Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (I): zabalgune historikoaren lehen santsuak

Zabalguneak hirigintzaren kontzeptu berri baten sorrera suposatzen duela argiro esan daukagu. Espazioen antolaketak, kale sarearen egituraketak, ekipamenduen organizazioak eta garraiobideenak Europan ohikoak ziren hirien morfologia zeharo aldatuko du, hiriak definitzeko ‘tradiziozko’ moduak erradikaltasunez hautsiz.

Zabalguneen garaiko hiri modernoetan nabarmenagoa izango da espazioen segregazioa ere; hau da, nolabaiteko hirigintza teleologikoak gune eta auzo funtzionalak proposatzen zituen bakoitzaren helburuen arabera. Asko laburbilduz, ezagun da Bilbon burgesiaren etxebizitzak langileen auzuneetatik aldenduta zeudela, kasurik gehienetan bederen, segregazio horren eskenatokirik bikainena itsasadarraren bi alderdiak izanik[1]. Donostian ere laster hasiko ziren udatiar burgesiaren eta baita burgesia propioaren pribilegiozko habitat aukeratuak gainontzekoetatik bereizten, langileria adibidez itsasoarekin eta ur-fronteekin harreman hoberenak zituzten tokietatik aldenduz. Ezen, Donostian ur-fronteak burges hiri eroso eta ordenatuari atxiki zaizkio, Bilbon ez bezala, industriaren kokapenaren lekuak izaki. Portuko kasuan ere, adierazgarriak dira moiletan sorturiko etxe ilarak, aurreko sarreran aipatu genituenak.

Nola edo hala, Udalak deitutako konkurtsoaren oinarriek argi eta garbi finkatzen zituzten forma urbanoa aurreikusiko zuten zenbait irizpide. Zabalguneak komunikazio egokiak mantendu beharko zituen hirigune zaharrarekin, portuarekin eta trenbidearen estazioarekin. Hiri berriak batez ere merkatalgoaren beharrei erantzungo zien arren, pixkanaka goraka zihoan izaera turistikoa ere kontuan izango zuen, trenbidearen eta portuaren arteko loturek hondartzan eta itsas bazterreko ikuspegietan gehiegi interferitu gabe. Hasiera-hasieratik hirigune historikotik eta zabalgunetik aldenduta gelditzen ziren zonaldeetan ikusi zuten industriaren jarrera. Beste behin blog honetan bertan aipatzen genuen gisan, gurari hauek berdintsu mantenduko dira XX. menderaino, industria begi-bistatik eta ur-fronte baliotsuenetatik ezabatzeko intentzioak, oro har, Donostian arrakasta nabaria izan duelarik. Aireztapen ona eta higiene egokia lortzeko garaian zeuzkaten buru-hausteek itsasoaren laguntza zuten Donostian, zabalguneetako ikerketan itsasoko haizea garbitzailea eta osasunerako ona zela ondorioztatuz. Boterean zegoen burgesiak bere nahietara moldatutako hiria defendatzen zuen beste toki askotan bezala (horien artean Bilbo eta burgesia industriala), horretarako araudi sorta ere antolatuz: 1864ko zabalguneen legea.

1. 003473 Euskomedia1. Zabalguneko kaleen prestaketa eta atontze-lanak, Euskomediako artxiboko argazkia.

Bilboko zabalgunean ez bezala, konturatuko gara adibidez Donostiako zabalgunean ez direla existitzen elkarketak hobetzeko kale diagonalak. Aitzitik, lurzoruak berak Kontxako badiaren kurba eta Urumearen ibilbidea kontuan izatera derrigortu zuen. Kale nagusi lez Santa Katalinan hasi eta hondartza aurrean bukatzen den kale nagusi bat estruktura urbanoaren ardatz nagusia dela ikusiko dugu aurrerantzean eta, era berean, gerora bai itsas bazterreko eta baita ibai ertzeko ur-fronterik garrantzitsuenak lotuko dituena, hiri-ikuspegi eta espazio urbano desberdinen giltza izanik (hirigune zaharra, portua, zabalgunea eta ibaiaren beste ertzeko zabalgune berriak). Espazio publikoen, azpiegitura enblematikoen, etxebizitzen eta tipologia estilistikoen erlazio nahiko harmonikoak denboran garatutako proiektu kolektiboaren eta hiriaren bateratasunaren ideia areagotu duela ematen du Donostian (aspektu urbanistiko, arkitektoniko eta, oro har, estetiko artistiko eta estilo kontuak oso loturik izanik, zabalgunearen ‘obra kolektiboaren’ mesedetan), sare edo mintz arrazional eta hierarkikoa erakutsiz beti ere ura eta hiria kateatzeko arazoarekin.

2

32-3. Donostiako portua, alde zaharra, zabalguneko espazioa eta Zurriola zein Groseko parteak lotzen dituen kale printzipala airetik ikusia. Beheko argazkiko ikuspegi zabalagoan atzeman daiteke nola ardatz egituratzaile garrantzitsuenetakoa suposatzen duen, ardatzaren luzapen sinbolikoak bisualki badiaren bestaldeko Antiguarekin lotuz.

4. Urumea4. Urumearen ertzetako hiri-bilbea Donostiako zabalgunean lotura gisa funtzionatzen duen kalearekin.

[1] Salbuespenak ere baziren, kasurako Zorrotzaurreko penintsulan (Deustuko Erribera hartzen zuen portuko gune industriala) XIX. mende amaieratik eta XX. mende hasieratik existitzen ziren etxebizitza burges batzuk, gaur eguneko proiektuen baitan zaharberrituak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude