Gros auzoko zabalgunea (II): lokartuta geldituko zen hiri berriaren aztarna

Itsas bazterreko azalera horretan burutu ez ziren egitasmoen artean Sagües auzoko lorategi-hiriaren proiektua izango genuke. Bertako etxebizitzen kondizio txarrak salatzen zituzten, itsasoak eragiten zuen hezetasunagatik eta mendi magaleko pilaketaren eraginez. Bilboko metropolian ‘errekartia’ deitu zitzaion ezker-aldeko zonaldearen antzean, itsusitasun eta zikintasun urbanoez gain egonezin ‘moralak’ ere (komatxo artean) pilatzen ziren Sagües-en.

Langile etorkinak bertan bizileku umilak zituzten baina marxistak eta ‘bizitza txarreko’ jende aldrak ere bertan zeuzkaten euren ‘habiak’. Hori agerian gelditu zen auzunea kasik utzik gelditzerakoan, gerrate zibilean tropa faxistak Donostian sartzearekin batera. Hortik aurrera, Sagües auzoaren eraispena aldarrikatzen zen behin eta berriro, ‘langile gizajoak’ bertatik atera eta etxe argi, higieniko eta alaiagoetara eramateko asmoz, ea horrela tabernetan eta ‘bestelako bilera guneetan’ gutxiago egoten ziren (poliziak ere bertaratzea sail samarra zeukan zenbaitetan, Trintxerpera eta Pasaiara alde egiteko aukerak emanez). Erregimen faxistaren ideologiak, beraz, zio bikoitzak argudiatzen zituen. Alde batetik, txirotasun materialari ‘pobretasun morala’ gainjartzen zitzaion, eta bestetik Donostiako itsas bazterreko paisaiaren irudi urbano paregabea oztopatzen zuen Sagües auzoak (alderdi estetikoak, hortaz, alderdi moralekin nolabaiteko elkarrizketa zuen). Sagües-en desagerpena derrigorrezko kontua bilakatu zen Udaleko botere berri faxistarentzat.

Ategorrieta-Groseko zabalguneetan aurreikusita zegoenez, lorategi-hiria eraikitzea zilegi jo zuten Sagües-en eta horrez gain beste zenbait azpiegitura: dimentsio handiko piztina, solariuma eta hondartzarekin konexio zuzena izango zuten terrazak, batzuk euria ekiditeko estalkiekin. Eraikuntza itsasoko lehenengo lerrora hurbiltzeko ideia hau ere Machimbarrena udal ingeniariak 1945ean argitaraturiko liburuan agertzen da, burutu gabe gelditutako beste hamaika proiekturekin batera, aurreko sarreretan adierazi dugun legez. Pasaiarako korridore metropolitar horretan Intxaurrondo edota Altzako zonaldeetan ere etxebizitza merkeen kooperatiba babestuak eraikiko zituen erregimen politiko frankistak, erakutsi nahi izan zuten interes sozialaren lekuko. Hauetariko asko ‘hiriak libre utzitako zirrikituetan’ aldapetako lurzorurik marjinatuenetan jaiotzen ziren bitartean. Pasai Donibanetik Pasai Antxoraino doan bide-gurutzean ere aglomerazio industriala agertuko zen Altzatik oso hurbil, etxebizitzen tartean funtzio industrial peto-petoak nabarituz.

1. p.156 urbanizacion Ulia1. Ulia mediko magaletako urbanizazio-planak, XX. mendekoak.

2. p.148 barrio Sagües2. Sagues auzoan Machimbarrenak proposaturiko egitasmoen behin-behineko marrazkia.

XX. mendeko hirugarren herenean murgilduz, 1963. urtean Uliako zonaldearen urbanizaziorako ideien lehiaketa deitu zuten, Donostiako sutearen eta ondorengo zabalguneen urtemugei jarraipena emateko (1813, 1863 eta 1963). Luis Peña Ganchegui, Francisco Bernabé eta Gonzalo Vega de Seoane arkitektoek Sagüesko auzunea barnebiltzen zuen aurreproiektua aurkeztu zuten, itsas bazterrean dorre batzuekin ordenatzen zuten espazioan. Mendi magalak eta zuhaiztiak ere tentuz tratatu zituzten, eurek espresuki jakinarazi zuten gisan. Kuriosoa izanik ere, teleferikoa eta parkea ezarriko zituzten Ulia mendian, arteetako eta zientzietako pertsonaia ospetsu batzuentzat lur-sailen erreserba eginez. Udalari eskaria egin zioten lur-sail hauek mundu osoan ezagunak ziren aditu batzuei oparitzeko (filosofiako, arteko edo zientziako jakitun handiak), beraien presentziak Donostiako bizitza kulturala eta zientifikoa asko aberastuko zuelakoan. Parkeak bi zonalde edukiko zituen azpiegitura kulturalak sortzeko, distantziak salbu, beste baten ikusiko dugun Oteizaren Ametzagainako hilerriaren aurrekari ‘espiritual’ gisako deskribapen ‘sasi poetikoak’ eginez eta beti itsasoaren presentziaz baliatuz.

Jarri beharreko ekipamenduen artean, beraz, zentro zibiko eta erlijiosoaz gain eskolak, haurtzaindegiak, aire libreko antzezpen eskenatokiak, museoa, kirolen jauregia, estalitako piztinak eta Monpas-eko begiratokia zeuden. Komertzio zentroak, janari-dendak, artisautza, hotelak eta aisialdirako guneak izango zituen, den-dena lorategiekin horniturik, Sagües-eko gune historikoan eta itsas bazterreko Ulia magalean nolabaiteko gizarte elitista guztiz burujabea sortu asmoz, antzinako ‘zikinkeria’ urbano eta morala ezabatzeko. Basotxo batetan kokaturiko camping-a eta lurzoruko aldapari egokituriko eraikinak ere agertzen ziren aurre-proiektu amestuan, lorategi-hiriaren antzeko ideia birsortuz, baserriak aspalditik Euskal Herriko mendi-magaletan txertatu izan diren moduan (inguruarekiko eta paisaiarekiko errespetua agertzen zuen Peña Gancheguik, bestelako nahien gainetik).

XX. mendea iraganda, ‘kaletik hain gertu’ eta aldi berean ‘hiritik horren urruti’ legokeen Ulia mendiaren berreskurapenari bultzada eman nahi izan zion Donostiako Udalak 2007an, parkearen eraberritze lanetarako plangintza bereziaren barruan. Izan ere, aisialdirako espazioa izaten jarraitu beharko zuen Uliak, itsas bazterreko paisaiaren balioak aintzat hartuz. Urgull, Santa Klara eta Igeldoko interbentzioekin batera kontsideratzen zen Uliako operazioa, Donostiak itsas bazterrean dituen ingurunerik baliagarrienen bateratasunerako. Ondare kulturalaren eta naturalaren arrasto ikusgarriak anitz dirauten parajeetan (paisaia etnografikoak), itsas kultura horren balioztapenak ‘sentsibilitate handia’ eta ‘zementu gutxi’ eskatzen baitzuen.

Sagües-era itzuliz, itsas bazterreko espazioetan parke berria eraiki nahi izan zuen Udalak 1990ko hamarkadaren hasieratik, Zurriolako pasealekua berriro ere Monpas-eko puntaraino luzatzeko nahia erakutsiz. 1999an bertan behera utzita, 2003an espainiar estatuko ministerioak finantziaziorik ez zuela emango adierazi zuen. Iritzi kontrajarriekin bada ere, berreraikuntza definitiboan zubitxoen edo pasabideen bitartez mendiko eta kostaldeko ibilbideari lotura ematea hobetsi zuten. Era berean, Sagües-eko itsas bazterreko espazio hutsa urbanizatzeko ideiak ere XXI. mendeko hasierako urteetan etorriko ziren Udalak deituriko aurre-proiektuen lehiaketa publikoan. Kataluniatik eta Euskal Herritik helduriko arkitektoen, ingeniarien zein hirigintza eta paisaiaren eraiketaren adituek konposatzen zituzten taldeen proposamenetatik bost aukeratu zituzten. Gaur egungo gizarteak eskatzen dituen ekipamenduen eta kulturak goraipatu duen estetika postmodernoaren lekuko, kristalezko eraikinak, dorreak, talasoterapiako zentroak eta pasealekuak erakusten ziren maketetan eta argazki muntaia zein irudi birtualetan. Astigarraga eta Lasarteren ‘faro urbanoak’ inpaktu handia produzitzen zuen ingurunean, diseinua atsegina izanda ere. Ábalos eta Herrerosen ‘Uliako atearen’ kasuan ere diseinua izan zen baloratuena. Sola Susperregi eta Ruiz Lacasaren proiektua ondo txertatzen zen bertako espazioan, Ramos eta Ortiz de Zarateren ‘erremate eskultorikoa’ bozketa publikoan lehenengo gelditu bazen ere, EMBT-ren ‘Mendia imajinatzea’ lemapean aurkeztuak ez zuen arrakasta handirik izan.

4

3

5

3-4-5. Sagues aldeko itsasbazterreko hiri-altzari eta elementu sinboliko batzuk, Donostiako paraje zein ur-fronte preziatuenetako pieza xelebreenetatik estetikoki eta ikonografikoki urruti geldituko liratekeenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude