Paisaiaren tailua Bizkaian II: itsasadarreko industria-gune korapilatsu, hiriburu eta portutzarrak. Ondarearen Europako Jardunaldiak (2017)

Idazki honen aitzin solasean, hau da, kasu honetan artikulu honen aurretik orrialde hauetan bertan argitaratu eta eskaini zen paisaia-ondareari buruzko lehendabizikoan, 2017ko urrian ospatu ziren Ondarearen Europako Jardunaldien arian hasten genuen Bizkaiko paisaiari buruzko gogoeta xehea, Ibaizabal-Nerbioi bailarako eraldaketen irakurketa estetikoa gailenduz.

 

<Sabel emankorrean: bihotzeko sua… eta burdinaren goria…> badira eta

Halandaze, ibaiaren ibilbidea irmo jarraituz eta mendilerroz, zein larre nahiz ingurune urbanoagoetatik iragan ostean, gaur egun Bizkaiko hiriburu bilakatu zaigun Bilboko bihotz-bihotzean sartuko zaigu. Sarritan aipatu eta ikusi dugu jadanik, nola lurraldean gizakiaren esku-hartzearen prozesu luze eta sakon horretan lez beronen ondorioz, inguruaren aldaketarik bortitzenak eman diren historian eta nola transformazio horiek, bai gure adimenean eta baita ingurukoaren ulerkuntzan pertzepzio bide jakin batzuk ireki dituzten. Alegia, bizi dugun denboraren eta espazioaren lekukotasun kontziente eta konpartitu horretan irudimenezko ikur sinboliko eta kolektiboak eraikiz (paisaien agerkari).

Desoreka horietan hortaz, gurean beti aurkituko ditugu ibaiko urak protagonista. Ur garbi eta gardenak hastapenean, salto eta abiada azkarrekoak, laster etorriko zaizkigu ur geldo nahasiagoak, garai baten hordiak (Gabriel Aresti zenak Sestao edota Barakaldoz behin zihoen gisan) eta oraindik orain ere zikinak, ‘garbiketako’ joera bizian bada ere. Mendi-magaletik egunsentiko lanbro artean abeltzaintzako zoroetara eta hortik laborantzako nekazal lurretara helduz geroztik Bilboko siderurgiaren erraietan barneratuko zaigu. Bertako parajeak, hala ere, guztiz funtzionalak (produktiboak) izatetik kasik orotan balio erantsizkoak eta erakargarriak (turistikoak) izatera pasa zaizkigu; biak hala biak kulturalak diren neurrian. Siderurgiak utzitako orube libre zabaletan parkeak eta ibaiertzeko pasealekuak ugaritu zaizkigu: euskarri zuta eta bertikal anitz, aspaldiko testigantzak bailitzan geratuak izan diren elementu bakunak (kea dentsorik gabeko tximiniak, sirena soinurik gabeko garabiak, arrabiorik gabeko labeak, lehengairik gabeko metal kargadoreak, trenbiderik gabeko mehatzeetarako zulo ilun abandonatuak eta abarrak). Horiek titanioaren goritasunak ordezkatu, imitaziozko argiztapen lanparak nonahi, eta horien guztien paraleloan aro industrialaren azkeneko euskarri legez untzigintzaren santsuak oraindik badiraute, akabuko ontziolak noiz desmuntatuko zain.

Aipatu ditugun hauen ahantzitako, lokartu eta beste modu batera egokiturik iratzarritako berauen aurrekari bezala metalurgiaren ingurumari eraberrituak ditugu; kultur-paisaiaren kontzeptuaz eta interpretazio zentroz josiak. Antzinako ustiapen gorriaren biluztasuna geruza berdez berriki estali zaigunean, dagoeneko burdinarik gabeko lur-ebaketa eta mozketa idorretan, hiri-ondoan izanda ere, gelditzen zaigun Bizkaiko altxorrik ezkutu baizen ezezagunenean.

 

<Itsasoa, nire baitan sartzen…>: Bilboko itsasadarrean beherako hiri-metropoli handia

Bide honen amaiera aldeko bokalean portuaren ikuskizuna ur-azaleratuko zaigu, kakotx artean ‘barroko’ usaindun hiri postmoderno gaurkotuan, bektoreen gezi-puntetan ‘bentosa’ erako hiri-orbanak aurkitu ahal izango ditugula jakinik: ‘suburbioak’, landa-eremuko lurzoru-antolaketa ‘sasi-urbanoak’, geografoek ‘rururbano’ kategoriaz ezagutzen duten lurralde hiritartuaren baitan; Euskal Herriko hainbat bazterretan dugun paisaia kaltetuaren antzeko zoriaz. Bertan konmutaziozko elementuak bizi dira; hirian lan eta ‘suburbian’ deskantsatu egiten dutenak, isiltasun-bake erosoan. Baina ‘suburbia’ delakoaren ideia-irudiari gainjartzen dizkiogun esanahia eta ‘jantzi’ horietako zeintzuk dira gure denboraltasunean aurkitu eta identifikatu ditzakegunak?

Aurreneko paragrafo honetatik, azken finean, ‘suburbia’ hitzak (terminoak) bere kometa-estela luzean aska ditzakeen irudimenezko imajina mordoaz hausnartu dezakegu. Hala nola, burmuineko burutazio tira-biratsu horietatik aurreneko iritzi eta usterik ondoriozta daiteke, ‘suburbia’ delakoaren harian. Baliteke zenbait testuingurutan periferiak, ingurumari ‘suburbanoak’, zonalde ‘periurbanoak’ eta hiri barreiatuak berak adiera sinonimoak izateak. Hirigintzan, paisaiaren arkitekturan, lurraldearen antolakuntzan zein kudeaketan eta batik bat geografia urbanoaren esparruetan dihardutenek aldaerak eta desberdintasunak txukun azalduko dizkigute, jakintzaren beste eremuetan izan dezakeen isla nahiz oihartzunari tentuz adituz eta kontu eginez.

1.- Abrako lanetan parte hartu zuten garabien ‘estanpa’ historikoak. Moila eta dike luzangetako bloke itzel horiek uretaratzeko aspaldi erabili zituzten egituren irudi eskultorikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude