Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (VII): hiri-ingurumariko parajeetara joz

Aristokrazia eta burgesiaren handitasunaren adierazle Igeldo eta Ulia mendietako zein Martuteneko jolastoki eta parke jostagarriak ere izango dira[1]. Mende bat iraganda, Ulia mendia Zurriolako hondartzatik Pasaiako porturaino iristen den natur parkean barneratu da. Martuteneko “Campos Elíseos” jolas-parkea ere desagertua da eta Igeldo mendia izango da, hain zuzen ere, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran loratu zuten asmo aitzindarien jarraitzaile bakarra, funikularra eta Kontxaren badia gaineko bista ederrak turistentzako gauzarik erakargarrienetakoa izanik.

11. Ulia mendiko Balea-zainaren harkaitza, gaur egun landareri eta zuhaizti artean ezkutaturik, XX. mende hasierako argazkietan zuen itxurarekin.

Duela ehun urte sortu zuen elkarte pribatu berberak kudeatzen du gaur ere, alegia bere garai honenetako xarma kostata eutsi nahian. Garaiko berrikuntza eta aurrerapen tekniko eta teknologikoen[2], bisitarientzako liluragarritasunaren eta paisaia zein ingurune natural esanguratsuen arteko sintesia baitziren jolas-parkeak, hiru elementu horiek Donostian itsasoaren gertutasunarekin osatuz, ur bazterreko parajeetan[3]. Ulia mendian esate baterako, 1907an parkeari bultzada emateko transbordadore funikularra jarri zuten, airez mendiko mutur batetik bestera jendea garraiatzeko altuera hartatik ikustatu zitekeen panoramaren balio erantsiarekin[4]. Izan ere, lorategiak, ur-jolasak, pasealekuak, tenisean eta beste kiroletan jostatzeko zelaiak, jatetxeak, landetxea[5], tranbiaren edota denbora-pasako trenbide elektrikoen[6] eta bestelako azpiegituren artean bertako historia propioarekin ustez harremana zeukaten antolamendu tematikoak izan zuten nolabaiteko presentzia, Donostian itsasoarekin eta ur-fronteekin izandako hartu-emanak gogora ekarriz.

22. Balea-zainaren harkaitza, teleferikoa edota bestelako arkitekturatxo pintoreskoak elementu jostagarri legez eskaintzen ziren Ulia mendian; hala nola burgesia udatiarraren entretenigarri bilakatuak.

 

Naturaltasunaren artifiziozko paisaia-irudia

Duela zortzi mende itsasoa eta baleak ikustatzeko bertan existitzen zen talaia berreskuratzeko proiektua 1906an hasiko zuen Udalak, orduan zeuden harkaitz multzoaren gainean. Hiriko memoriaren gogorapenari erakargarritasun turistikoa gehituko zitzaiolakoan, toki abandonatu haren abantailak etorkizunerako hiriaren bilakaeran ezinbestekoak ikusten zituen Udalak, batik bat ustiapen turistikoari begira, itsas bazterraren hurbiltasuna aprobetxatuta. Ekimen horiek XX. mendeko erdialderaino jarraituko zuten, 1945-1950. urteen bitartean Ulia mendiko espazioak egokitzeko intentzioarekin, Donostiako kostako estetika urbanoaren mesedetan.

Amara eta Loiolako ibarretan, Urumea ibaiaren bihurguneetatik gora eginez dagoen Martutene auzoan landetxez osatutako zonalde bat urbanistikoki egituratu zuten, batez ere Donostia Hernanirekin lotzen zuen burdinbide elektriko eta tranbiari esker. Bertan gelditutako lur-sail zabal batzuetan aisialdirako eta kiroletarako parkea ezartzeko elkartea fundatu zuten XX. mendearen hasieran: Société Foncière et Inmobilière de Martutene[7], ahaleginak eta bat eginez Martuteneko instalakuntzek urte bete lehenago Parisen ireki zuten Luna parkearen antza eduki zezaten. Kursaal kasino bat ere eraiki zuten jolas-parkearekin batera (Alday arkitektoak kutsu exotikoarekin diseinatua), laster ‘klase guztientzako dibertsio leku’ bihurtu nahi izan zutelarik, beharbada haize arrotzaren lehen boladak sumatuz.

Denbora gutxiren barruan, Igeldoko parkea aurrekari garrantzitsua izango zuten eta burgesiak itsasoaren gertutasunaz baliatzen jakin zuen, Martuteneren gainbehera eraginez[8]. Lurzorua merkatzearekin batera, langileria eta industria jarduerak ere finkatu ziren, gaur egun industria pabiloiak etxebizitzako bloke handiekin eta nekazaritzako arrasto bakunekin tartekatuz. Izan ere, hirietako metropoliek beraien inguruneetara ‘jaurtikitzen’ dituzten azpiegitura eta zerbitzuekin modelatutako paisaia hibridoen ereduak anitz dira Euskal Herriko bazter orotan. Donostian Urumea ibaian gorako lurretan atzematen dugu fenomenoaren irudirik adierazkorrena, Bilboren kasuan Txorierri araneko erreserbako lurrak adibiderik behinenak diren gisan. Hirietako ‘atzealde’ hauek ezkutuan mantendu nahi izan diren ‘orban zikinen’ hartzaile dira zenbaitetan, Donostian industriarekin edota, modu konkretuan, Ondarretako kartzelarekin gertatu zen legez, itsas ondotik barnealderantz aldenduz.

Kuriosoa izanda ere, Donostiako eta batez ere gaur eguneko metropoliko hainbat auzok antzina bertan izandako nekazal giroko baserrietatik hartu dituzte izenak. Tradizioari loturiko egitura produktibo hauek ibaiertzak erabiltzen zituzten baratzak ureztatzeko eta abeltegiak jartzeko, funtzioetako bat hiriaren hornikuntza izanik. Martuteneko parajea ere basoz eta harkaitzez inguratua zegoen, ondoren tontorrean eraikitako jauregitxo erromantikoekin. Bilboko metropoliko auzo batzuk, aitzitik, XIX. mendean itsasadarraren ertzean ezarritako erakunde enpresari batzuetatik ere hartu dituzte izen toponimo modernoak (Urbinaga, La Iberia…), batez ere industrializazioaren eraginez sorturiko gune berri eta dentsoetan. Arkadiaren ikuskizun xelebrea, beraz, laster ordezkatu zuten fabrika itzelek Bilbon.

Itsasoarekin muga egiten, Ondarretako hondartzaren gainean XII. mendetik ezagutzen zen Hieldoko herrixka. Itsasoari begira zegoen talaian XVIII. mendearen amaieran itsasargia eraikiko zuen Donostiako Kontsulatuak[9]. Itsas bazterreko gida-elementu benetan sinbolikoa, behe lainoak oso maiz estalita funtzionaltasuna galtzen zuenez bertan behera laga zuten, nahiz eta garaiko onenetakoa izan[10]. Lehen gerra karlistan Britainia Handiko Errege Marinak itsasargiaren azpian gotorleku bat eraiki zuen: “Fuerte de la Farola”, artilleria piezak babesteko. XX. mendearen hasieran metereologia-behatokiarekin batera jolas-parkea ezarriko zuten, itsasargi zaharra eraberritu eta begiratoki bilakatuta mendiaren metamorfosiari hasiera eman zitzaiolarik, udatiarrentzat eta turismoarentzat pentsatua[11]. “Monte Igueldo” sozietate anonimoak zeuzkan lurretan atzerritarrak erakartzeko intentzioz, faro zaharrari laugarren solairua gehitu zioten apaingarri gisa, leiho handiak irekiz, sabaiko terraza eta ertzetako dorre txikiagoekin erdi aroko gaztelu baten antzean, inguruan jatetxe eta bestelako baliabideekin, bertatik begitandu zitekeen paisaia miresgarriaren erdigunean.

3. p. 172 (Igeldo elurtua)3. Igeldo elurtuaren maldan gora agerturiko etxeak, funikularra eta hura abiatzen zen plaza.

 

Bertatik Pasaiako portura sartzeko karga ontzien ikuskizuna ere egunerokoa da, Bilboko Abran gertatzen den bezala. Ongi adierazten du honek Donostiaren eta, konkretuki, Igeldoren kokagune naturala itsas bazterrean. Beste tokietan bezala, bertaratzeko funikularra inauguratu zen 1912an Huici ingeniariak proiektatua. Urte gutxiren buruan, uda-pasa etorritako aberatsek txaletak eta jauretxeak egin zituzten mendi magalean (haietariko asko desagertu eta apartamenduak eraiki dituzte), garaiko estilo arkitektonikoen adierazle: klasizismoa, modernismoa, eklektizismoa, revivalismoa (‘neo-erromanikoak’ eta ‘neo-gotikoak’), errenazimenduko tankerakoak eta baita ‘neo-ingeles’, ‘neo-barroko’ eta ‘neo-euskaldunak’. Batez ere paisaiaren aldetik bien arteko distantziak kenduta, Igeldo mendiarekin bai zerbitzuen aldetik eta baita alderdi estetiko estilistikoak kontuan hartuz nolabaiteko antzekotasuna izan nahi zuen zonaldea prestatu zuten Bilbo ondoan nahiko abandonatua zegoen Artxanda mendian. Bertarako funikularra 1915ean ireki zuten eta “skating” pistak, kasinoa, dantzatokia, zinematografoa eta kristalezko galeriak edukiko zituen. Denborak aurrera egin ahala, jatetxe berriak, kirolerako instalazioak eta ikastetxeen egoitzak bazterrak okupatu zituzten. Donostian Uliako kasuan aipatu dugun legez, Igeldon ere bizpahiru zonalde bereizten dira, itsasoarekiko aparteko perspektibak markatuz, beste garai batzuetako hondakin historiko sinbolikoekin eta haien inguruan sortutako egitura berriekin hala-moduzko anabasa estetiko kaotikoa erakutsiz.

4. Igeldo4. Igeldoko tontorrean dirauten jolas-parkearen egiturak, iragandako garaien aparteko testigantza oparo bezala heldu zaizkigu gure egunetaraino.

5. p. 140 (faroa)5. Igeldoko faroa, antzinako argazkietan eta gaur egungo egoera.

 

Era batera edo bestera, Donostian lehendabizi udatiar zein atzerritar dirudunentzat eta gero klase sozial anizkoitzentzat ezarri ziren aisialdirako jolas eta denbora-pasako parkeek ere uraren hurbiltasunak eskainitako paisaiak aprobetxatu zituzten, XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako hirigintzaren atalik bitxienetako bat idatziz. Igeldo eta Ulia mendiek itsas bazterreko onurak eskura zituzten. Martutenek aldiz ibai-ertzari lotutako balioak kudeatu behar zituen. Itsasoko lehen lerroetatik aldenduta, Martutene eta Uliakoa gainbeheran erori ziren turismoaren gorakada pasatu ostean. Igeldo mendiak Donostiako itsas bazterreko argazkirik tipikoena erakusten du oraindik, perfil ikusgarriarekin Kontxako badiaren mendebaldean.

[1] Urgull mendian, hegazkin txikiak lurreratzeko aerodromoa proposatu zuten hiritar batzuk, etorkizuneko garraiobide erabiliena abioia izango zelakoan. Askoz beranduago, Hondarribiako aireportua 1955ean inauguratuko zen, itsas bazterreko lursail lauetan.

[2] Modernitateak bultzaturiko aurrerapen hauek Donostian aisialdirako garatzen ziren bitartean, meatzeen ustiapeneko lan-paisaia kultural eta etnografikoei atxikiak geldituko dira Bilbon, Arboledako kasuan adibidez (Reineta).

[3] Gai honetan interesa dutenek eta, batik bat jolas-parkeen, ur-parkeen edota parke tematikoen desberdintasun teorikoak ulertu ahal izateko, ikus bezatela: ANTON CLAVÉ, Salvador. Parques temáticos. Más allá del ocio, Bartzelona, Ariel, 2005. Edota: CIORDIA GARRIDO, Sergio. Parques temáticos: componentes, procesos y metodologías para elaborar la tematización. Análisis de la atracción ‘Templo del Fuego’ de Port Aventura, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arte Ederren Fakultatea, Eskultura Saila (Doktorego Tesia), 2012.

[4] Torres Quevedok asmatutako bitxikeria, Uliakoa egikera hartako ia bakarra zen (beste antzeko bat Kanadako Niagara ibaiaren gainean zegoen). Aire-transbordadorea gutxi gora behera hogei urtez izan zen martxan. Ondoren, Uliako jolas-parkearen gainbehera etorriko zen. Tibidaboko parkea, Uliakoak Bartzelonan zuen anaia nagusia izango litzateke, eraikitzeko baimena zertxobait beranduago eskatu arren. Bertan ere, oraindik funtzionamenduan dirauten tranbia eta funikularra jarri zituzten, jolas mekaniko harrigarriekin batera. Temple del Sagrat Cor (Jesusen Bihotzaren Tenplua) mugarri sinbolikoa izango zen, 1902an eraikitzen hasi eta 1961ean amaituko zutena.

[5] Bertatik itsasoaren ikuskizun aparta eskaintzen zen, gaur egun etxe zaharraren harrizko hormak bakarrik diraute.

[6] Tranbiaren burdinbideekin lotura zuen Ategorrieta aldean. Paraje hartako ingurunean estropezurik ez egitea halabeharrezko baldintza zen, garaiko gustura egokitzen zen neo-euskaldun estilo arkitektonikoa erakusten zuen geltokia ere eraiki zutelarik.

[7] Garaian modan zeuden jokoen artean urarekin erlazionatutako Water-Chute zeritzonak ikusmira handia sortarazten zuen.

[8] 1925erako zeharo abandonatua zegoen, 1949an parkearen historia bukatutzat emanez Agustindar Errekoletoek lurrak erosita. Hirien metropolietako lurrak merkatzearekin batera komentu eta ikastetxe ugari agertu izan dira mendi magaletan, hauek ere hiriguneetatik ‘atzealdeetara’ eramanez zio ekonomikoak eraginda, XX. mendeko erditik hona.

[9] Kai bat eraikitzea eta Igeldoko itsas ahoa ixtea ere proposatu zuten. Azkenean, itsasargia baino ez zuten egingo. Antzina Urgull mendiko gazteluan sua edo argiontzi bat ipinita zeukaten porturako bidean itsasargi funtzioa eskainiz. Itsasoan nabigatzeko argi hori San Pedroko Kofradiak zuen jarria, 1491ean sortua berau eta maisuen zein ontzi jabeen zerbitzuan zegoena.

[10] Itsasargi berria Pironcely ingeniariak diseinatuta, XIX. mendearen erdialdean jarriko zuten, mendiaren saihetsean.

[11] Gaur egun Igeldo mendira igotzea kasik denboran atzera buelta egitearen tankerako zerbait izan daiteke, mantentzen duen usai estetiko harrigarria dela eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude