Gure eguneroko paisaia-altxorrak miresten eta tentuz xahutzen: arteak eta lurraldearen espazio komunaren eraldaketak

Udazkenaren erdi-mugan, Cristina Enea parkeko hosto erorketak oinpeko zorua eta ‘paisaia’ bera kolore hori zein gorrizka arreez estaltzen zuen momentuan, 2018ko urriaren 18 eta 19arekin, hain zuzen, Donostiako paraje horretantxe bildu ginen oraingoan. TECTAR I+D+i proiektuko HAR2016-78241-P ikerketa taldeak deituta, 2017-2019 hirurtekoaren baitako II. Mintegiak loratu zuen egun haietan. “ARTEA ETA LURRALDEKO ESPAZIO KOMUNAREN TRASFORMAZIOAK (EBAKETA HARROBI ETA UR AURREEN JASANGARRITASUN ESTETIKOA)” Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Eskultura Sailean antolatu eta ernaldu zen ikertaldeak, lurraldearekin eta oro har, natura, ingurugiroa zein paisaia kontzeptu zabal-irekiarekin erlazioan, artearen ikuspegitik atzeman daitezkeen paradigma estetiko-etikoak –besteen artean jasangarritasun estetikoa– plazaratzea eta kontrastatzea du helburu. Maiz beste diziplina batzuekin batera elkarlanean, hartu-eman oparo eta zintzoan dihardugula.

Egiteko edo zeregin nagusi horretan beste zenbait egitasmo zehatzago burutu izan dira, baten batzuk orrialde hauetan bertan, gaurkoan legez lehendik ere aipatu ditugunak.

 

Trazabilitatea paisaiaren aldaketa fisiko eta estetikoan

Hauxe izan da aurton gogoeta-aldiak hartu duen ildoa ez ezik lema eta izenburua. Ingurumari horretan mahai-ingurura hurbildu genuen aditu-sorta, ikerketa-erroaren kanpotik eratorriak jakintza arloen arteko eztabaida aberasgarrian. Besteak beste, artearen mundutik paisaiara eta lurraldera urreratzean zeresana dutenen praxietatik aparte ere, maila teoriko praktikoan gauzatuko ziren lan-proposamen mamitsuak; batik bat ingurumen baliabideak kontuan izanez, hirigintza eta lurralde-antolaketa, arkitektura edota paisaia-lurraldea binomioan hainbeste eragiten duten geologia-estratigrafia bezalako alorrak ahantzi baga, sarrera gisako programan batu genituenez. Izen ere, estratuak era askotakoak lirateke; zientziak eta pentsamenduak horietaz jarduteko eskubide, zilegitasun eta beharra duten aldetik, estetika eta artearen ekarpenekin osatuz.

1.- Mintegi-egitura jende interesatuari eskaintzeko diseinatu eta atonduriko kartela.

 

Mintegirako hausnartu eta ondorioz idatzi genuen sintesi-erako aurkezpen-testua:

<<Zientziak eta teknologiak lortzen dizkiguten aurrerapen eta ekarpenetatik haratago, bizi ditugun eta gure begien aurrean bizitzan zehar aldatzen doazen inguruekiko txera antzeko bat pizten digun hori hobeto ezagutzeko sentitzen dugun premia geroz eta handiagoa da. Iraunkortasun estetiko baten premiak (iraunkortasunen kate baten baitan) lurraldea hautemateko forma berriak asmatzera garamatza, hain funtzionala ez den kontzepzio bati lotzen zaizkiona sinboliko eta emozionalaren bidezko zentzuaren bila. Honek guztiak, hain zuzen, egun Artearen funtzioetako baten eta bere aukeren aurrean kokatzen gaitu; giza harremanen marko berrien birsortze eta sozializazio ikuspuntu konplexuak beraien paisaiekin teilakatzeko aukeren aurrean, alegia.

Helburu funtzional hutsetik at, baita alderrai dabilen apaindura bidezko itxuratik edo amu turistikoaren eraikuntzatik ere, eta Arteak hirian duen nonahiko kokatze edo esku-hartze markotik urrunago, gure baitan, lurralde lauso, hiriko bazter eta ertzetaz (bera bezain publiko eta zeinetik elikatzen diren) galdetzen dugu, bere existentziak eta garapenak dakarten paisaiaren aldaketa fisiko eta estetikoaren trazabilitatearekin harremanetan: sakonune-harrobitik muino-hirira edo harri-lubeta-kostaldera.

Mespretxuz “degradatu” gisa izendaturiko espazio periferiko horiek detektatu nahi ditugu, zeintzuek, duten indar estetiko eta paisajistikoarengatik (“nahi gabeko monumentuak”), horien gainean aldez aurretik pentsaturiko errepresentazio moral edo ideologiko oro argitzen eta gainditzen duten. Berdefinizio bide berrien irudikatze lanetan sartzeak, ingurumenetik harago, jakintza-arloen arteko sintesian lan egitea eskatzen du, bai lurraldearen espazio komunaren iraganeko, egungo eta etorkizuneko eraldaketak dituzten osatze prozesu konplexuetan, bai horien eraginetan.

Egoera fisiko eta estetiko paradoxiko horiek berriro nabarmentzeko zeregin honetan, uste dugu Arteak, bere salbuespen egoeratik, esanahi bat sor dezakeela, diskurtsorik eta erabilgarritasunik ez duena, bai, ordea, identifikazio eraginkortasun altua, gizarteak paisaiarekiko eraikitzen duen ikuspegia, funtsean, artetik eskuratutako irudi sortzaileek zehazten baitute. Gizartean onartuta ez dauden paisaia edo egoera bereziak ikusarazi eta iruditegi kolektiboan eranstean, honetan datza xedea: lurralde eraldatu, baztertu eta utzia, duintasun beteko paisaia bihurtzean>>.

Hemen laburbilduak gelditzen dira nondik norako programatikoak, une oro gure ideiaren hari fin baizen gogorrak ahalbidetzen eta bideratzen gaituen norabideari eutsiz.

2.- Arrats emankorrean aritu ziren hizlari eta gidarien argazkia, entzuleriak areto osoa betetzen zuela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude