Ikuspegi materialista eta produktibotik turismoaren ‘kultur industria’ sostengatzeko Kantauri itsasoak eta Urumea ibaiak ureztaturiko balio handiko paisaien esplotazioa premiazkoa zen Donostian, bertara heltzeko garraiobide eraginkorren laguntzaz. Itzelezko kontrakotasunak txertatuz, meategietatik itsasorako zein ibairako garraioak eta altzairuaren industria behar-beharrezkoa zuen Bilbok, ondorioz itsasadarrari eta burdinadun mendiei loturiko estetika industrial oparoa garatuz. Donostian aldiz arrazoi berberarengatik ezinbestekoa zen, esan bezala, industria begietatik ezabatzea. Hala ere, XIX. mendeko 80. hamarkadan bazen lantegirik Donostian, itsas bazterreko ur-fronteetan estilo, estetika eta funtzio nahasketa adierazkorrak suertatuz.
Industria gehientxoenak itsas merkataritzarekin, salerosketako produktuekin eta itsas garraioarekin elkartutako jardueretan zebiltzan. XIX. mende horretako azken urteetan fabrika handi samar batzuk udalerrian bertan hartuko dute lekua, Antiguako Benta Berrin. Lizarriturry xaboiak, Louit jangarriak, Kutz garagardoak[1], La Fe, La Providencia edota La Esperanza zein Rezola zementuei[2] gas fabrika eta Tabacalera gehituko zaizkie, azken hau lehendabizi Atotxan, tren geltokiaren ondoan eta gero Amaran. Trena ere garrantzitsua zen udatiar gehiago erakartzeko eta langile etorkinak ekartzeko[3]. 1887an Donostian funtzionatzen zuen tranbia urbanoak ere hirigunetik Pasaia eta Errenteriako zona industrialetara erraztuko zuen bidea, laster Elgoibar, Eibar eta Bilbora iritsiz. Orografiaren eraginez, hiri-guneetan sartzeko ibaiarekiko norabide paraleloak mantendu dituzte trenbideek Donostian, horrek ere espazio urbanoaren konfigurazioa zeharo baldintzatuz.
Industriaren hari edo gida-lerro ikusezinak
Aparatu industriala, hortaz, neurri batean inportantea izan da Donostian, nahiz eta sinbolikoki eskenatoki urbanoaren irudietan presentziarik larregi ez eduki. Oriako ibarrean adibidez papertegiek erakutsi zuten irudi homogeneoaren aldean, Donostiako heterogeneotasuna salatuko digute zenbait autore eta adituk.
Hiriko industriaren ikur inportanteenetakoak, hala ere, Urumea itsasadarraren ertzetako gas fabrika eta tabako fabrika izango ziren. Biak ere publikoak kontsideratuak, gas fabrika hiriko argiztapenaren berrikuntzari lotu zitzaion zuzenki hasiera batean. Bordier Marcet sistemaren bitartez, paretetan finkaturiko edota soketatik zintzilikaturiko ehunen bat farol zeuden jada 1861ean (1908an argiztapen elektrikoak aurrekoa ordezkatuko zuen arte). Fabrika berriaren instalakuntzak, izan ere, bizpahiru tokiren artean aukeratu behar izan zuen Urumearen bi alderdietan. Azkenean, Amara aldeko padurak aukeratu zituzten, urbanizazioaren aurreikuspenetatik erabat aldendua. Lengoaia estilistiko klasizistaren lekuko, Joaquin Lopetegik bi isuriko teilatua zuen ‘L’ antzekoa planteatu zuen, hormigoi armatuzko bobedak zituena, beste zenbait labe eta ikatza gordetzeko biltegiekin (Pasaiara heltzen zen Asturiaseko ikatza).
1. Tabako fabrika berreskuratua (barrualdeko patioa, 2016ko argazkia).
Tabako fabrika ere XIX. mendeko azkenaldi horretan eratu zen (1878), R. Kortazar arkitektoak hamar urte lehenago eraikitako tabako-biltegia ordezkatuz. 1881eko eraikina Mauro Serret-ek proiektatuko zuen, Egia auzoko San Frantzisko pasealekuan ezarriz (Urumea itsasadarraren ertzean eta tren geltokiaren ondoan). 1913an inauguratua, fatxada esanguratsuetan eta elementu apaingarrietan ukitu plateresko zein modernistak nabarmentzen zaizkio, batik bat sarrera nagusiko portada monumentala azpimarratuz (koroa erreplublikarrak atearen goialdea presidituz). Modelo industrial petoak baino errege fabriken antzeko morfologiaz, Gipuzkoako eta, oro har, Donostiako industri ondarearen adierazgarririk esanguratsuenetako honek zehazki antolatzen zituen lanerako espazio arrazionalak, jauregi-lantegien estetika industriaren formula arkitektonikoekin elkartuz. Gaur egun, kultur eta arte-adierazpideen erakustoki izatearen funtzioaz zorionez berreskuratua, Donostian bultzatu nahi diren proposamen artistikoen proiektu zabalagoaren baitan.
Orotara, benetan eskasak dira itsas ondoko edota ibaiertzeko lantegiak erakusten dizkiguten argazki edo margoak, kasurako Bilborekin alderatuz. Donostiaren estanpa sinbolikoetan bestelako eraikinek eta paisaiek ordezkatzen dute industria arbuiagarriaren lekua. Aitzitik, etxebizitza dotoreak eraikitzeko itsasoari lurra irabaztea ametsik errepikakorrena izaten zen, Kortazarren planoak imajinatuko ez zituen beste zabalgune proiektuak ugarituz bai itsas bazterrean eta baita hiri-paisaia esanguratsuak erakusten zituen ibaiaren ertzetan. Horietako bat Ekialdeko zabalgunea izango zen, Urumearen bokaleko ezkerraldean itsasora gerturatuz. Era berean, Amarako zabalguneak Santa Katalinako zubitik Ehungarren Urtemugako enparantzarainoko lur-sailak hartuko zituen, hain zuzen ere Santa Katalinako zubiak itsasaldean eta ibaiertzetan planteatzen ziren interbentzio urbanoen mugarri lez funtzionatuz. Urumeako ertzetako okupazioan trenbideak berebiziko garrantzia izango zuen bitartean.
Zabalgunearen eraikuntzaren bigarren fasean hiria Amara alderantz luzatuko zen Santa Katalina eta Ehungarren Urtemugaren enparantzaren artean, 1859an Amaran portua ezartzeko erreserbatuak zeuden lurretan. Ibaiaren lerrokatzearekin eta zabalera murriztearekin batera Frantziako pasealekua eratuko zuten, jauregitxo moduko eraikuntza uniformeekin inguruan lorategi-espazioak zeuzkatelarik. Linea hurbileko trenaren geltokia jarri zen ibaiaren paraleloan, zabalguneko bi etxaldeek okupatuko zuten lur-sailetan. Urte hauetako egitasmorik errepresentagarrienak ibaiertzean eta beronen bokalean urari espazioa irabazteko buruturiko obrak izango lirateke seguruenik, bai Urumearen ezkerraldeko eta eskuinaldeko Kortazarren zabalgunearen ondorengoak (Ekialdekoa, Amarakoa, Antiguakoa edota Grosekoa) erraztuko zituzten lurzoru mordoa irabaziz.
Era berean, Udalak Urgull mendia erosi eta itsas bazterreko Paseo Berria bultzako zuen. Ekialdeko zabalguneak Urumearen eskuinaldean urbanizatuko zituen lurrek Kursaaleko zabalgunearen oinarri izango ziren, hurrengo urteetan Gros auzoko eraikuntzak bideratuz. Zabalgune txiki baina garrantzitsu honek hiria itsas bazterrarekin lotzeko zuen esangura agerian utziko du, pasarte zinez emankorretan. Urgulleko itsas bazterreko espazio naturalaren berreskurapenaz gain, aurretiaz banatutako espazioen artikulaziorako eta limiteen ezarpenerako egokiak ikusten dira parke edota lorategi erako gune publikoak, hainbat eremuen arteko erlazioak eta elkarrekintzak baldintzatuz.
2. Donostian Urgull mendia inguratzen duen Paseo Berriaren hasiera, J. Oteizaren pieza eskultorikoa eta auto-aparkalekuarekin aldamenean.
3. Paseo Berriaren hastapeneko gaur eguneko arkitekturak, Aquarium eraikinaren gainean.
4. Oteizaren burdin pusketa eskalaz handituaren ikuskizuna ingurumari txit korapilatsuan.
5. Paseo Berriko baranda eta Urgull azpiko harkaitzetako kurba uhintsuak.
[1] Eugenio Elgariestak proiektatu zuen hormigoi armatuzko eraikina 1921ean, Pasaiako portuko industrien eraikuntzan lan egin zuen arkitektoa. Hasieran Ategorrieta inguruan bazegoen ere (aldamenean lorategiak eta zuhaiztia zuela, jendearen aisialdirako itsas bazter horretako zonarik oparoenetakoa), Benito Kutz Strassburgoko garagardoen eta izotz fabrika Antiguara eraman zuten, industri kontzentrazio handia bertan agertu ondoren. Zeuzkan hiru gorputzei dorre adierazgarria gehitzen zitzaioan, garaiko tipologia arkitektoniko espezifikoak jarraiki. Prozesu produktiboaren beharrizanak antolaketa bertikala eskatzen baitzuen. Benta Berriko lur-sailetan etxebizitzen kokapen masiboarekin arrasto horiek guztiak desagertuko ziren, Donostiako itsas bazterreko paisaiaren presentzia fisikoak betirako ezabatuz.
[2] Portland zementuek planta berria jarri zuten Añorga aldean 1901ean. 1929an labe modernoak eta beste zabalgune batzuk burutuko zituzten, enpresa sozietate anonimoa bihurtzearekin batera. Lantegi eta bizi-tokiaren arteko sinbiosiaren lekuko, langileen koloniak egitura industrialekin zuen elkarbizitza ikonografia aldetik ongi adierazten zen kasu hauetan (tximiniak eta elizako kanpandorrea, batik bat, teilatuen gainetik altxatuz).
[3] Tren geltoki zaharra 1863. urtean eraiki zuen Letourneurek, ia hogei urte geroago konpondua. Trenbidea estaltzen duen markesina Eiffel ingeniari frantses ospetsuaren tailerrak diseinatu zuen.