Paisaia biziaren tailua Bizkaian I: mendi/ibai bailaretako ondare aldakor bezain oldarkorra. Europako Jardunaldiak (2017)

Ondarearen Europako Jardunaldiak izan direla eta, aurton Paisaiaren gaia puri-purian eduki dugunez, Foru Aldundiak Hitzaldi-zikloa antolatu zuen: Bizkaiko Paisaien Eraikuntza izenburuarekin. Bizkaiko Foru Liburutegian bildu ginen hizlari eta entzule batzuk bi egunez; 2017ko urriaren 26an eta 27an, .azken arratsalde horretako aurkezpenak, hain zuzen ere, euskaraz zuzendu zirelarik.

 

Kultura eta natura, lurraren eta itsasoaren artean; antzinako testigantza anitzak

Izan ere, eta gure ikuspuntutik zentratzen badugu, azken boladan gorputz hartzen duten oinordetzak presentzia estetikoz bilduak berragertzen zaizkigu lurralde zein paisaien itxura, kolore, usain eta ukimenezko ehunduretan. Humano bihurturiko lurralde-eremu horien beste interpretazio sinboliko bat xahutzen du estetikaren ikuspuntuak; produktiboaz, ekonomikoaz, politikoaz edota soziokulturalaz ere agian haratago doana. Horrela gure izateko arrazoiak (kolektiboarenak, oro har) aurkituko ditugu beti mendiaren, nekazaritza-lurren, industrializatutako eremu zen tokien, parke naturalen eta bereziki babesturiko barrutien artean, honako joera orokor honen baitan lurraldearen urbanizatze prestua atzemango dugularik eta hortaz, hiri-lurraldearen patua ere begitanduz.

Bizkaiak berariazkotasun izugarria erakusten du paisaiaren azterketa estetikoak habian jarri ahal izateko eta berauei bultzada emateko. Inguruek aldakortasun handia dute, era berean, euren ezaugarri eta baldintzatzaileetan, gizakiaren denbora-bilakaeraren eta beronek medioarekin izandako harreman estuak (eta batik bat gatazkatsuak) bitarteko. Azpian leudekeen sedimentuzko estratuek elkarri eraginez irristapenak, tentsioak eta tolesturak sortzen dituzten heinean horrek guztiak ingurunearen estruktura elkar eragileak ere mamitzen ditu. Horrela egituratzen dira katea trofikoak eta beraien erpinean antropizazioz loturikoak, kultura eta gizarte batzuen/anitzen erroak fundatzen dituztenak.

Izatez, Paisaia kontzeptu edo gako-hitz deritzoguna gure baitan irudikatzen diren espazio jakin batzuetako bizimoduaren lekukotasunaren ezaugarri ulerkorrak lirateke; guztiz antropikoak berauek, komunitate konkretu batek modu kontziente nahiz inkontzientean bereganatuak eta hortik askatzen ditugun proiekzioak. Paisaia apenas daukagu guregandik kanpo, gure intuizio korapilatu eta konpartituetatik at, sentipenezko adierazpen horiek bilakatzen direlarik lurraldeen sinbolo. Aldaketa geologiko edota biologikoen denborazko ibilbideek milaka, milioika urteko presentziak utzi badizkigute ere historiak berak (historiaurrea barne) ludi honetan gizakia existitu den unetik baino ez du eragin. Hain zuzen, gizaki aldra edo talde horiek bizitza lekuekin kate iraunkor mordoak ezarri dituzte eta horien emaitza mateial/ezmateriala Paisaia genuke.

 

Bizkaiko ingurumarietan barne: <buruan orlegi…>

“Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak,

jendarme auto bat bidean,

bildots artean pasatzen”*

Joseba Sarrionaindia idazlearen olerki honetan, orokorki Euskal Herrian eta duda barik Bizkaian bertan ere aurki ditzakegun ingurune/paisaia batzuen ikusmira bukolikoa eskaintze da lehen lerroan baina segituan, delako irudi idilikoa desagertzen eta ezabatzen da zeharo, ustezko ‘paisaia’ horretan egon beharko ez zen ikur arrotz eta arraro xamar bat derrepente agertzen zaigulako (jendarme autoa); bildots artetik iragaten, gainera. Zoriontasun, bozkario eta bakezko pentsamendua, utopiaz betea, gure adimenetik azkar ezabatzen zaigu, beste egoera-errealitate guztiz desberdin baten santsuak buruak asaldatuz.

Sarreratxo honen ostean berehala ulertuko genituzke Bizkaiko ingurugiroan ere aurki ditzakegun eraldaketa historiko/estetiko eta adimenezko nabariak. Itsas ondoko sistema litoraleko lerroari angelu kasik perpendikularren direkzioan ditugun ibaien arroen artean, Bilboko metropolia erdi-erditik longitudinalki partitzen duen Ibaizabal-Nerbioi itsasadarra genuke. Alabaina hasiberritan, Urduñako mendikate basatietatik sekulako kotak milaka mendeetan leundu dituzten ur-saltoekin beheragoko lautadetara jaisten doa indar, kemen, abiadura eta maiz intentsitate bortitzaz neguan, udaran errekastoa baino ez litzatekeena. Behin baino gehiagotan behe-lainoz erabat estalia, perfil zorrozdun harkaitzek putzu ilun-zuri bilakatzen dira barandaren ertzetik begiratuz. Jaioberritan, beraz, geroago korronte geldoa izango den errekaren lehenengo egun-argitaratzea <soineko xuriz jantzia> sumatuko dugu, laino horren azpian hasten garelarik, seguruenik, gure barren-barreneko paisaia liluragarriak nozitzen. Beluago, laborantzako larreak ere bustiko ditu; <arbasoen baratzaren ondoan> alegia, gizalanaren arrasto, usadio eta elementu franko aurkitzen hasten garenean, baserri etxaldearen arketipo-irudi estetiko/arkitektonikoak ere hor dirauela.

1.- Ondarearen Europako Jardunaldiak, 2017ko Paisaiaren gaia dela eta plazaraturiko kartel eta txostenak.

2.- Nerbio ibaian gora. Lanbro finez hornituriko giro xelebreaz blai, ikusizkoa ez denaren keinuari arreta hartzen diogunean.

3.- Egun argiturik, bertatik hauteman ditzakegun ibai uhintsuaren mendeetako salto eta pasabide makartsuak.

* XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hastapeneko istorioa, Bordaxuri ezizenaz deitzen zuten Martin Larralderen pasarte beltza (poeta galerianoarena), bertsotan bildua eta gure egunetan Ruper Ordorikak kantuz emana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude