Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa VI: XX. gizaldiko azkenaldia eta mende aldaketa

Denborak aurrera egin ahala, 1972an Kursaala eraitsi zen Grosen eta zezen-plaza zaharraren desagerpenarekin batera itsasora hurbiltzen zihoan auzo berriari utziko zioten lekua. 1980ko eta 1990eko hamarraldietan auzo berriak jaso zituzten oraindik. Zonalde hauetako eraikuntza modelo batzuk izugarrizko polemikak eta tirabirak ere eragin zituzten, adibidez Urumearen ertzean Frantziako pasealekuaren luzapen gisa egin ziren etxebizitza. Arkitektura haiek ur-fronteetako paisaia baliotsuen ikuskizuna eta estetika zeharo zapuzten baitzuten jende askorentzat. 80. hamarkadaren erdian hiriko bizimodua aldatuko zuten beste egitasmoak helduko ziren Udal korporazioaren mahai gainera. Besteak beste Antiguako urbanizazioak, Aietetik Igararainoko hedapenarekin eta Ondarretatik Lugaritzeraino, Ibaetako Euskal Herriko Unibertsitateko campusarekin batera, itsasotik eta ur-fronteetatik nahiko urruti.

Era berean, metropolirako bidea egiteari jarraituz Polloe, Ametzagaina, Altza eta Inxaurrondon etxebizitzak eraikiko ziren masiboki 1980 eta 1995. urteen artean, Etxebizitzako Ministerioak aspaldi erositako zoruetan. XX. mendeko azken hamarkadetan transformazio urbanistiko anitzeko etapa iragan zuen Donostiak. 1988an hirigintza ordenatzeko beste plan orokor berria abiatu zuen Udalak, Alustizaren 1962koa eta 1977koa ordezkatuz, berau Bidagor arkitektoaren Eskualde Plangintza baino aurreragoko irizpideekin osatua baitzegoen. Hurrengo hamarkadaren erdialdean garatutakoak (1995), era berean, area industrial eta tertziario berrien finkapena aurreikusten zuen hiriko periferietan, Urumearen ardatza jarraituz eta Usurbil edo Lasarterekin konekzioan (erabilera industrialak eta etxebizitzek bat eginda). Alde zaharreko instalazioak eta kanalizazioak berriztatzeko Parvisa enpresa munizipala jaio zen, Bilboko Kasko Zaharrean funtzionatu izan duen Surbisaren antzean, distantziak salbu. XXI. mendearekin, 2001ean Donostiako Plan Estrategikoa aurkeztu zuen plangintza estrategiko horren bulegoak, 2006. urtearen inguruan Donostia 2013 egitasmoa bertako Udalak[1], hiriko sutearen berrehun urteak gogoratuz, eta pixkanaka garai hartan gorputza hartzen zihoan 2016koa[2]; janik gainean duguna hain zuzen.

Vª Eugenia kartelak1.- Donostia 2016-ko egitasmoaren kartelak Victoria Eugenia Antzokiaren fatxadan, duela bizpahiru urte.

Arkitektura bihurturiko ‘solido geometrikoak’

XXI. mendeari arrera eginez bultzaturiko azpiegitura sinbolikoen artean Zientziaren Kutxa-espazioa 2000. urtekoa da eta urte bete lehenago Kursaaleko auditorio eta kongresuetarako jauregia. Rafael Moneoren arkitektura honekin epe bati amaiera eta irtenbide duina emango zaio Donostian, itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa esanguratsuari Zurriolako hondartzan hiri garaikidearen elementu estetiko arkitektonikorik sinbolikoenetako batek lekua hartuz, 1973an 50 urte lehenago eraikitako kasinoa eraitsiz.

Hamar urte lehenagotik, 1963an ur-fronte horren probetxurako bazegoen asmorik, hotelak, etxebizitzak, komertzioak, garajeak, zinemak, patinatzeko pista, jatetxeak eta piztinak proposatzen zituen aurreproiektuen lehiaketarekin. 1972an, Corrales, Vázquez eta Peña Ganchegui-ren proiektuak ez zuen Udalaren oniritzia izango, agian gehiegizko presentzia zuen dorrea aurkezten baitzuen. Aldaketa nabariekin 1975ean eraikitzen hasita, zimenduak soilik geratu ziren itsas bazterreko hondarretan. Ideia irabazlea egiteko ezinezkoa suertatu zen, garaiko eraikuntza materialen ikuspegitik. Kasinoaren eraikina botata, 1974an beste konkurtso bat deitu zuten eta hurrengo urtean hirugarrena. Azkenez, 1999rarte lozorroan itxaron beharko zuen Moneok Harkaitz hondartuk lemapean aurkezturiko proiektua azaldu arte. “Lehorreratutako bi arroka” izenburudun solido geometrikoak, plataforma batetik azaleratzen diren bi bolumen prismatikoz osatzen dira. Prismarik handiena, itsasadarrera ere orientatzen da aldi berean.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

2.- Kursaal berriaren ikuspegia partziala (R. Moneo arkitektoa).

Itsasotik barnealderako norabidea

Hirigunetik zabalgunerako eta hortik metropolirako bidea itsas bazterretik barnealderantz doan ipar-hego norabidean jarraitu izan du Donostiak, modu orokorrean, horretarako ibai-ertzen meandro eta lur lauak aprobetxatuz. Gutxi gora behera Usurbildik Behe Bidasoaraino hedatzen den metropoliak izan du aldaketarik azken urteotan, auzune berriak bata bestearekin elkarlotuz eta zabalgune prozesu anizkoitzekin. Donostiaren hedapen metropolitar horren limiteetan Pasaiako portua ere aurkitzen da, azken boladan superportua baliagarria izango ote den sortutako eztabaida sutsuaz. Pasaiako parajean gaur egun abandonatuak edo gutxi erabiliak dauden lurzoru eta ekipamenduen potentzial urbanistikoaren estimazioa funtsezkoa da, balorazio ekonomiko eta ekologikoaren arteko gatazkak berriro ere itsas bazterreko paisaiaren eraldakuntza estetiko eta produktiboen erdigunean kokatuz. Beti bezala oraingoan ere ingurunearen balio naturalak jarduera kulturalen (batik bat produktibo eta ekonomikoen), hau da; gizakiaren esku-hartzearen bidez eraldatuak izan daitezke. Kontua da XXI. mendearen atarian baino, dagoeneko bigarren hamarkadan, kontzientzia ekologikoa oso bestelakoa dela, ekosistemen babeserako araudiak ezartzen dituzten printzipio etikoak legeztatuz. Halaber, horien zorroztasuna edota biguntasuna erlatiboa izango da gizatalde desberdinen unean-uneko interesen arabera.

Hemendik aurrera, itsas bazterreko eta ibaiertzeko espazio urbanoen garapen historiko eta estetikoen afera gehiago sakonduko dugu datozen ataletan, batez ere XIX. mendearen erdialdeko eta XX. mendeko hiri-zabalguneen erronkari begira, ur-fronteetako fenomeno urbanoan paradigma ideologiko, tekniko eta estetiko modernoak ezarri zituzten heinean ondare bilakaturik; gure egunetara aspaldiko testigantza gisa heldu zaizkigunak, horrenbestez.

*Oharra: halabeharrezko geldialdi baten eraginez, beharbada aurreikusitakoa baino askozaz gehiago iraun duen etena gainera, ea hemendik aurrera berriro ere aldizkako idatz ohitura honi haria hartzen diogun, beti ere zure baimenarekin, irakurle.

[1] Donostiako Udalak hiriaren berreraikitzearen bigarren mendeurrenaren data zerumugan izanda, Adierazpen Zibikoa aurkeztu zuen. Bertan, besteak beste, Gipuzkoako hiriburuak datozen urteetan bere gain hartu beharko dituen erronketariko batzuk seinalatzen ziren. Biharko Donostia taxutuko duten hainbat proiektu abian jartzearen bideaz, herritarren bizikidetza eta bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin loturiko proposamenak bideratzen zituen. Oroitzapenezko gertaeratik haratago, 2013. urteak bidegurutzeko unea eta gunea adierazten ditu: bada iraganera begiratzeko premia, ibilitako bideaz gogoeta egiteko baina, batez ere, etorkizuna baikortasunez argitzeko. Eusko Ikaskuntzarekin Donostiako Udalak duen hitzarmenaren barruan, beraz, 2007. urtetik 2013raino doazen urte horiek hartuko zituen jarduera kulturalen programa planteatu zen. Besteak beste, urteroko eta biurteko topaketak antolatzen ziren: sinposiumak, jardunaldiak, erakusketa zein bisita programa eta hiritarrei gonbidapenak. Donostia kalitatezko eta kulturadun hiriaren ikuspegia zabaldu nahi zen, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako promotore haiek erakusten zuten unibertsaltasun eta kosmopolitismoa indartuz. Zeren eta, balio eta kalitate horiek denboraren iraganean sorturiko geografia eta ur-ertzean egituratuko hiri-paisaia esanguratsutik badatoz, ez da gutxiestekoa izango biztanleriaren xarma berezia. Duela bi mende bertako herritarrek <<pertsonen bizitzarako hiririk onena>> berreraikitzearen alde apustu egitean erakutsi zuten izpiritu eta zentzu zibiko beraren berme dena, hain zuzen. Jarduera sorta proposatzerakoan, hirigintzaren eta arkitekturaren berebiziko garrantzia aintzat hartuak izan ziren lehenengo momentutik, modu horretan lotuko baikenituzke geroari so Udaletik aztertzen ari diren ekimenekin erlazio duten aspektu zuzen eta zeharkakoak (hiri berregituratzeak, arkitektura enblematikoak, etxebizitzaren nondik norakoa, parke zein lorategi berriak, hiri iraunkortasuna eta ingurumenaren aldeko jokabide erabakigarriak). Bereziki iradokitzailea iruditu zitzaigun hiriak ur-fronteekin historian izan duen harremanaren ezagupenera iristea; ospe handiz eta sakonki sustraituriko erakundeen laguntzaz (Aquariuma adibidez), bai jolas eta kirol tradizioari arreta eskainiz, baita itsas ondare natural, kultural eta produktiboari nahiz hirigintza mailan ur-ertzetako aurrealdeen tratamenduari dagokion estetika eta adierazpen artistiko, estilistiko sinbolikoei. Horrela, 2007. urterako hiri zaharreko gune historikoetatik hiri moderno eta garaikideraino zihoan ibilbidea planteatzen zen. Hurrengo urtean (2008), “hiria eta ura” lemapean izendaturiko jarduera orokorrak hiru ardatz nagusi izango zituen bere baitan: ura jolaserako eta kiroletarako elementua (itsasoari loturiko kirolak, ibaia, e. a.), ura biziaren eta garapen ekonomiko industrialaren iturria (itsasoari zein ibaiari loturiko lanbideak, portuen garrantzia…) eta ura ondare biologiko, natural eta kulturala eta hirigintzaren agertokia (Donostia inguruko ekosistema baliotsuak eta hiri-paisaia adierazkorra agertzen duen espazio urbanoa). Azkenez, 2013. urterako etorkizunerako erronkak planteatzen ziren; komunikazioa eta garraioak edota orain dela ia bi mende jadanik presente zeuden eztabaida sutsuak: merkataritza, industria eta turismoa, hiritartasuna eta bizi kalitatea, beti ere itsasoarekiko eta ibaiarekiko elkarrekintzak ahaztu gabe. Aurkezturiko dokumentuaren datuak: HERNÁNDEZ, Jone M.; VIVAS, Isusko. Donostia 2013: Eusko Ikaskuntzak Donostiako Udalari egindako proposamena, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007ko urtarrila (argitaratu gabea).

[2] Europako Kultur Hiribururako hautagai izateko proposamena, 2009an azaldu zen hiriko zenbait espazio publikotan, beste hiriburu batzuen artean aukeratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude