Antiguako hazkundea (I): antzinako itsas paisaiaren eraldaketa urbanoa

Antiguako auzo historikoa Igeldo mendiko oinetatik eta Ondarretako hondartzaren luzapenetik gaur egun Miramar legez izendatzen den Loretopeko[1] harkaitzetarainoko zabaleran mugatu izan da, bertoko  itsas bazterrean. Era berean, bertatik iragaten ziren errekastoen uretan gora (Gorga, Konporta… estali gabe egon ziren berandurarte) Benta Berri eta Ibaetaraino heltzen omen zen, itsasotik lur-barnerantz abiatzen bagara.

XIX. eta XX. mendeen artean itsas ondoan geroz eta urbanoago bilakatuko den espazio horretako elementuen artean dominikarrek aspaldidanik erabiltzen zuten haize-errotaren aurriak markatu daitezke, bertako paisaiaren identitate puntu sinboliko gisa, XX. mendearen hasieran jadanik erabat desagertua[2]. Gipuzkoak ezagutu duen haize-errotarik zaharrenetakoa eta agian bakarra Antiguako Lugaritz alde horretan kokatua zegoen, bere dorre borobil bitxia zuhaitz gainetik erakusten zuela. Horrekin batera, beste dorretxo borobil bat ere agertzen zaigu XIX. mendearen akabuko argazkietan, II. karlistadan eraikitakoa eta “fortín del Antiguo” erdaraz izendatua. Loretopeko tunela zabaltzerakoan eraitsia, hamabost bat urtez baino ez zuen iraungo zutik, Miramarreko erreginaren jauregia eraiki aitzin. Honez gain, itsas errota bikotea ere bazegoen Antiguan, itsasgora eta itsasbeheraren arabera mugitzen zirenetakoa lehenago ikusi dugun Urumea ibaian bezala, hauek ere arrastorik utzi gabe desagertuak.

  1. Miramar-eko jauregia Loretopeko lurmuturraren gainean, Miraconchako parajean eraikia.

Bestalde, arestian aipatu dugun Loretope muturreko eraikin multzoak nolabaiteko gaztelu-kutsua eransten zion ingurumariari, XIX. mendeko lehen erdian oraindino Antiguako auzoak baserritar giroa mantentzen zuenean, industria eta bestelako urbanizazioak agertu aurretik. Alabaina, industriaren ezarpenarekin elkarrekin[3] pilaturik bizitzen hasiko zen langile familia franko, batik bat etxebizitzen urritasunaren eta garestitzearen eraginez. Egoera horretan, Bilboko metropolian arrunta zen txabolismoaren fenomenoak ere agerpena izango zuen, maila apalagoan bazen ere, Donostiako itsas bazterreko Antiguako paisaian, Arbizketako zubi eta harrobiaren ondoan, kartzela altxatzean eraitsiak.

  1. Kontxa eta Ondarreta bereizten dituen muturraren ikuskizuna, badia aldamenean zabaltzen dela.
  2. Bertoko baranda eta barandan erritmikoki jarriak dauden garai bateko elementu apaingarriak.
  3. Balerdiren omenezko Chillidaren eskultura Loretopeko harkaitzetako toki ezkutuan.

Paisaia berberean agertuko zen, aitzitik, egitura sozialen kontraste itzelaren eredugarri zen Toki Eder jauregi xarmant eta bikaina. Hortik aurrera, industriak, langileriaren etxebizitza umilak eta jauntxo dirudunek egindako txalek zein jauregitxoak elkarrekin bizi beharko zuten Antiguan, nekazaritzako eta abeltzaintzako baserriekin batera, itsas bazterreko paisaiaren ikuskizun benetan xelebrea irudikatuz, garaiko zuri-beltzezko argazkietan bederen.

Nabaria denez, Antiguak bazeuzkan beste hiri industrial batzuetako itxura estetiko eta osasunaren arazo larriak. Horrek guztiak, beraz, kutsaduraren igoera neurrigabea zekarren. Aipatu egoerak aldaketa nabarmena izango zuen, ordea, XX. mendeko atarian, batik bat donostiarren pentsaeran turismorako eta uda-pasarako burges hiriaren asmoa irmo errotu zen urteetan. Horrela, Miramar jauregiaren eraikuntza Antiguako Loretopeko mutur horretantxe planteatzeko orduan, auzuneak zeuzkan ‘puntu beltz’ lotsagarrienak begien bistatik kendu behar zirela eta etxe talde batzuen eraispena erabaki zuen auzo-batzordeak, ohikoa zen legez bertako handikiek osaturikoa; Zalantza izpirik gabe.

 

Hiri-eskenatoki arras heterogeneoa irudikatzen…

Antiguan, hortaz, itsas bazterreko fenomeno urbanoan aipatu bezalako agerpen sinbolikoa izango zuten hiru talde soziologiko bereizi daitezke. Bata nekazari munduan sustraitua baina XX. mendean geroz eta ahulagoa. Auzolana ohikoa zen bai laborantzan eta baita eraikuntza prozesuetan ere. Bigarrengo taldea industrializazioak ekarriko zuen; hauen artean burges euskaldun batzuk bazeuden baina, oro har, Antiguako industria sortu zuen jendea ez omen zen euskalduna. Industriako langileak ere, bide bertsutik, ez euskaldunak izango ziren batik bat espezializaziorik gabeko lanpostuetan, nahiz eta bertako euskaldunak ere agertu. Lan-harremanak, beraz, oso bestelakoak eta industriak arautuak, lan-ordu jakin eta soldata finkoekin. Hirugarren talde ‘soziologikoa’ Mª Kristina erreginaren etorreraren ondorioz kokatuko zen Antigua partean; gehienak sustrairik gabeko udatiar aristokrata eta dirudunak. Izan ere, honaino idatzitakoarekin Donostiako itsas bazterreko auzoetan zegoen jende-nahasketaren berri emana dugu; erdiguneko zabalgunetik haratago gelditzen ziren auzoetan.

Hauek urbanistikoki garatu ahala, ur-fronteak eta itsasoko lerroak betez zihoan hirian, hirigintzaren aldetik nahiko heterogeneoak izango diren paisaiak eta hiri-espazioak egituratuko dira Donostian. Bai Antiguan eta bai Grosen adibidez, ikusi dugu nola txaletak, jauregitxoak zein lorategi-hiriak langile eta sektore sozial txiroagoen etxeekin elkar bizi behar zuten, bakoitza bere aldetik izango bazen ere. Fenomeno hau Bilboko itsasadarreko metropolian gertatutakoaren guztiz desberdina izango da, nahiz eta parekotasunak ere ikusi. Bilboko kasuan ibaiak erabateko segregazioa produzitzen zuen ezkerralde industrialaren eta jauntxoen eskuinaldeko bizitokien artean. Bilboko itsasadarreko ur-fronteen konfigurazioan guztiz integratua zegoen bereizketa hori, bai espazioen erabileraren, zabaleraren eta hiri-antolaketa sinbolikoan ere. Ezkerraldeko lurralde-adierazgarririk inportanteena fabrika bazen (gaurdaino iraun duen sinbolo eta ikonoa), eskuinaldean ostera jauregitxoak, txaletak, etorbide handiak, ur-ertzeko pasealekuak, monumentuak eta lorategiak nagusituko ziren. Hortxe dakusagu paraje horien diferentzia sentikorrak ez soilik hirigintzaren teknikari edota aspektu arkitektonikoei dagozkienak, baita paisaiaren usain berezi eta koloreari ere. Siderurgiaren kutsadurak jendearen sudurrak eta paisaiaren xehetasunak lurrin geruza grisez estaltzen bazituen, eskuinaldean tonalitate orlegietako zonaldeak eta beharbada zeru urdin garbiagoak atzemango genituzkeen, industriaren funtzionamendua bere goren puntuan zegoenean.

Parentesi txiki honen ondoren Donostiara itzuliz, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasierarekin Antiguako auzoaren berreraiketa plana onartu zuen Donostiako Udalak. XIX. mendeko amaieratik luxuzko txaletak zeuden zonaldea existitzen zen Miramar jauregitik gertu (jauregiaren atzean eraiki bide zuten kasino berria, hain justu ere jokoaren debekua etorri zenean; murruen hondakinak gelditu ziren haren testigu), urbanizazio berriak errespetatu eta urbanistikoki osatuko zituenak gerora. Zabalguneko masifikazio urbano erlatiboak Donostiako eliteko dirudun batzuk erakarri zituen Ondarreta, Miraconcha eta Igeldorantz, lasaitasuna eta itsasoaren gertutasuna gogoko zituzten eta. Horrela, Antiguako zabalguneak ere ur-fronteetako beste zenbait espazio esanguratsuk jasan zituzten antzeko prozesuak biziko zituen.

1887an Nemesio Barrio udal arkitektoak Antiguako hareatzetan zeuden padurak sikatzeko eta aprobetxatzeko memoria idatzi zuen. Antiguako hareatza horietan erabaki zuen Udalak kartzela berria eraikitzea, beste zonalde batzuetako lurzoruen prezioen gorakada itzelak ikusita. Bestalde, Igeldo azpiko paduretan txaletak eraiki nahi izan zituzten dirudun batzuk 1915ean, Udalak lorategiak eta pasealekuak baino ez zituela proposatzen eta, hiriaren hurrengo zabalgunea izango zen auzo berri bat sortzeko. Izan ere, dagoeneko ikusi dugu hainbat bider zein zelati ibiltzen zen Udala itsas bazterreko lan urbanistiko edota arkitektonikoak onartzerakoan, kostako paisaiaren balioak medio. Arraroa, beraz, kartzela bezalako azpiegitura estetikoki susmagarria eta sozialki are eta arbuiagarriagoa itsas bazterrera ekartzea, batez ere Antiguako auzoan eta Ondarretako hareatzan zenbait partikularrek luzaturiko eskaintzen aurrean.

  1. Antigua auzoko paisaia industriala XX. mendeko erdialderaino mantendua.

XX. mendea iragan ahala, Antiguako itsas bazterreko urbanizazioan eraikin eta tipologia desberdinen anabasa hasi ziren sumatzen, bertako itxura urbanoa homogeneotasunetik sano urruti baitzegoen, batez ere zonalde hartan bestelako egiturak eta ustiapen ekonomikoak planteatu nahi zituztenen begietan. Huraxe izan zen promotore batek 1966an Donostiako alkateari luzatu zion eskutitza. Bere ideia Ondarretako hondartza balioztatzeko sei haize-orrazi eraikitzea zen, Santa Klara uhartea ere aprobetxatuz bertan lorategiak, kasinoa, terrazak eta kirol zein aisialdirako ontzientzat kaia ezartzeko. Esan beharrik ez jadanik ‘desarrollismo’ etaparen barnean gaudela eta promotoreak Udalaren lur publikoez jabetu nahi izan zuela luxuzko etxeak merkeagoak izan zitezen, Tenis Clubak erabiltzen zituen lurretan, haien azpian garaje handiak ere proiektatuz. Haize-orraziek Donostiako turismoa areagotuko zutela defendatzen zuen, komertzioarentzat ere bultzada ikaragarria izanik (gerora Chillida eskultorearen eta P. Ganchegui arkitektoaren ‘Haize Orrazia’ obra eskultoriko, arkitektoniko eta urbanoa agertuko zen erpinean). Laburbilduz, zonalde erabat produktiboa bihurtuko zen, urte horietako ideologiaren arabera pentsatua.

  1. Haizearen Orrazia. Chillidaren metalezko hiru piezen txertaketak izan zituen lanak 1970eko hamarkadaren azkenaldian (1977), eta 1978an egin zioten interbentzio piktorikoa. Zilegi ote?

[1] Erdaraz “Pico del Loro” edo “Pico del Oro” deitua, Loretoko Amabirjinaren ermitatxoa aurkitzen zen (Antiguako kanposantu zaharraren barnean, kartzelaren eraikuntzarako eta tranbia-bidearen ezarpenean harri-iturri lez erabilia Udaleko akordioen arabera; harria oso eskuragarria eta merkea baitzen) harkaitz haien gainean. Bertatik oso gertu Zaldisko-Zokoa ageri da, jadanik Kontxako hondartzarantz abiatuz, XX. mendearen azkenean Chillidaren eskultura bat jarri zuten pasealekuko begiratokia: Fleming doktorearen omenezko monumentua. Granito harria erabiliz, sekzio karratuko zutabearen gainean ‘busto abstraktua’ kokatu zuen Chillidak (lehendabizi Jai-Alaiko lorategietan, 1955ean, gero Urgull-en edota Martutenen, Joaquin Monterok eginiko Kontxako hegalaren berrikuntzaren ondoren bertan amaitu arte). Itsasoko lehenengo lerroko toki estrategiko horretan, Santa Klara uharterantz eta Urgull-eko mendi-tontorrerantz begirada luzatzera gonbidatzen digu harri biluzi geometriko soil eta esentzialaren zirrikituetatik, Donostiako itsas bazterreko iraganari kontuak hartzeko edo. 1990eko hasiera horretan Loreto azpian Besarkada edo Rafael Ruiz Balerdiren Estela kokatu zuen Chillidak itsasoaren aldamenean, altzairuz egindako pieza txikia. Antiguako beste puntan ere Chillidaren eta Peña Gancheguiren ‘Haizearen Orraziak’ itsas bazterreko hiriari hasiera eta amaiera ematen dio.

[2] Antzina, beste bi haize errota identifikatuta zeuden, bata Urgull-en bertan eta beste Aiete inguruan.

[3] Produkzio desberdineko fabrikatzar eta lantegiak ugaritu ziren Antiguan: Brunet-tarren botila fabrika, Kutz-en “El León” garagardo, freskagarri eta jela fabrika, Lizarriturry-Rezola-ren “La Providencia” kandela, xaboi eta tokadorerako garbiketa produktuak prestatzen zituena (Antiguan lur-sail handiena okupatzen zuena), txokolategintzako “Suchard” fabrika, “Columbia” disko fabrika, Dougier-en ispilu fabrika, “Ayala” altzari fabrika, pospolo fabrika (Antiguako zaharrenetakoa), zepilo fabrika, “Farcy-Oppenheim” delako gorontza fabrika, kartoizko kaxen fabrika, zola fabrika, “Gutenfelder” inprimategia, zilar-lantegia eta beste batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude