Ur-fronteak eraikitzen (II): portuaren eta hiri-zabalgunearen arteko espazio-estutasunak

Portuaren nolabaiteko galerak zabalgune urbanoaren mesedetan Donostiako hiri paisaiaren egituraketan bihurgunerik adierazkorrenetako bat aurkezten du. Mentalitate produktibo eta komertzialak beste era bateko agerpen fisiko eta estetikoak dituen produkzio kultural eta turistikoaren aukerak areagotzeko egindako bira horretan Santa Klara irlak ere funtzio sinbolikoa izango du.

XVII. mendetik uharte horretan ainguraleku bat egiteko asmoa airean zebilen, XIX. mendearen erdialdean plan berezi batek gorpuztuko zuena. Donostian ez ezik Kantauri osoan ere eragina izango zuen, Santanderretik hasi eta Baionaraino barrarik ez zeukan porturik existitzen ez zela kontsideratuz, itsas zakarrarekin ere itsasontzien sarrera ahalbidetzeko. Ainguralekuaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoa zen Igeldoko ahoan moila bat eraikitzea eta baita beste bat ere Santa Klara uharteko hegoaldeko erriberan. Zenbait ezbaien ondoren proiektua Lafarga ingeniariari enkargatu zioten 1870ean. Ordurako hiri berriaren ikuspegi turistikoa goren mailan zegoen, eta ingeniari honen arretak eta dudak agerikoak ziren, bere esfortzua ezerezean geratuko ote zen.

 

Kontxa eta Santa Klara tartean; hiriak jan gabeko espazio ureztatuan

Lozorroak, hala ere, ez zuen gehiegi iraun eta 1916an berriro bizkortuko zen Kontxako badia Santa Klara eta Igeldo tartean ixteko proiektu berpiztuarekin. Itsas bazterreko paisaia horren itxuraketa geologikoan aldaketak atzematen zituzten gainera, Igeldoko oinean zegoen kanala oztopatzen zuten zenbait arrezife eta arroken desagerpenarekin. Horrek kostako korronteen intentsitatea areagotu zuen hondartza txikituz eta ainguralekuaren kondizioetan ere eraldaketak iragarriz. Hormigoi hidraulikodun dikearen eraikuntza Santa Klaratik eta Igeldotik hasiko zen aldi beran, errakuntzarik txikienak ere izan ahal zituen eragin bortitzen arriskua murrizteko. Argi baitzeukaten, izan ere, saiakera guztiek huts egin zutela hondartzak zapuztearen beldurrez, eta oraingoan ere horixe berbera izango zen egitasmoari uko egiteko arrazoia[1]. Itsas bazterrean eraikitzen hasitako dikearen aurriek iragandako denboraren testigu gelditu zaizkigu, hiriaren egituraketan izandako intentzio galduen traza eta arrasto sinbolikoak, beti ere belaunaldi bakoitzak bere garaiko estetika urbano konkretuari men eginez. Portua eta hondartza, beti izan baitira hirian kontu mingotsak.

1. Ondarretako dikea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

1-2. Ondarretako dikearen aurri urperatuak, itsasbehera denean partzialki ur-mailaren gainetik agerian gelditzen zaizkigunak.

Segituan pasatuko zen Santa Klara uhartea portu komertzialerako kokagune posiblea izatetik aisialdirako paraje bilakatzera. Lehendik ere, kioskoak, pasealekuak eta hiri-altzari xelebreak ezartzeko baimenak eskatuta zeuzkaten baina erantzunik jaso gabe, hiriaren beste ikuspegiak (komertzialak eta itsas garraiokoak) oraindik zilegitasuna zuenean. 1880ko hamarkadaren azkenean lorategiz inguraturiko txaletak eraikitzeko proposamena luzatu zion Udalari partikular batek, beti ere ainguralekuaren proiektuak aurrera egingo bazuen oztoporik jarriko ez zuela zin eginez, ezta biltegien, arrantzaleen etxeen edota bestelako ekipamenduen eraikuntzari ere. Udatiarrentzako ekipamendu berri horien artean zegoen Santa Klara uhartea hiriarekin erlazionatuko zuen trenbidea. Gezurra badirudi ere, irlaren urbanizazioarekin batera trenbide elektrikoa jarri nahi izan zuten 1890eko hamarkadan, Kontxako badiaren hondoan tinkaturiko piloteen gainean, zubi edota pasabide metalikoa eratuz. Tentsio funtzional eta sinbolikoak nabariak ziren orduan ere, ezen portu komertziala zabaltzeko ainguralekuari espazioa kentzea ez zitzaien iruditu inolaz ere zilegi, trenbidezko lotura hori ezartzeko baimenak behin eta berriro eragotziz. Bestalde, Kontxako hondartzaren balioa ere aldarrikatzen zen itsas bazterreko paisaiaren edozein berrikuntza edo aldaketa lupaz miatua izateko. Kasu honetan hondartzaren uniformetasuna eta estetika mozteko arriskua nabarmentzen zen.

3. Rascacielos Ondarreta3. Santa Klara uhartean tinkatuz Kontxako badiaren gainetik proiektaturiko kableak. Argazki muntaiaren gibeleko planoan 1960ko hamarkadaren erdi-mugan Ondarretan eraiki nahi ziren dorre edo haize-orrazien panorama eskaintzen zaigu.

 

Portua ez bada beste era bateko etekinen bila; inguruko mendi-tontorrak lekuko

XIX. mendea amaitzeko urte pare bat baino falta ez zirela berriro ere nolabaiteko protagonismoa izango zuen Santa Klara uharteak aisialdirako azpiegiturekin, ez aldiz merkatalgoarekin edota portu komertzialarekin. 1898an bidaiariak Kontxako hondartzaren eta badiaren gainetik Urgull eta Igeldo mendien artean garraiatuko zituen airezko kablea muntatu nahi izan zuten, itsasoaren mailatik ia 100 metroko altueran. Bertaratzeko bi funikular eraikiko zituzten, bata Igeldon eta bestea Urgullen, hiritik zebilen tranbia elektrikoarekin komunikatuz. Airezko kableak Santa Klara irlan edukiko zuten lotura, burdinazko egitura handi baten gainean. Proposamenaren egileak bazekizkien Udalaren eragozpenak eta hiriaren erakargarritasuna zein berezko balioak areagotuko zituela defendatzen zuen. Azkenean ezerezean gelditu bazen ere, itsas bazterreko hiri-paisaiaren egituraketa esanguratsuan pieza klabea izan zitekeen; lehen aldiz kontsideratzen baitziren Donostiako itsas ondoko paisaiaren hiru elementu natural adierazkorrenak elkarloturik: Igeldo eta Urgull mendiak, tartean Santa Klara uhartea oztopo baino lagungarri zutela.

Bai honaino eta baita hemendik aurrera modu zuzenagoan ikusiko dugunez, mendixka horietako bakoitzak funtzio sinboliko konkretu batzuk bete izan ditu Donostiako itsas bazterreko hiri-paisaiaren eraiketa historiko eta estetikoan. Alabaina, beti funtzionatu izan dute elementu solte bezala, fenomeno urbano adierazkorra bateratuko zuen ideia edo proiektu benetan komunak usaindu gabe (Igeldon funikularra, jolas-parkea eta etxebizitza garestiak, Ulian ere jolas-parkea eta teleferikoa, Urgullen militarren aurri historikoak eta Santa Klaran urbanizazioak, lorategi-parkeak eta portuaren hazkundea, besteak beste). Izan ere, horrela ikusita Urgulleko, Uliako edota Igeldoko paisaia kulturalak Donostiaren historia zaharrarekin lotzen gaitu, antzinako aroekin, Igeldoko azpiegiturek aisialdirako aurrerapen teknologikoekin eta Santa Klarak beti jaso ditu Donostiako hiri-ideiaren kontraesanak, komertzioaren eta turismoaren aldeko eztabaidetan; bai Kontxan, Grosen edo Antiguan eta Urumeako paduretan jaio ziren kontzepzio desberdinak kostako badia inguratzen duten hiru tontor hauetan nola edo hala errepikatuz. Azkenean, zabalgunearen aferarekin, hauek ere udatiarrentzako, aisialdirako eta turismoarentzako espazioak egituratuko zen, eztabaida horietan garaile nortzuk izan ziren argituz.

44. Ulia mendian funtzio erabilgarria betetzen zuten arkitekturak, Donostiara ur-ekarria ziurtatzeko.

55. Ulia mendiko arrastoak, XX. mendearen hasieran bertan finkatu ziren egiturek laga dizkigutenak.

[1] Ortzi-mugari so, José Lopetegiren busto batek José María Iturri jauna oroitarazten du 1977tik. Pertsonaia ezaguna izan zen berori Santa Klara uhartearen defentsa sutsuan, Francisco Escuderok musikaturiko irlaren ereserkia ere idatziz (1914tik 1977ra bizi izan zen).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude