Itsas ondareari buruzko ez-ohiko Jardunaldiak. Hiriaz eta itsasoaz mintzo

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak aldiro antolatzen dituen ekitaldien artean, ohikoenak izaten dira itsasadarrari eta oro har, Bilboko bertako, metropoliko edota ingurumarietako itsas kulturari dagozkionak. Ibaiari eta portuko bilakaerari (itsas merkataritza, nabigazioa, industria, burdingintza…) loturiko kultur aniztasunak grina biziz eta modu oparoan hiritargoari zabaltzeko esfortzu galantak egin izan ditu Museoak, bai hitzaldi zikloekin, erakusketa aldakorrekin eta baita liburu bildumekin ere, noizbait lerro hauetara ekarri izan ditugunak.

Sarritan, gai konkretu bati zuzenduriko beren beregizko ekimenak bultzatzen dira, argitara emateko bideak edozein direlarik ere. Horien artean, itsas ondareari buruzko jardunaldi interesgarri bat ospatu zen abenduaren bukaera aldera. Itsaso-hiria binomioa hizpide izan zuten hizlariek guk geuk ere zenbaitetan tratatzen ditugun alderdiak jorratu zituzten, ikuspuntu antropologiko, arkeologiko eta estetikotik begiratuz. Lan horien mamia, bertan aurkeztu zen liburu baten bildua aurkitzen da eta horrez gain, azken boladan garapen bidean izan diren ikerketa proiektu berezituen emaitzak diren ondorioak plazaratu zituzten.

 

Ikuspegi sozio antropologikoaren baitako ondare biziak

Bilbo bezalako portu-hiriak kultura ondarearen berpizkundearentzat aukeraz betetako eremu aberatsak direla argi daukagu. Horitan guztietan agertzen zaizkigu, halaber, hainbat pasarte historikoren alde desberdinak; denborazko lerrokadura horretan izandako translazioak eta eraldaketak bitarteko. Hiribilduko kai-zaharretatik abiatuz, makina bat oroimen eta aztarna batu izan dira gizarte aldakor baten kontzientzia kolektiboaren erraietan, mendeen joan-etorrian gertatu izan diren hamaika istorio eta bide-gurutzeetan. Delako pasadizoek, batzuk garrantzia erabakigarriz, hiritarron egunerokotasun iragankorraren nondik norakoak, lan eta bizimoduak sano aztoratzen dituzte, garaian garaiko aldaketek bai paisaien eta baita jendartearen ohituretan mutazioak kausitzen dituzten bitartean. Era horretan sortuz eta finkatuz joan dira hiri-eskenatokiak, ezein espaziotan igartzen diren egiturekin eta azpian dautzan nola-halako hiri-mitologiarekin. Kontakizun horiek dira, hain zuzen, gaur eguneko panorama moderno berantiarretan zolitasunez berrasmatu beharko ditugunak.

 

Historia arkeologikoaren galdutako ondare-material berreskuratuak

Bilbo eta bere itsasadarra ulertzeko gugandik oso urruti ez legokeen perspektiba posibleetako beste bat milaka nahiz ehunka urteren poderioz ezkutuan gorderiko kultura-puska ukigarriena litzateke; berauek itsas arkeologiaren eskutik gureganatu daitezkeenak, alegia. Hiriaren itsas fatxada edota aurrealdeko artefaktu bereziak, guztiek ere zonalde bakoitzeko eta unean-uneko iraganaren balizko eta baliozko atalak eskaintzen dizkigute, gure aurrekoen bizi-prozesuen testigantzaren iturriak irekiz. Zenbaitetan txit hauskorrak, lekukotasun horiek kontrol zorrotzez birgaitzea eta testuinguruan jartzea litzateke arkeologoaren egiteko potoloa, teknika horiekin tokian tokiko aurririk primitiboenak eta oinarrizkoenak aurkituz baina gaurkotasunean ere hiri-kudeaketarako tresna funtsezkoak diren heinean.

 

Paisaia bereizgarrien agerkari estetiko eta ondare sinbolikoak

Obra publiko handien mendeetan hiriaren fisionomiaren eta bere ibai-ertzen leku produktibo eta ekonomikoak bezainbat, esparru estetikoan ere suertatu izan diren transformazio esanguratsuak lekuko, lehendik disfrutatu ezin genituen egitura urbano berriak barra-barra ditugu hiri berreskuratuan. Batik bat untzigintzako, siderurgia eta metalurgiako fabrikatzarrak itzali zitzaizkigunetik askok pentsatuko dute halako salbuespen egoera kuriosoan barneratu zaizkigula Abrako eskualdeko ingurune ureztatuok, anabasaz josiak baina aldi berean neurtuak, krisi kateatuen ostetik iratzarrita ernaldu diren lurzoruetan. 

XIX. mendean jaiotako metropolitar geografia luzanga XX. gizaldiko akabuko hamarkadetan esnatu zaigu berriro ere, lantegiek orube libreak utziz auzune dentsoen erdigunean zein aldamenean; etorkizunerako aukera askotarikoen eremuan. Berregituraketak itsas eta hiri paisaiari arretaz erreparatu beharko dio, jende-aldra zabal batek garunean inskribatuak dituen itsas hiriaren irudimenezko memoria erdi galduak hor dirautelako; lozorroan edota deuseztatze bidean. Portuko muturretik popara doazen kilometroetan, oraindik orain Erriberatik Zorrotzaurrerako kanal artifiziala gelditzen zaigu esku hartzeke, itsaso-mihiak antzinako Deustuko bailara lauan aspaldi penintsula baina dagoeneko irla-uhartea ireki duenekoa.

Hauexek izan ziren, hein handian, adituek kontatu zizkiguten aferak, bai hiruron hitzaldietan eta baita geroago eragin zuten eztabaida-solasaldian ere.

1.- Bilboko itsasadar-bazterreko ur-paisaiaren adibidea (Abandoibarrako dike eta moiletan).

2.- Liburuaren portadako xehetasunezko argazkia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude