Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa IV: zabalgunearen luzapenak

Urumea zeharkatzeko zubi monumentalekin batera 1887an inauguratutako Kursaal kasino handia izango zen itsas bazterreko arkitekturarik enblematikoenetarikoa. Irabazien ehuneko portzentaje bat hiria apaintzeko eta elementu urbanoz hornitzeko erabili beharko zuen Udalak (modernotasuna erakutsi nahirik, 1882an argiztapen publiko elektrikoa jarri zuen lehenengotariko hiria izan zen Donostia Espainiar Estatuan), eta horiekin burutuko ziren itsas fronteko zenbait obra ere (Kontxako pasealekua, Paseo Berria edota Santa Katalina lorategiak).

Kontxako hondartza hiriko punturik sinbolikoena izango da eta itsas bazterreko hirigintzaren ezaugarririk bikainena. Erlaitza 1910ean eraiki zen eta hondartzan bertan zeuden egurrezko etxolak ere hurrengo hamarkadan ordezkatuak izango ziren, haien lekuan kabina indibidualak agertuz . Izan ere, XIX. mendeko erdialdetik aurrera hondartzarako sarrera ez zen momentu guztietan aske izaten, baizik eta arautua eguneko ordu desberdinetan. Horrela, hondartzarako sarbideak itxi egiten ziren burdinazko ateekin iluntzerakoan, garaiko ohitura moral eta segregazioaren adierazle. Hain zuzen ere, herritarrek edota agintariek inposaturiko zenbait gizarte arauek ere baldintzatuko zuten itsas bazterreko eta hiriaren arteko paisaia, mugako lerro horiek iragapidea baimentzen edo galarazten zuten hiri-altzariz hornituak agertuz, batik bat XIX. mendeko irudi mental eta irudi fisikoetan . Bitartean, errege-erreginen sendiak euren udarako jauregia ere eraikiko zuen itsas bazterrean 1893an: Miramar Jauregia hain zuzen. Kontxako badiari muturra erakusten dion parajean (Loreto azpia), Antiguarekin eta Ondarretako hondartzarekin limitea markatzen duten harkaitzen gainean.

10

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
1.- Hondartzako etxolak (a) eta Miramar Jauregia Ondarretako pasealekutik (b).

Urgull mendia azkenean Udalak erosita parke publiko bilakatuko da, kostako harkaitzetatik mendia inguratzen duen Paseo Berria ere urte horietan inauguratuz, itsasoari bete-betean aurpegia ematen dion pasabidea, bi zonalde urbanizatu elkartzen dituen lerro uhintsua alegia (Kontxako badia eta Gros auzoa). Gros izan zen, hain zuzen ere, XIX. mendearen erdialdean frantsesek, belgikar eta alemaniarrek itsasoari lurra irabaziz euren fabrikak eta tailerrak jartzeko aukeraturiko leku preferentea. Aitzitik, Udalaren apustua mugigaitza zen eta oso begi txarrez ikusten zuen industriaren estetika zerbitzuen hiriaren estetikarekin nahastea, Kontxako badiako portuen afera berriro ere berpiztu nahi izan zutenean, Altza eta Pasaiako anexioak bultzatuz Donostia industriala sortzeko, prezio ekonomiko batzuk lekuko. Izan zitekeen Donostia industrialak beraz, bai Kontxan (portua), bai Gros partean, baita Antiguan eta eremu metropolitarrean ere (Pasaia) bazeukan kondiziorik lantegiak ezartzeko. Hala izan balitz, hiriaren eta uraren (bai itsasoaren eta baita ibaiaren) arteko erlazio arras desberdinez hizketan arituko ginatekeen orrialde hauetan bertan.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
2.- Paseo Berria Donostiako badiako beste erpinean.

Hazkundeak aurrera
Ibaiari lurra irabazteko eta Amaratik haratago zihoan zabalgune berria ezartzeko gogoa 1895ean erakutsi zuten, proiektuaren memoria udaletxean aurkeztuz. 1922rarte, alabaina, ez zuten aurreproiektuen lehiaketarik deituko. 1924 eta 1926. urteen artean Urumearen kanalizazio berriak emango dira baina ia XX. mendeko 50. hamarkadaraino ez zen Amarako zabalgunea guztiz gorpuztuko. Hamarkada horretan (1950-1955) Jesusen Bihotza monumentua ere jarri zuten Urgulleko mendi puntan, gazteluko dorrean bertako arkitektura historikoari muzin eginda eraikitako kaperarekin batera, frankismoak eta hierarkia katolikoak bultzatutako nazional katolikotasunaren adierazgarri . Jesusen Bihotz Sakratuak itsas bazterreko hirietako mendi puntan jartzea ez da Donostiako ezaugarri berezia izango, guztiok ezagutu ohi ditugu adibide famatuak baina, bai kasu honetan eta baita beste batzuetan ere, hiri-espazioaren egituraketa sinboliko horren angelu aipagarriak argituko dizkigu .

Amara (Azketa & Gurrutxaga, 1913), p. 161

Bihotz Sakratua
3.- Amarako zabalguneak XX. mendeko bigarren hamarkadan (a) eta Jesusen Bihotz Sakratua (b).
* (a) irudiaren iturria: GALARRAGA, Iñaki; UNZURRUNZAGA, Xabier; LÓPEZ DE ABERASTURI, Antón; AZPIRI, Ana; ALKORTA, José María: Hiri zabalguneak Euskal Herrian, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila), 2002; 161. or.

Garapen bide nahiko basatiekin eta, batik bat, gizarteko beharrizanei zein hiriaren estetikari begirune gehiegirik gabe, hamarraldi horietan auzune berriak sortuko dira biztanleriak ere goraka eginez. Urumea ibaiaren meandroetan adibidez, XX. mendeko 60. hamarkadan Gipuzkoako Ikastetxe Tekniko unibertsitarioak izan eta gaur egun Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa denari (Oriol arkitektoaren lan xelebrea, 1961eko Arkitektura Sari Nazionala eskuratu zuena, José Ángel Etxeberria anaiaren lorategiekin) ez zaio, ordea, ibaiarekin inolako akordio urbanorik atzematen .

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
4.- Deustuko Unibertsitatearen ikuspegi partziala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude