FIKZIOA eta HIRIA ELKAR(bana)TZEN DIRENEAN…

Aurtengo urri lehenengoaren hastapen-asteko 5ean eta 6an, urrenez urren, Nazioarteko Kongresu-jardunaldiak izan ditugu Bilboko alde zaharreko BilbaoArte produkzio artistikoaren zentroan, hain zuzen ere: <<FIKZIO – HIRIA>>. “’ZINEMA-PAISAIAREN’ ESPAZIOAK, ARKITEKTURAK ETA ESTETIKA URBANOAK” lemapean.

Bilboko Udalaren laguntzaz BilbaoArte zentroaren bitartez, ekimen honetan Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) erakunde anitzek hartu dute parte (Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko Dekanordetza, Eskultura Saila, Pintura Saila, Marrazketa Saila, Artea eta Teknologia Saila, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, bertako Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saila, gehi bizpahiru ikerketa taldek); era berean Extremadurako Unibertsitateak (UEX) eta Euskal Herriko Antropologia Aplikatuaren Elkarteak. Bi egunez, gonbidaturiko zenbait adituk jardun dute hizlari bezala, mahai inguru atseginak ere izan ditugularik, pelikula-dokumental baten emanaldi komentatua, sarrera eta amaierako hitzaldiak eta horrez gain, modu paraleloan baina ideia programatikoari atxikia garatu den <HABITARE> argazki-erakusketa txit interesgarria, Blackkamera tailerraren ahalegin oparoaz.

 

Proposamenaren sinopsi laburbildua

Modernitatea deitzea erabaki izan den denbora-tarte sekularraren baitan (batik bat ezein kultur adierazpenetan, arteari propioki dagozkionak barne, arkitekturakoak, e. a.), kontenplazio estetikoa bera analisi esparrua izatera heldu zen une horretan, alboan zeuzkan kategoria guztien segidarekin elkar jokoan, sorkuntza eta birsorkuntza garaikidearen oinarriak ezarri ziren, gerora forma plastiko eta tekniko konkretuen bitartez hiriaren eta espazio (urbanoaren) ideietan islarik franko utziko zutenak. Kontzepzio haietariko batzuk antzinatearen denboraltasun historikoetan barneratzen zituzten euren sustraiak, bertatik abiatuz zenbait zedarri teoriko eraiki zirelarik, zilegitasun eta gorpuzte materialaren erronka lehiakorraz. Era honetan hiri-modeloak barneratu zituzten (utopikoak nolabait, agian ‘ameslariak’ eta beste hainbat ‘posibleak’) baina horrez gain gizartean garatu beharreko bizitzaren parametroak ere (urbanoak), horren guztiaren errepresentazioak laster baimentzen zituzten heinean.

Paradigma horiek garai espezifiko bati zegokion egiteko moldearen gidalerroak eta aldi berean baseak finkatu zituzten, zientziaren energia progresibo kasik amaigabearekin, makina-teknologia bihurtua bere aldaera anizkoitzekin; berauek ‘magina’ eta ikuskizun zinez modernoak egokitu zituztelarik errealitate zinematografikoz blai zeuden hiriaren fikzio-paisaietan. Zinema-hiriaren eta zinema-paisaiaren pantaila handian atzemaniko irudiak zinemak aurkezten zizkigun hirien mito modernoei hauspoa eman zieten, metropoli hiri erraldoiak apurka zein azkarrago hezurmamitzen zihoazen neurrian, hirigune eta periferia bortizki industrialduetan. Halako toki espazioek, aitzitik, ‘hiritartasunaren’ ideologia egitura-emaileak kolokan utzi zituzten. XX. mende berriarekin batera arrazionalismo abanguardistaren ustezko ortodoxiak kemen ‘organiko’ eta garbizaleak maila desberdinetan pribilegiatu zituen arte, iragandako ‘heterodoxiak’ ezabatzeko ilusioak gidaturiko eraginkortasun eskasaz.

Alabaina, berriro ere gizaldi aldaketak markatu zuen beste inflexio puntu adierazkor batek bere baitan onartu zuen fantastikoak bilakatu zitezkeen irudien errepresentazio sena; berauek irudizko ‘imaginarioak’ bete betean eragin zituzten, konbentziozko egikeraz postmodernitate gisa ezagutu eta izendatu zen aparatu kultural eraikiaren magalean (beste izenorde ia sinonimoen parean). Bitartean, testuinguruak are eta konplexuagoak egiten dira mundu birtualak eskaintzen dituen ‘monitoreen’ zirrikituetatik so, ‘itzal-kortina’ gordina ‘egi’ hauskorra bilakatzeko bidean. Metropolisetik Matrixera gindoazela, ‘hiri mirakuluetatik’ pasa gara, infernuetara jaisten diren ate eta zulo gaiztoak bailitzan, etorkizuneko oroimena fikzio-hiri boteretsuak sostengatzen eta transmititzen duenean.

 

Ekarpen honetan kolaboratu dute: Luis Bilbao Larrondo eta Amaia Lekerikabeaskoa Gaztañaga (Kongresu-jardunaldiko Presidentea –lehena– eta Idazkaria –bigarrena–)

 

Jarraian; programak eta publizitatea:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude