Gros auzoko zabalgunea (I): itsasoari irabazitako lurretan sortutako hiria

Urumea ibaiaren eskuinaldeko ertzean, Ekialdeko zabalgunearen jarraipena izan zen Gros edo Kursaal-ekoa. Grosen Lagasca ingeniariak ere Kortazarren zabalguneko traza geometrikoari jarraipena ematea planteatu zuen, ez bakarrik Urumea ibaia bideratuz baizik eta Ulia mendiaren azpiko hareatza zabaletan itsasoari lurrak irabaziz, hiri historikoaren ezkerraldean.

Bertako obra nagusiena Salamankako pasealekua izateak eraikitzeko udalerriak zeuzkan arauetan aldaketak eragingo zituen, ur-fronteetako paisaiak babesteko asmotan. Izan ere, ‘ekialdeko zabalgune’ horretan Santa Katalinako pasealekurantz ematen zuen lehenengo etxaldean, ur-fronteko lerroari jarraituz, arkudun eraikin handia kokatu nahi izan zuten, “Gran Fonda Kursaal” deituko ziotena.

1. Propuesta para Gros, p.1571. Gros auzoko zabalgune planak.

2. p. 246 (Gros, Lagasca, 1873)2. Gros auzoko zabalgune planak (Lagasca, 1873) eta auzunearen itxura XIX. mende bukaeran.

 

Urteak iragan ahala…

1889ko hurrengo lehiaketan, teknikari bat baino ez zen aurkeztuko, hirigintzaren aldetik sona larregirik gabeko planoarekin. Luis Aladren arkitektoak aurkeztu zuen Gros auzoa antolatzeko <<Itsaso aurrean>> izeneko proiektua. Urumea ibaiaren eskuinaldean Zabalgunearen hedapen bitxia proposatzen da, 15 urte lehenago Lagasca ingeniariak Zurriolako hondartzari lurrak irabazteko aurkeztutako eskemari nolabait uko eginez. 1892an Kostako murrua eraiki zutenean hondartza ere erabat txikituko zuten, azalera hori are eta urriagoa izanik Zurriolako urbanizazioaren ostean (1911). Hori ikusirik hondartzaren berreskurapenerako proiektuak bultzatuko zituen Udalak hurrengo urteetan eta hamarkadetan, 1944an Zurriolako lur-muturraren eraikuntza-lanak hasiz. Lau urte beranduago bertan behera geldituko ziren, behar ziren harriak Monpas-eko harrobitik ezin zituztelako atera[1].

33. Duela hamarkada gutxi Zurriolako hondartzan buruturiko ibaiaren kanalizazio lanak.

Bestela, hastapenean zeuzkaten premisak gehiegi eraldatu gabe aurrera segitu zuen Kortazarren zabalgunearen eraikuntzak XX. mendeko lehen urteetan. Antzinako Santa Katalina auzoan, ibaiaz bestaldean Groseko zabalgunea hasi zen planteatzen Urumeako kanalizazioaren ostean, Zurriola ere hartuz. Han ere tailerrak eta biltegiak zeuden finkatuta XIX. mende amaieratik, Ulia mendiaren azpiko langileen etxebizitza gutxi batzuekin batera. Ondoren ikastetxeak, hiltegia, ospitalea, zezen-plaza, komentu erlijiosoak eta tranbiaren geltokiak agertuko dira. Alabaina, familia bakarreko txalet batzuk ere baziren itsas bazterrean, Inazio deunaren elizaren inguruan. Etxe hauetako asko desagertuko dira Zurriolako zabalgunearen obrak hastearekin batera. Auzunea klase apalari begira proposatu bazen ere, klase ertainak eta dirudunak hartuko zuten itsasoko lehen lerroak aprobetxatuz. Honela, urbanizazio proiektua baino itsasoari irabazitako lur guztien ustiapen osorako programa bilakatuko zuen Sociedad Inmobiliaria del Kursaal erakundeak.

Era berean, lorategi-hiriko arauak aplikatu zituen Udalak Kursaaleko etorbidearen eta itsasoaren artean eraikitzeko falta ziren lurzoruetan. XX. mende horretako hasieran, Donostiako auzunerik inportanteenetarikoa izateko aukerak zeuzkan Grosek, kondizio urbanoen aurreikuspenak aldatu zituztenean. 1919ko lehen lehiaketan saridunik ez bazen izan, 1922koan Machimbarrena eta Díez de Tolosana izan ziren irabazle. Erdiguneko enparantza batek itsas bazterreko txaletak ordenatuko zituen zezen-plaza eraitsi ostean, azkenean itsasadarreko lur-sail libreek zezen-plaza mantentzea posible egin zutelarik.

 

Grosetik Ategorietarantz…

Grosek izaera oso konplexu eta kaotikoa hartuko zuen aurrerantzean, antzinako estrukturen eta urbanizazio berriagoen elkar bizitzaren korapiloaz, traza urbanoaren morfologian atzematen ziren funtzio sozial, ekonomiko eta sinbolikoekin batera. Burgesiaren zabalgune zabalak langileen espazio murritzagoekin egiten zuen topo, garajeak eta tailerrak nahastuz. Ulia azpirantz jarraipena izango zuen XX. mende erdialdeko urteetan Ategorrietaraino[2] helduz. Bertan mantentzen ziren baserri eta nekazaritzako lurrak elementu arbuiagarriak bihurtuko ziren laster, txalet etxeez eta lorategiz inguraturiko errepidean. Donostiako erdigunerako eta baita Pasaiako porturako distantzia txikiak kontrakotasunak adierazten zituzten; Pasaia aldeko industriaren bilakaerak agintaritza zuen klase aberatsak espazio urbanoan islatzen zituen adiera sozialak oztopatzeko edo aldrebesteko arriskua baitzeukan, klase apalagoen eta langileen ezarrerarekin. Helbururik behinena itsas bazterreko espazio berri hauen apaingarritasuna zela dudarik ez, dentsifikazio prozesuen inpaktuak ekiditeko. Aipaturikoa Ulia mendiko funikularrarekin eta tradiziozko erabilera berreskuratu edo berrasmatuekin batera (denbora-pasako guneak, baserritxoak, merienda-tokiak, e. a.). Hala ere, auzune proletarioak izango ziren aurrerantzean paper erabakigarria jokatuko zutenak. Horrela, anabasa tipologikoan etxebizitzak, familiabakarreko bizitokiak eta komentuak aurkituko genituzke, Ulia mendiaren magalean eta errepidearen alderdietan, Pasaiara doan metropoli korridore populatua irudikatuz: Ategorrieta, Intxaurrondo, La Paz, Bidebieta, Altza, eta Herrera besteak beste. Paisaian inpaktu bortitzena duen eskualde urbanoa (batez ere 1960-1980ko hamarkadetan).

44. Ategorrieta partean kokaturiko hiri-altzari bereziak, erlojuak.

55. Errepidearen ondoan jarritako ‘Ate’ eskultorikoaren argazkiak norabide batean eta bestean.

[1] Mende erdi pasatuta, 1993an Zurrriolako hondartzaren berreskurapena gauzatuko zen lur-muturra definitiboki eraikiz, Zurriolatik Sagües-eraino doan litoraleko pasealekuarekin batera.

[2] Izenari omen eginez, Iñigo Pagolak diseinaturiko Atea edo Garaipenaren Arkua eskultura publikoa kokatu zen 2008an. Gorriz margoturiko marko karratuaren gisan, lurzoruan iltzaturik ongietorria egiten dio bisitariari, Donostiara barneratzeko momentuan ikuskizun espazial eta sinbolikoa emanez bertako bide-gurutzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude