Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (IV): arkitekturatxoak eta hiriko altzari sinbolikoak

Itsas bazterrean, Miramar Jauregiak erdi aroko ‘neo-estiloak’ hartuko ditu eredutzat[1], bertatik iragaten den errepidearen eragina gutxitzeko tunel faltsu bat eraikiz hondartzaren ondo-ondoan, etorkizunerako Kontxa eta Ondarretako hondartzen muga argi eta garbi markatuko zuena, badiaren bi alderdiak bereiziz espazio urbanoaren estrukturak berak aurkezten dituen antolaketa diferente eta desberdintasun estetikoekin.

Iberiar Penintsulako lehen mailako hondartza izanda, zerbitzu ugari ezarri edo hobetu beharko zituzten; horien artean uren ekarrera, zoladura eta argiztapena. Hiri-espazio zinez monumentalak beharko zituen, beraz, eraikin paradigmatikoez gain izaera bereziko hiri-altzariak. Horien lekukorik apartekoenek itsas bazterreko eta, orokorrean, ur ertzeko Donostiaren bereizgarri den irudirik estetikoena eskaintzen digute. Kontxako barandaz gain, erlojuak, barometroak eta lanpara batzuk ere itsas bazterreko burges-hiriaren irudia definitzen diguten hiri altzari sinboliko eta monumentalenetarikoak lirateke.

Aldayren Kontxako hegalarekin batera (1993an Joaquín Zubiriaren proiektuarekin berreskuratua), Ramón Kortazarek eskala txikiko funtzio konkretudun arkitektura adierazkor batzuk proiektatuko zituen (Erreginaren bainu etxea, gaur egun Eguzki elkartea dagoen lekua), hondartzaren eta espazio urbanoaren tarteko lerroan Donostiaren ikuskizunik tipikoenetarikoak eskaintzen dizkigutenak, irizpide estilistiko eklektikoak berriro ere eskuratuz eskarmentu gutxiko etapa modernistaren ostean.

Lurzoruaren kotak salbatzeaz gain “La Perla del Océano” bainuetxeak horizontaltasun eta simetria nabarmena markatzen du bai arkitekturaren konposaketan eta baita itsas bazterreko paisaiaren egituraketan, Kontxako hegalaren arkupeekin nolabaiteko jarraitasuna bilatuz. Izan ere, 1920ko hamarkadan bainularien egurrezko kabinak hondartzatik desagertu ziren hegalaren azpiko kabina lurperatuek ordezkatuta[2]. Erabaki honek espazioa liberatu zuen hondartzan kondizio higienikoak hobetuz eta ohikoak ziren ikuspegi estetikoak eraldatuz. XX. mendearen hasierarekin partikular baten jabegoa zen egurrezko barrakoia kendu eta Kontxari behar zuen duintasuna emango zion bainuetxe berria eraiki nahi izan zuten, haren izena eta erakusten zuen egoera txarra ez baitzetozen bat, ez alderdi estetikotik ezta probetxagarritasunetik ere.

1-p-145-quiosco-en-la-concha1. Donostiako “La Perla del Océano” bainuetxearen aurrekariak eta eraikin definitiboa. Azpian, Kontxako hondartzan izandako erreginaren kabinak; 1965 eta XX. mende-hasieran.

Bestalde, bai “La Perla” bainuetxe zaharberrituak eta baita bere aldameneko eraikin txikiagoek, hondartzara jaisteko aldapa eta eskailerak barne, itsas bazterrean eraikitako hiriaren lehen lerroko etxeen perspektiba ez oztopatzea zuten helburu, pasealekuan eta hondartzan ahalik eta integratuen gelditzeko nahiarekin.

23-vista-perla2-3. “La Perla del Océano” bainuetxearen eraikina bai hondartzatik eta baita itsas lerro esanguratsuko pasealekutik erakusten dituen xehetasunekin.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

4. Kontxako hegaleko eraikin enblematikoak eta arkitekturatxoak.

Kontxako kosta-lerro pribilegiatuan izan ziren XIX. mendetik XX.era abiaturiko urte horietan ezerezean gelditutako edota oso denbora gutxi iraundako egitasmo ugari ere, itsas bazterreko paisaiak lotuko zituztenak alegia. Kontxan beste bainuetxe bat jartzeko intentzioari Udalak uko egin ostean[3] (pasealekutik itsasoaren ikuskizuna galaraziko zuelakoan), hondartza horretako ipar-ekialdean bertan kokatuko zen arrainak hezteko parkea, ondoren Club Nautikoak bereganatuko zuen lotura-espazioan. Alderdi Ederreko kasinoaren aldamenean kokatua, eraikinak ezin zuen oztopatu itsasoarekiko perspektiba urbanoa, lerro hauetan adierazi bezala. Azpiegituraren ustiapenerako enpresak portada-ate bat jarri nahi zion egiturari ur bazterreko murrutzarraren eskaileratan eta Udalak eraisteko agindu zuen lehenbailehen, garaiko argazki batzuetan horrelaxe agertzen bada ere. 1899an eraikina handitzeko baimena eskatuta, Udalak betiko eragozpen estetikoak kontuan izanda ezezko borobila emango zion, begien bistatik gora egingo zuen pantaila efektua onartezinezkotzat jota.

 

Itsasoarekin eta ibaiarekin jolasean

XIX. mende bukaerako hamarkada horren hasieran itsasoko uraren indarra aprobetxatuz energia lortzeko proiektua aurkeztu zioten Udalari, indar hidraulikoa bai lantegietarako, bai estolden garbiketarako edo baita argiztapen elektrikorako baliagarria izango zelarik. Udalak begi onez hartu arren mareen indarraren probetxurako mekanismoak behar izanez gero instalatuko eta erabiliko zituela erantzun zuen. Lehenago aipatu dugu Urumea ibaian mareen indarraz mugitzen zen errota zaharra[4]. Energia-iturri izan zitekeen honako azpiegitura hau, noski errota baino askoz modernoagoa litzateke, hiriak beharko zituen zerbitzuak ziurtatzeko[5].

Handik urte batzuetara Kursaal berri bat Kontxan eraikitzeko ontziratokia eta moila baten erabilpena eskatu zuen partikular batek. Udalaren kezkei garaiko Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren desadostasuna gehitu zitzaien, beti bezala eraikin berriak hondartza izorratuko zuelakoan eta inolaz ere konpentsatuko ez lukeelako itsas bazterreko ikuskizun zoragarria. Gainera, estropadak ere oztopatuko zituela argudiatuz, funtsean Kontxako panorama eta itsasoko zein ibaiaren bokaleko perspektibaren galera salatzen zuten batzuk eta beste batzuk.

Zabalguneak eta bere ondorengoak itsasoko lerroari zein ibaiari nola hiria hurreratzen zioten kontuan izanda (kostako ur-fronteetako espazioen fenomeno urbanoak urte horietan zuen kutsu burgesa ahaztu gabe, buruturiko nahiz burutu gabe geldituriko proiektuekin), espazio historikoetan ur bazterreko hiriak nolako itxura zeukan portuko elementu adierazgarrietan ikusi dezakegu behinik behin. Hiriguneak limite zehatza zuen lehen aipatu dugun “Portaletas” deritzon atearekin. Ate horrek markatzen zuen harresien barneko hirigunearen eta kanpoko (itsas bazterreko) portuaren arteko muga. Hor ez egoen, beraz, paisaiaren jarraitasunik, zabalgunetik hondartzarainoko perspektibekin Kontxako badian bezala, baizik eta harresiak modu argian bata bestearengandik banatzen zituen espazioak (tradizioan erroturiko hiri historikoaren eta hiri burgesaren arteko desberdintasun nabaria, alegia). Portaletaseko atea aipatzeko orduan, hortaz, ezin dugu ahantzi Donostiako lehenengo harresiek kasko urbanoa moilarekin komunikatzen den itsas bazterreko muga lerroan hasiko zirela finkatzen, ziurrenik.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

5. Portaletas atea, portuko espaziorako sarrerarik nagusienetako alegia.

Beste ate bat ere existitu zen bizitza nahiko gatazkatsua izango zuena (XVI. mendean itxi zuten gero berriz zabaltzeko, XVII. mendearen erdialdean betirako itxi zuten arte). XIX. mendearen erdialdean eginiko portuko lanetan ate berri bat ireki zuten Ingenteako harresian, nasetarako gurdien sarrera zuzena ziurtatzeko (hau ere eraitsiko zuten 1871ean). Ingenteako atea eraikitzearekin batera, aldiz, Portaletas edo Itsas Ateak aldaketak izan zituen 1856an bere estruktura sinpletuz eta teiatutxoa jarriz. 1879an portu ondoko harresiak ere desmuntatuak izan ziren 2.70 metroko altueran, aurreko kaleko eraikuntza posible egiteko, atearen itxurari eragingo zion goiko pasealekua kokatuz. Gainera, nasako eta kaietako aktibitate izugarriak zerbitzuetarako txabola anitzen pilaketa eragin zuen ate historikoaren inguruan. Ateari gaur duen morfologia emango zioten obrak 1921ean burutuko zituzten, teilatua kendu eta jesarlekuak zeuzkan terraza eraikiz. Goikoa pasoa berregituratuta jadanik parke bihurtzeko bidean zegoen Urgull mendirako igoera ere erraztuko zuten[6]. Urte horretan garbitoki berria eraikitzen zegoen, harresiaren itsas fronteko paretan sekulako transformazioak gertatuz.

[1] Selden Wornum arkitekto britainiarraren proiektuaren araberakoa, Kontxako badiako kokagune singularrean finkatutako jauregiak Donostiako itsas bazterreko paisaia osatzen du. Sarrerako dorreak konposaketa arkitektoniko egituratzen du, topografiari egokituz alkazar erako ikuspegi erromantikoa suposatzen duelarik. Ingurune guztiari darion izaera pintoreskoaren ildoan, aldameneko parkea ere tokian tokiko baldintza geomorfologikoetara egokitzen da altura handiko zuhaiztiarekin.

[2] XIX. mendean kabina edo etxetxo horien jabeek gurpilen bidez mugitzen zituzten itsas bazterreraino, bainu hartzaileen erosotasunerako.

[3] 1908an beste neguko bainuetxe bat ere kokatu nahi izan zuten. Udalak aurka egin zion honi ere, hondartzari lurzorua lapurtzea eta hiriarentzako ‘atentatua’ zela argudiatuz.

[4] Kostako gizarte tradizionalean erroturik zeuden mekanismo hidrauliko hauek funtzionamendu ziklikoa izaten zuten. XIX eta XX. mendeetaraino iraun zuten batzuk baina ordurako gainbehera nabarian zeuden, energia mota hura zaharkitua geldituz zihoalako eta baita itsasadarretako paduren sikatze prozesuak etengabeak izan zirelako. Hala ere, beraien presentziak litoraleko paisaien eraldaketak eragin zituen beste garai batzuetan. Kostako paisaiaren transformazioak eraginez, marea-errotak teknikaren historian integraturik leudeke batez ere errepresentazio grafikoek eskainitako ezagutzaren arabera. Erriberako gizarteen ispilu sozial, ekonomiko edota estetikoak eta beraz, kontserbatu, babestu eta berreskuratu beharreko geure ‘kultura materialaren’ lekuko adierazgarriak. Atlantikoko kostaldeko ondarearen parte inportante eta bitxia izaki, Europako itsas ondarearen elementu garrantzitsuak kontsideratzen dira. Gurpil hidraulikoek zeukaten diferentziez gain materialaren erabileran ere desberdintzen ziren, batzuk egurrezkoak eta gehienak harrizkoak izanik, Urumea bertakoa adibidez. Gai honi buruz informazio gehiago izateko ikus, besteak beste: AZURMENDI, Luis. “Molinos de marea”, FABRIKART (Arte, Tecnología, Industria, Sociedad), 5. zenbakia, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2005; 76-91. orr.

[5] Hondarribian errekuperatu nahi izan zute modurik sinbolikoenean marearen indarra lehengai zuten antzinako baliabideen memoria, kutsu etnografiko nabaria zuen proposamen artistiko batekin.

[6] Portaletas-en azken zaharberritzea 1988an burutuko zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude