Hiri Antropologiaren IV. Jardunaldiak Bilbon: hamarkada baten buruan gorpuztu den apustua (2002-2012)

2012ko azaroaren 22 eta 23an Hiri Antropologiaren IV. Jardunaldiak izan ditugu Bilbon, EUSKO IKASKUNTZAK deiturik, Antropologia-Etnografia Sailaren bitartez eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko laguntzarekin. Ekitaldi horren berri ematera gatozkizue, beraz, oraingo honetan.

Hiri Antropologiaren Jardunaldi hauek; Espazio publikoak: erabilerak, diskurtsoak eta balioak izenburuarekin (erakutsi duten egitura honekin, hau da; komunikazio libreen aurkezpenarekin eta abar), 2002. urtean antolatu ziren aurrena, XXI. mende hasiberriarekin batera. Garai hartan, zeharo gazteagoak ginen noski. Ondoren, 2007koak arrakastatsuak izan zirela uste dugu eta horrelaxe heldu gara 2012. urtera. Horrenbestez, adinez aberatsagoak garela dudarik ez, agian eskarmentuz ere, baina diruz aldiz, horren aberatsak ez gabiltzalakoan nago. Badakizue nolakoa den egoera. Beraz, esker ‘publikoak’ eginbehar honetan eskuzabaltasunez lagundu diguzuenoi bereziki.

Erronka zehatza: <>
Lelo horrekin, Hiri Antropologiaren IV. Jardunaldi hauek betidanik erlaziozkoak izan diren espazio publikoei buruz (kalea, enparantza, parke urbanoa, gune erdipublikoak…) hausnarketa egitea izan dute helburu. Honela bada, diziplinarteko ekarpenek jakintza arlo anitz bildu dituzte; antropologiaz gain soziologia, historia, geografia, filosofia, kultur ondarea, hiri paisaia edota arte ederrak, besteak beste. Ildo honetatik bideratu dira komunikazio gehienak, oso interesgarriak eta begirada kritiko nabariarekin, hainbat unibertsitateko adituek emanak. Beste batzuk tamalez bidean geratu behar izan dute, ‘espazioaren’ arazoari ‘denborarena’ gaineratzen zaio eta.


1.- Programa-orriaren aurreko eta atzeko aldeak.

Nabarmendu beharreko ekarpenak
Zeresanik ez, komunikazio emaileak eta gainontzeko parte-hartzaileak izan direla Jardunaldiei bizitasuna eman dietenak (horien artean Manuel Delgado antropologo katalan ospetsua eta prediku handikoa; berak aurkeztu baitu osoko ponentzia). Guzti-guztiei egindako lana benetan eskertu behar zaie batzorde antolatzailearen partez, ezen, hauek guztiak faltako balira ez legoke jardunaldiak egiterik. Hemendik abiatuta, diru apurren bat edo beste lortuko bagenu Jardunaldietako ekarpenak artikulu eran argitaratzeari ekingo genioke; Zainak aldizkariko 36. zenbaki espezifikoan.


2.- Manuel Delgado Bartzelonako Unibertsitateko antropologoa Bizkaiko Foru Aldundiko aretoan, María Díaz de Haro kaleko 11. zenbakian.

Aurrekariak eta ardatzen finkapena
Aipatu beharrekoa da jardunaldi hauek denboran segida bat irudikatzen dutela, lehen esan bezala, 1995ean EUSKO IKASKUNTZAKO Antropología-Etnografia Saila egiten hasi zen erreferente monografikoa zuten jardunaldi sortaren barnean. 2002an izan ziren Hiri Antropologiaren II. Jardunaldiek “hiriko kulturekin” hasitako bideari jarraiki, 2007an luzapena izan zuten “hiri globalak eta tokian tokiko kulturekin”. Aurtengo hauek are eta begirada berezituagoa bultzatu dute; baina diziplinartekotasunak hiriari buruzko ikerketen ikuspegiak sano irekiz. Horren lekuko dira egunotan izan ditugun mahaietako eztabaida anizkoitzak: ‘Borrokak eta herritarren partaidetza espazio publikoetan’, ‘Espazio publikoetako jaiak, erritualak eta jabetze prozesuak’, ‘Kontsumoko espazio erdipublikoak’, ‘Multikulturalismoko espazio publikoak’, ‘Gazteen soziabilitateko hiri espazio publikoak’ ‘Hiriaren eta haren espazio publikoen semiotika eta imaginarioa’, ‘Arte eta estetika adierazpideak espazio publikoetan’, ‘Kaletik eta plazatik baratzera’, ‘Hiria eta haren espazio publikoak birmoldatzea’. Azkenez, hastapenean azpimarratu dugun legez; mahaiaren beste alderdian jarritakoak izan dira, hein handian, Jardunaldi hauen protagonistarik bikainenak; haien interesarekin, aditasun zein prestutasunarekin, egindako ekarpenekin eta seguruenik bi egunetan pizturiko eztabaidekin. Eurona izan da hitza eta zabaldu dezagun lau haizetara, hortaz, espazio publikoetan, hau da; kalean bertan.

Ondorio sendoak eta onuragarriak ateratzeko distantzia eta gogoeta sakonagoak behar badira ere, jardunaldiek izan duten erantzunarekin argi gelditu da hiri antropologia delako azpi-diziplina honen gaurkotasuna eta eragiten duen interesa. Izan ere, hiri antropologia deritzona hirietako mekanismoez, sistema urbanoez, hiritar-taldeen baldintzez eta abar arduratzen da normalean.


3.- Abandoibarratik eta Uribitartetik egindako ibilbide didaktikoa, industria ondoko Bilboko itsasadarrean biziberrituriko hiri espazioetan zehar. Jardunaldietako parte hartzaile batzuk.

Berriro ere Bilbo hiria eskenatoki-marko aparta
Honek guztiak beste galdera zehatz batera garamatza; alegia, zergatik jardunaldi hauek Bilbon? Alde batetik, Bilbok azken boladan jasan duen eraldaketa urbanistikoa aintzakotzat harturik, testuinguru paregabea litzateke etengabe transformatzen diren espazio publikoak eta bestelako zenbait hartu-eman kolektibo neurtzeko. Bestetik, Bilbo bezalako hiri batek joko nabarmena ematen du biztanleriaren nondik norakoaz, urbanizazio/des-urbanizazio bultzadez eta, oro har, aldaketa kultural bortitzen aroan hirietan suertatzen diren gatazken inguruan mintzatzeko eta ikertzeko. Hiri globaletako erabilerak eta diskurtsoak geroz eta homogeneoagoak, uniformeagoak baditugu ere, bizitzea tokatu zaigun mendebaldeko kultura orokor eta, neurri batean inposatuaren sabelean, balio konkretuen zantzuak badirudi ez direla betirako zanpatuak edo azpiratuak geldituko, zimel eta burumakur. Aldiz, nonahi topatuko ditugu, han-hemenka agertuz; denboraren poderioz landutako barrutian bezala, behin eta berriz kolore askotariko loredun landareak bailitzan ernalduz. Hauxe bera da duela bost urte idatzi genuen esaldia, gure iritziz gaur ere zinez baliagarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude