gaurkotuak berreraiketaren hirigintzari keinu egiten dio testuinguru teorikoan ez ezik praktikoan ere; aurrera egiteko ezein momentutan ekai sozial eta espazialak gogoetarako lehengai mamitsu legez hartu beharko baititugu.

Antzeko ikuspuntu antropologiko eta estetikoen leihatilatik so aztarnak, hondakinak… eta oroitzapen agian aztoratua dakusagu, bai eta horien parean dirauten aspaldiko inpregnazioen ‘formateoa’ –ezabapena ala aldaketa bortitza?– baimentzen diguten egiturak; paseo edo osteratxo etnografikoek begien bistan lagatzen dizkigutenak eta garai bateko historia izatetik ondare bizia izatera pasa zaizkigunak. Ondare hauskor, isil, herdoil, xehe baina era berean mardula; materialtasun leun bezain sendoaz burdin mineralaren pisutik, altzairu gogorraren sugar gorietatik, itsas handiko –kostaz haratago doan ur-barreneko– komunikazio eta merkataritzaren hartu-emanetatik datorrena.

Oinordekotza bitxiak baina gure artean ederki ezagunak, Bilboko lehenalditik geroaldira bultza egiten gaituen denboraldiaren hedapenean txertatuak eta baliteke orain apurtxo bat lausotuak, itsasadarraren ertzetan gertatzen den bilakaera azkarrak baimentzen dizkigun memoria edo oroimen-tarteak xahutzen baditugu. Arkeologiaren aurkikuntzetatik arteak hirietan –eta bereziki berauen eraldakuntzan– eragiten dituen ikur sinbolikoetaraino; kulturaren instituzio-bihurtze ahaleginek perspektiba horien karian, bat batean edo mantsoago hartzen duten zilegitasunezko eta duintasunezko janzkeraz hornituak, alegia.

2-3.- Zorrotzaurreko penintsula jadanik irla bilakatua, ibaiaren ibilbidea.

 

Hainbat urtetako emaria

Amaitze aldera, duela gutxi plazaratu den liburuak 2016-2017 urteen mugan antolatu zen: Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre: itsasadarreko hiri-paisaiaren adibidea Bilbon erakusketari aipamen kritiko laburra egiten dio. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bizkaia Aretoan eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (COAVN) egoitzako aretoetan jarria, material historikoak, arkitektonikoak, plastikoak eta estetikoak opatzen zituen, baten batzuk ezezagunak edo behintzat oso gutxitan erakutsiak. Ekarpenari itxiera emanez argazkiz konposaturiko gehigarri-osagarria du, tokian bertan eta abagune desberdinetan lan fotografikoa burutu izan duten bi autore konkretuen eskutik. Erakunde babesleei eta batez ere Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoari, ekimen hauen gorpuzkeran euren laguntza eta esfortzua zinez eskertu nahi diegu, Bildumako bosgarren liburuki hau dagoeneko kalean baita.

4.- Antolaturiko erakusketaren lehenengo egoitza Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean.

5.- Antolaturiko erakusketaren bigarren egoitza Bizkaia Aretoan (Abandoibarra).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude