Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (VI): ekipamendu sinboliko kulturalak direla eta ezagutuko duzuen hiria

Bai monumentu eskultorikoetan, hiriko altzari esanguratsuetan eta arkitektura enblematikoetan estilo klasizista eta eklektikoak hein baten nagusituz, 1882 eta 1887. urteen artean eraikitako kasino monumentalak hirigune zaharra eta portua lotzen ditu zabalgunearekin, itsas bazterreko espazio urbanorik baliotsuenetan, Alderdi Ederreko parkeak Kontxako pasealekuarekin topo egiten duen lekuan.

Kokalekuak berak, lorategiaren paraleloan eraikinak garatzen duen geometria horizontalarekin batera, itsas bazterreko lorategiek perfilaturiko parajean, gonbidapen erakargarria suposatzen du jada. Eklektizismoaren, errenazimenduko estiloen eta modernismoaren arteko fantasiazko nahasketa arina erakutsiz autore honen arabera, korintiar ordenadun kolomek kapitelak, basak eta moldurak urre kolorezkoak izango dituzte XVI. mendean Italian eta, batik bat, Florentziako monumentuetan erabiltzen ziren prozeduren oroigarri lez, garaiko ‘neo-estiloetan’ euskarrituz. Lan eskultorikoak aipagarriak dira kapiteletan eta mentsuletan, Donostiako eklektizismoak bereak egin zituen azulejoak friso, tinpano eta arkiboltetan ugariak izanik[1]. Hiriak toki horretan bereganatutako militarren maniobra zona edertu nahian, XIX. mendeko 80. hamarkadan sortutako “Casino de San Sebastián” elkarte anonimoak proposatu eta kudeatuko zituen obrak espainiar estatuko arkitektoen artean konkurtsoa antolatuz. “Aurrera” lemapean, Adolfo Morales eta Luis Aladrének aurkeztu zuten proiektu garailea.

 

Ikur-arkitektura modernoaren, monumentuen eta hiri-altzari sinbolikoen garaia

Europa osoan entzute handikoa zen kasino honek ongi irudikatzen du jokoaren (klase sozial baten aisialdiaren), hondartzaren eta udarako hiriaren arteko harremana. Urbano bihurturiko itsas paisaiari atxikia, udatiar kulturaren adierazle izan behar zuten sinbolo arkitektonikoak gailenduko ziren turismoarentzako hirian. Hala ere, 1866tik existitzen zen Donostiako itsas bazterrean kasinoa altxatzeko ideia, baina kasu horretan, ez jada aipatu dugun kokalekuan baizik eta Urumea ibaiak itsasoarekin bat egiten duen puntuan, Bretxako merkatu ospetsua agertuko zen tokiaren ondoan. Ibaiertzeko pasealekuak eta Zurriolako hondartza izango zituen aurrez aurre, Ulia mendirainoko ikuskizun oparoarekin. Gainera, hiri historikoko ‘etxe zahar eta itsusiak’ estaliko zituen, 1813ko sutearen aurrekoak, eta merkatua bera ere, ‘hiriko aurpegirik zakarrena’ oztopatuz.

Guri dagokigunaren aldetik, Donostiako ur-fronteetako arkitektura enblematikoak beti izan dira hiri-espazioen egituraketaren lagungarri. Oraingo honetan ere Alderdi Ederreko itsas bazterreko parajean landareentzako galeria edo negutegia, akuarioa, kioskoa, aire libreko antzokia, udarako jostagarriak, belodromoa eta zenbait iturri eraiki nahi izan zituzten. 1899an Luis Armando Lebretonek kasinoaren aurrean ezartzeko bi erliebe eta Alderdi Ederreko ardatzarekin lotuko zuen iturri monumentala planteatu zituen, kale nagusietako eta Askatasuna etorbideko perspektibak ongi zainduz. Aurrekontu bat ere egina zeukaten, Pariseko “Le Val d´Osre” etxeari enkargaturiko iturriarekin (burdin fundituzkoa eta brontzeatua). Azkenean, hiri-altzari eta ‘mikroarkitekturako’ elementu horietako asko galduko ziren proiektu definitiboan[2]. Frantziako Pierre Ducasse lorazainak burutu zituen bertako lanak (Miramar jauregiko lorategia ere berak prestatu zuen, garaiko burgesia eta aristokraziak hiriak parkez eta lorategiz hornitzeari eskaintzen zion garrantziaren seinale). Monsieur Duclosek ere argi-iturria planteatuko zuen, arrakastarik batere izango ez zuena. 1886an Kontxako sarreran pilastra baten gainean lau esfera zituen erlojua jarri zen, aldi berean Madril, Paris, Londres eta Donostiako ordutegia ematen zuena. Benetan izan zezaketen funtzionaltasunaz gain, elementu hauek izan dira, azken finean, Kontxako ikuspegi monumentalaren eraiketan lagundu duten hiri-altzari sinbolikoak.

1. p.85 monte 'ruso' y Alderdi Eder1. Alderdi Ederreko “Monte Ruso” zeritzon itsasbazterreko mendixka artifiziala atzean, landaretzaz hornitua, eta garai bateko gustu burgesaren araberako iturri monumentala (urteen poderioz desagertua).

Alderdi Eder parkearen konfigurazioak, ostera, ez du iraun bere horretan gureganaino. Ducassek jarri nahi zuen landaretzak itsasoko haizeak eta neguko ekaitzak jasango ez zituela eta, mendixka batekin babestu zuen lorategia; “Monte Ruso” deiturikoa. Arbolaz beteriko basotxo oparoa, kobazuloak eta itsasorako ikustokia zeuzkan. 1813ko sutearen ehungarren urtemuga gogoratzeko asmoz, monumentu bat kokatu bahi zuen Udalak bertan. Irekitako konkurtsoan Javier Luque eta Julián Apraiz arkitektoak izan ziren garaile, Pique eskultorea lagun zutela, “Zubieta” deituriko proposamenarekin. Karrarako marmol harriaz, hiru pasarte historiko ezagun oroitarazteko basamentu triangeluarra pentsatu zuten. Horrez gain lau txirikorda zeuzkan hiriko sutearen datarekin. Goiko partean, urreztaturiko brontzezko koadriga. Monumentuak ez zuen inortxo ere asebete eta bertatik kentzea erabaki zuten, itsas bazterreko espazio urbano esanguratsuetako sinbolo gisa berriro ere arkitekturak eta hiri-altzari bereziak geldituz, ur-fronteetako eraldaketaren lekuko.

2. Vista Alderdi Eder2. Bai Ondarretako eta bai Alderdi Ederreko parke-pasealekuen traza urbanoa gaur egun.

Kasinoarekin eta Alderdi Ederreko parkearekin gertaturikoaren antzean, Urumearen bokalean Vª Eugenia antzokia eta Mª Kristina hotela eraikuntzako proiektu berberean zetozen biak batera. Eraikin enblematikoak ez ezik, aldi berean itsas bazterreko eta ibaiaren ertzeko espazio urbanoa egituratzen duten hirigintza prozesu baten barneko elementuak lirateke. Horrek adierazten digu argi eta garbi eraikinak hirigintzarekin oso lotuta daudela Donostian.

3. p. 56 (Mª Cristina & Vª Eugenia)3. Mª Kristina hotelaren eta Vª Eugenia antzokiaren kokapen estrategikoa Urumearen bokalean.

 

Itsasoaren aurpegitik ibaiaren ertzetara

Donostiako “Sociedad Anónima de Fomentok” hiriaren erdigunean kokatu nahi zuen hotela baina itsasoarekiko perspektiba galdu gabe. Antzokiaren kasuan, erdigunearekiko hurbiltasuna egoki kontsideratzen bazen ere pasealekuak eta lorategiak izango zituen lurzoru propioa hobesten zuten. Horrela, Miramar kaleak, Askatasuna etorbideak eta Kontxako pasealekuak mugatutako triangelua aukeratu zen hotela eraikitzeko, eta antzokia Zurriolako lorategietan. ‘Kontxako triangelua’ deitzen zitzaion ur-fronteko espazio esanguratsuan hotel bat eraikitzea bidezkoa ez zela uste zuten batzuk. Egitasmoaren bultzatzaileek hotela antzokiaren toki berean kokatzea proposatu zuten orduan.

4. Mª Cristina & Vª Eugenia4. Aipatu eraikinen posizio urbano arras pribilegiatua Donostiako ur-fronterik esanguratsuenetan.

Konpentsazio gisa, Udalak ‘palmarium’ edo negurako pasealeku sabaidun bat eraiki zezatela nahi zuen. Aitzitik, espainiar estatuko administrazioak proiektua galarazi zuen ibaiko uretan sortu ahal ziren arazoak ikusita, obrek nabigazioa hobetzeko plangintzari ez baitzioten arretarik eskaintzen. Proiektu definitiboak hotela eta antzokiaren eraikuntza lurzoru berberean aurreikusi zuen baina eraikuntza-lerroa atzeratuz, eraikinen eta Okendo kalearen artean bi ilara zuhaitz onartzeko beste. Hotelaren planoak Charles Mewes arkitekto frantsesari eskatu zizkioten eta antzokiaren aurreproiektuen konkurtsoan (arkitekto donostiarren artekoa) Francisco Urcola aukeratu zuten. Galdutako espainiar inperioaren handitasuna ‘atzerritar estiloen’ kontra berreskuratzen zuen ‘neo-platereskoa’ modan zegoen orduan, elementu apaingarrietan gehiago konposizio arkitektonikoan baino[3]. Fatxada garrantzitsuenek eta sarrera printzipalek ibaiertzeko pasealekuari aurrea erakusten zieten, atzealdeak lorategietara emanez. Estruktura hormigoi armatuz eginikoa bada ere, garaiko ohiturari jarraiki fatxadetan harearria eta harlandua erabiliko zituzten. Vª Eugenia antzokiaren aldean, Mª Kristina hotelaren estilo eklektikoa askoz kosmopolitagoa da, internazionalista eta frantses eraginarekin. XX. mende hasierako eklektizismoan mugimendu biek hartuko dute parte, eta biak ere izango dira Donostian errepresentagarriak ibaiertzeko hiri-egituraketan.

5. Mª Cristina balak5. Eraikin paradigmatikoen fatxadako xehetasun batzuk.

 

Eraikin bien arteko espazio publiko urbanoan Okendoko lorategiak agertuko ziren, bertako elementu eskultorikorik enblematikoena Marcial Aguirreren monumentua izanik (1895), Okendo almirantearen omenez. zuzkidura herrikoi eta instituzionalaz eraikia, errealismo klasizista eta neorrenazentista elkartuko lituzke, base erraldoian sinbologia anitza agertuz (gerraren eta itsas armadaren alegoriak, bere bizitzako pasarteak eta baxuerliebeak). Mutrikuko eta Ereñoko harria erabili zuten, igeltsuzko estatuak ondoren Bartzelonan fundituz. Monumentu adibiderik paradigmatikoenetakoa.

6. Okento Mª Crist. eta Vª Eugenia baino lehen, p.2876. Okendoko lorategiak Mª Kristina hotela eta Vª Eugenia antzokia eraiki aurretik, infanteari eskainitako monumentu handiarekin. Azpian, gaur eguneko argazki eta inskribuak.

Bestalde, aipatu dugun espaziotik oso gertu, eta ibaiaren beste ertza aldi berean Gros, Zurriola eta zabalgunearekin lotzeko zubiaz gain Kursaaleko kasinoa irekiko zuten 1922an, populazio udatiarraren ‘itsas tradizioa’ areagotu ahala ur bazterreko lurrak irabaztearekin. Lehiaketaren sari nagusia Pariseko M. Augusto Bluysen arkitektoari egokitu zitzaion. Frantses gustuko eklektizismoa erabili zen hemen ere, garaiko modak hobesten zuenaren arabera arrisku originalik hartu gabe. Hori bai, itsasgainean sinbolikoki aurrera egingo zuen zabalgunearen martxari bultzada ematen zion, beren-beregi itsas bazterrean aukeraturiko orubean. Eraikin honek, kokapenik apartekoenetan egonagatik ere, ez zituen Donostiako idiosinkrasia urbanoan sustrai irmoak errotuko eta, beraz, ez zuen denboraren iragana zutik jasango, XX. hamarkadan eraitsia izanik[4]. Bestelakoa izango zen Alderdi Ederreko Kasino Handiaren etorkizuna, Donostiako eraikinik ezagunenetakoa.

 

Erabilgarritasun funtzio originala galtzen duten arkitekturak eta elementuak

1927an Donostiako Udalak Alderdi Ederreko kasinoaren eraikina okupatu aurretik (1923tik jolaserako funtzioa galduz) udaletxeko instalazioak urriak zirela eta izan zen utopiaz beteriko proiekturik. Bilboko itsasadarrean Areatza aldeko parte baten estalketa proposatu zen bezala, Parisen eta beste hiriburu batzuetan XIX. mendean ohikoak ziren galeria komertzialak ezartzeko, Donostian ere Santa Katalinako zubitik Mª Kristina zubiraino zihoan Urumearen zatia estaltzea zilegi ikusi zuten, Udalaren dependentzia batzuk bertan biltzeko. Zorionez edo zoritxarrez, ibaietako ur-fronteekin eta modernismoaren garaiko paisaia urbanoekin horrenbesteko harremana izan zuten beira eta burdinazko egiturak zituzten pasadizo hauek ez ziren gauzatuko ez Bilbon ezta Donostian ere.

Urumeako zubietan ikusi dugunez, nahiz eta eraikuntzako prozedura eta material berriak ezagutu (hormigoi armatua, e. a.), zabalguneko zein ur-fronteetako hainbat eraikin enblematikoen eraikuntzan erabilitako material nobleen artean izaera, kolore eta ehundura desberdinetako harriak eta harlanduak oso preziatuak ziren[5]. Maiz Euskal Herritik bertatik ekarria, Mutrikuko harriaz edota Ereñoko marmol arrosaz gain Donostiako Ulia mendiko harearria eta Igeldoko harrobietako kareharri urdina ia ezinbestekoak izaten ziren. Ulia eta Igeldo, hain zuzen ere, Donostiak itsas bazterreko badiarekin muga egiten duen lurmuturretan, eraikuntzarako harriaren iturburu izateaz gain turismoarekin eta ur-fronteetako paisaiaren egituraketa esanguratsuarekin erlazionaturiko beste jarduera batzuengatik ere izango dira ezagunak, jolas-parke eta aisialdirako gune bihurtuak XIX eta XX. mende-mugan.

 

[1] Termino honek aditzera emaniko kontzeptu edo kategoria artistikoaz, batez ere Donostiako testuingurura mugatuz, ikus, besteen artean: GRANDÍO, Yazmina. Urbanismo y arquitectura ecléctica en San Sebastián (1890-1910), Donosita: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, Grupo Dr. Camino de Historia Donostiarra, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 1987.

[2] Kontrako ahots batzuk ere agertu ziren Udaleko bilkuretan. Alde batetik, mendixka artifiziala kentzea ez zuten nahi (zuhaitzak itsasoko haizeetatik babesteko egin baitzen). Bestetik, lehen mailako beste obra batzuk ezinbestekotzat jo zituzten zinegotzi batzuk; argiztapen publikoa, Ulia zein Loiolako errepideak edota auzo deprimituetako hobekuntzak. Horrela, bizitza oparoa zuen hiriak ezin zuen ‘alferrikako gastuak’ onartzen jarraitu une oro populazio masa handi baten beharrizanak alde batera utzita.

[3] Motibo loredunak eta platereskoaren medailoiak bustoekin agertuko ziren, Tragedia, Musika, Dantza eta Komedia irudikatzen dituzten José Iñiguezen talde eskultorikoekin hiruki erako frontoietan. Solairu printzipaleko terrazak eta frontean busto handiak dauzkaten dorreak arkitektura horren ezaugarriak dira.

[4] Bere lekuan etxebizitzak egin nahi izan zituzten. Hala ere, 1964an nazioarteko konkurtsoa ireki zen beste eraikin bat aukeratzeko intentzioarekin. Kaliforniako Lubycz-Nycz arkitektoaren ekipoak irabazita, brasildar batzuei eman zieten bigarrengo saria. Aurreproiektua bideratzeko botere ekonomikoa izango zuen promoziozko entitate baten gabezia nabaria zen, eta gainera Ameriketako Estatu Batuetako taldearen asmoa burutzea ezinezkoa zen. Dagoeneko 1970ean brasildar ekipoaren ideian sartutako aldaketek ere atsegingarritasuna gutxitu zioten zeharo. Beste lehiaketa bat konbokatu zuten orduan gonbidatutako arkitekto talde murriztuarekin. Ondorioz, J. A. Corrales Gutiérrez eta R. Vázquez Molezúnek osatutako elkarteari proiektuaren elaborazioa eskatu zioten, ondoren L. Peña Ganchegui gehituz. Euren egitasmoak dorre bat planteatzen zuen hotelaren eta etxebizitzen arteko elementu egituragarri garrantzitsu gisa baina, beste instantzia batzuekin desadostasunak medio dorrearen desagerpenak interesa kenduko zion proiektuari. Kursaala eraitsi zutenean ez baitzuten definitu hurrengo eraikinaren estilo ezta funtziorik.

[5] Ehun urte beranduagoa kontrakoa gertatuko zen, neurri batean, Chillida eta P. Gancheguiren Haizearen Orrazian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude