Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa III: zubiak eta bat

XX. mendeko lehenengo hamarkada hasita Urumearen ezkerraldeko zabalguneak ere aurrera doaz, eta bigarren hamarraldian Antiguakoa jarriko da martxan. Bien bitartean, turismoaren beharrak eraginda baina baita beronen etekinei esker ere, Paristar arkitekturan begirada jarrita izanik, Donostiak behar zituen zubi eta eraikin ponposoak sortuko dira bai itsas bazterrean eta baita ibaiaren ur-fronteetan ere.

Santa Katalina zubia
1869rako onetsia zegoen Santa Katalina zubi berriaren proiektua, Kortazar berberaren gidaritzapean. Harlanduzko eta kareharrizko zubiaren pilareetan Espainiako, Gipuzkoako eta probintziako lau partidu judizialetako armarriak ageri ziren: Donostia, Tolosa, Bergara eta Azpeitia. Madril Irun errepidea pasatzen zen puntua izanik, XX. mendeko lehenengo hamarraldiaren amaieran ibai-aho berria planifikatzearekin batera, Ramón María Lili pasealekua eta Euskadiko Plaza (lehen Vasconia enparantza) eratuz, zubiak zenbait berrikuntza pairatuko zituen Grosetik hurren zegoen arkua lurperatuz. Bestalde, Santa Katalinako zubi honetatik Loiolako auzorainoko tartean Urumeako gabarretan zebiltzanen tradiziozko ofizioa izan zen ohikoena, XX. mendeko 60. hamarkadaraino harea bilketan ibilitakoak barneko lurrak aberasteko. Bilbon adibidez burdina garraiatzea izaten zen gabarren funtziorik arruntena eta horrez gain bazeuden ibaia alde batetik bestera zeharkatzeko txalupak. Turismoari lotutako hiriak ere bazituen, hortaz, horren entzutetsuak eta postal tipikoetan irudikatuak izan gabe ere, beraien izatea ibaiko eta itsasoko urei sor dieten jarduerak.

Sta Catalina
1.- Santa Katalina zubia.

1892an beharrezkoa zen zabalgunea trenbidearekin zuzen-zuzenean elkarlotuko zuen zubia. Lehen momentu baten Barrio eta Goicoarena onartu zen baina, presupuestorik handiena Urumearen kanalizaziorako lanek hartuko zutenez, ez zuten zubia eraikitzeko baliabide ekonomiko nahikorik aurkitu 1903. urteraino, lehiaketa publikoaren oinarriak finkatu zirenean. Ikus zitekeenez, garai bateko burgesiaren gustu estetikora moldatuko zen eraikuntzak Donostiako espazio historiko guztia batuko zuen, modu apaingarrian ulerturiko edertasuna baitzuten helburu, monumentaltasuna eta aspektu sinbolikoak une oro gailenduz. Eraikuntzako material modernoenak (hormigoi armatua kasurako) ezkutatzea eta disimulatzea zilegi jotzen zuten kanpoaldera erakutsi beharreko estetikaren mesedetan. Testuinguru horretan burdina eta altzairua deserosoak ziren, beste ingurune batzuetako industrial hiriak gogoratzen baitzituen. Dena den, itsas bazterreko zonalde pribilegiatuetatik at Urumea ibaian gora posible izan zen burdinazko zubia ere proposatzea, trenbidea zein oinezkoak bertatik igarotzeko , 1858an Iparraldeko (‘Norteko’) trenbidearen obrak hasi ostean. Itsas bazterreko hiriaz gozatzeko begirada ederzaleetatik kenduta, nolabait galarazitako hirien ‘atzealdeak’ liratekeen hauek ere bizitzaz eta memoriaz beteriko izaera sakoneko espazio urbanok irudikatzen dituzte.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
OLYMPUS DIGITAL CAMERA
2.- Burdinazko zubiaren ikuspegiak gaur egun.

Santa Katalinako zubiaren eraikuntzak aspektu estetiko eta komertzialak elkartu beharko zituen. Trenbidearekin lotzeko pasabide egokiak jadanik ezin zuen ekidin hiriaren ikuspegi berriak eragindako monumentaltasun beharra. Horrela, kolore desberdinetako harlanduekin eta elementu apaingarriekin estilo eklektikoaren moldeak jarraitu ziren, Juan R. Aldayren farola monumentalekin apainduz. Ibaiaren kanalizazio definitiboak eta Frantziako Pasealekuaren irekierak arku baten galera eragin zuten. 1978ko erreformekin batera zabalera eta luzeraren proportzioak aldatuko zizkioten perspektiba longitudinal historikoak puskatuz. Estruktura tinkoak Donostiako itsasadarreko ertzari ikuspegi berria eman zion, batez ere Mª Kristina eta Zurriolako zubiak eraiki arte.

Maria Kristina erreginaren zubia
Santa Katalinako zubiaren klasikotasun eta soiltasunaren aldean, Mª Kristina deitu zuten zubia egiteko lehen saria José Eugenio Ribera ingeniariari eta Julio María zapata arkitektoari eman zieten, honaino esandakoa konfirmatzen duen komentario zehatzarekin: ‘eraikuntzara aplikaturiko teoria mekanikoen domeinua demostratzen duten balio zientifiko nabaridun lanak’ aurkeztu zituzten epaimahaiaren ustez, lehiaketaren oinarriek zuzenean aldarrikatzen zuen edertasunaren funtsezko baldintzak ere aski asebetez. Tendentzia eklektiko eta modernistak estilo artistiko lez hobetsita, modernotasunaren ildoari eusten zioten eraikuntzako materialen kasuan, alderdi estilistikotik ere erromantizismoaren eta Vienako Sezesioaren eraginak nabarituz. Bitxikeria honek garai bateko kontzientzia estetikoa definituko zuen. Izan ere, garaipeneko arkuen pareko estrukturak zubiaren bi alderdietan jarrita agertzen ziren proiektuan, izaera monumentaldunak eta tradizio erromatarrera moldatuz, ‘garai modernoetan’ Europako eta Amerikako ‘herrialde aurreratu’ batzuetako zubi handietan egiten den legez. Beste batzuk, Pariseko Alenjandro III.aren omenezko zubia eredutzat izanik, errenazimendu estiloan proiektaturiko arkuak baino obeliskoak nahiago zituzten. Era batera edo bestera, Ignacio Español Echániz-ek adierazten digun ‘ezkutuko estetika’ edota ‘asimilazioaren estetika’ atzematen da hemen.

Detaile eskultorikoak ere ez zituzten ahaztuko, eta ‘dagoeneko gehiegi errepikatuak’ izan diren grifo, arrano eta animalia mitologikoen ordez, ‘garai heroikoetako kontu zaharrak’ gaindituta zeudela eta, ‘herrialde modernoek beraien ohitura lokalekiko maitasunaz gain etorkizuneko gogoak sinbolo positiboez adierazi behar dituztela’ ezin zitekeela ukatu pentsatu zuten. Hala, ornamentuzko elementuen aukeraketak beste bide batzuetatik abiatzeko beta ezin hobea zuen, itsasoko euskal tradizioen enblema alegorikoak hartuz (itsasontzia eta arraunak), pulpitu eran eta argimutilak bailitzan erremataturiko balaustradarekin. Zubiaren pilak itsasontzien brankaz hornituak daude bi muturretan, itsas munstroen irudiekin. Ondorioz, zubiko sarreretan bakearen eta aurrerabidearen errepresentazio ziren Ángel García Díez-en talde eskultorikoak zeuzkaten lau obelisko monumentalen diseinua Goikoa arkitektoari eskatuko zioten. Zubiaren argiztapenerako hiru argi-iturridun lau ganderailu handi jarri zituzten eta bere luzeran banaturiko beste zenbait farola, Bilbon sano ezaguna zen Mariano Benlliure eskuturgileari enkargatuz. Batik bat zubi honi atxikia, interes urbano nabaridun Bilbao enparantza eraiki zen 1900 eta 1906. urteen artean. Bateratasun izaera handiko etxebizitza taldea, morfologikoki Mª Kristina zubitik banaezina eta Kortazarren zabalguneari estaziorako sarbidea emateko beren-beregi pentsatua.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
3.- Mª Kristina zubia.

Urteak pasatuta, 1984an zubia berreraikitzea erabaki zuten, egoera kaxkarra ikusita. Ornamentazioaren berritze lanak Mr. Jean Chenaf eskulturagile frantsesari utzi zizkioten, argazkien eta marrazkien bitartez ‘Riberaren izpiritua’ (zubia proiektatu zuen ingeniari portugaldarra) mantenduko zuten moldeak fabrikatuz (itsas munduko mito eta mitologia aberatsarekin erlazionaturiko elementuak). Zeramikazko dragoiak eta grifoak agertuko ziren, itsasontziak eta lamiak, Neptunoren buruak, arraunak eta maskorrak, era beran obeliskoetan zeuden Donostiako eta Espainiako armarriei Euskadikoa gehituz. Hirian gauzatuko ziren estilo arkitektonikoek, hortaz, izan zituzten Urumea gaineko zubietan arketipo adierazgarriak; klasizismoaren eta eklektizismoaren ezaugarriak zeuzkan Santa Katalinako zubitik joera abangoardistagoen, batzuentzat futurismoaren eraginak sumatzen hasten zitzaizkion Kursaaleko zubiraino Mª Kristinaren eklektikotasun eta modernismotik iraganda.

Zurriolako zubia
Urumearen bokalean ere Zurriolako zubiaren eraikuntzak izan zuen arazorik. Zonalde horren hazkundea nahiko azkar gauzatu zen, eraikitako parteak ur-bazterrera abiada bizian hurbilduz antzinako hondartza izan zen Miracruz kale ingurutik gero eta urrutiago. Itsas aurreko txaletekin eta uholdeak ekiditeko hormaren eraikuntzarekin lehen mailako espazio urbanoa bilakatzeko puntu asko irabazi zituen Grosek. 1909an beraz, zubi berriarekin batera Europako inportanteenetarikoenen artean izango zen Kursaala eraikitzeko asmoa zerabilten, itsasoari irabazitako lurretan. 1921ean inauguratutako zubiari estetika berrituaren zantzuak eskainiko zizkion Víctor Aranak, baranda eta puntako farola esferikoen obeliskoekin. Zubiak zabalgunea eta hiri zaharra elkarlotzen zituen Bulebarraren ardatzari emango zion luzapena Urumearen bi ertzetan. Horrek guztiak udatiarrentzako denboraldiaren luzapenarekin zuen zerikusia, hondartzaz gain beste motako entretenigarriak neguan ere eskaintzeko.

Honek guztiak bizpahiru ideia argitzen ditu Donostiako hirigintzari buruz eta konkretuki itsas bazterreko espazioei dagokionez: alde batetik, lehen esan dugun Gros industrialaren nahia erabat baztertzen du, etxe txukunez betetako aristokraziaren etorkizuneko auzoa iragarriz ia-ia hondartzaren gainean. Bestetik, Donostia udatiarrena baino harago doa, turismoak utzitako etekinak urteko beste ezein denboralditan ere posible eginez. Horretarako Kursaal handiaren konplexu urbanistikoa erabakigarria izango zen; eraikin enblematikoarekin batera itsas ondoko paisaiak modu orokorrean atonduz (hondartza, ibaiaren kanalizazioa, Zurriolako pasealekua –República de Argentina pasealekua 1913tik aurrera– eta Kursaaleko edo Zurriolako lotura-zubia). Ribera ingeniariak egingo zituen zubi honen planoak ere, V. Aranak beste berrikuntza estetiko batzuk proposatuz: horien artean barandako obelisko erako ornamentuzko zutabeak, argiztapenerako farola esferikoekin osatuak.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
4.- Zurriolako zubiaren dorretxoak eta argiztapen ‘kandelak’.

Beste behin ere hiri altzarien monumentaltasunaz dihardugu, faroen antzeko dorre sinboliko hauek azpimarratzerakoan. Santa Katalinako zubian bezala, estruktura gisa hormigoi armatua erabili zuten Mutrikuko harlanduarekin batera, ur bazterreko eraikuntzei erresistentzia egokia ematen baitzien . Zubiaren inaugurazioak Urumea ibaian nabigatu ahal izateko posibilitatea berriro ere piztuko zuen udal ordezkarien buruan. Zubi berriaren oinetan eraikitzea pentsatu zuten ur-jauziarekin eta ibaia dragatuz, garraiorako eta itsas kirolak sustatzeko aukera ikusi zuten Kursaaleko zubiaren eta santa Katalinakoaren artean klub nautiko baten proposamenarekin. Hala ere, higienearen aferak konpondu beharko ziren oraindik, ezen marea jaisterakoan estoldetako hustubideak agerian gelditzen ziren Urumeako uretan, horrek suposatzen zuen atsekabe eta usai txarrarekin Salamankako pasealekua bezalako gune baliotsuetan, berriro ere ‘hiriko atzealdeak’ edota ezkutuan gorde beharreko zikinkeriak hiriko erraila ureztatuetan islatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude