XVIII. mendeko ateetan: Donostia hiriaren berpizkundea

1700. urtean idatzitako liburuxka batek XVII. mendearen amaierako bidaiari ingeles baten deskribapena eskaintzen du, harearrizko mendi baten oinetan ezkutaturiko hiri karratua marraztuz, ekialdetik itsasoak kasik ukitzen zuen harresi artean gordea, itsasotik sartzerakoan ikusezin bihurtuz badiara ailegatu arte. Pasarte berberean hiriak zituen bi ateak ageri zaizkigu, portuko moilakoa eta Pasaiakoa deitzen zutena, bertatik Pasaiara zeraman errepidea iraganez. Ate honen monumentaltasuna erakusten digu bidaiariak, aurrealdean errezelarekin trabatutako erdi-bastioi parea zeuzkalarik; biak ere nahiko zakarrak, proportziorik gabeak eta kontserbazio egoera txarrean.


Argazkiak.org | i.v. © cc-by-sa: isusko 1.- Itsasoko Atearen erreforma, 1763. Documentos cartográficos históricos de Gipuzkoa (I), Donostia: Foru Aldundia, 1994; 127. or.

Liburuak aurkezten digun hiriko planoa ere kuriosoa da; grafikoki portuak ia hiriak adina espazio bereganatzen du, itsasotik zetorren merkatal jardueraren garrantzia azpimarratuz. Izan ere, portu ondoan gelditu den horma puska baino ez zaigu heldu gaurdaino[1]. Leku hau inguratzen zuen erronda bidean “Moilako” edota “Itsas aurreko” kalea irekiko zuten. Horrez gain, itsasoko bizitzarekin ez eze itsas bazterreko morfologia urbanoarekin harreman nabaria izango zuen eguneroko errutina harresiko ateen itxiera izaten zen ilunabarrean, egunsentiraino hirirako sarrera galaraziz. Beraz, etxebizitza gutxi batzuen eraikuntza baimendu zen harresietatik kanpo, bai portuan eta baita Santa Katalina aldean, batez ere itsasotik zetozenentzat eta Urumeako ontzioletan lan egiten zutenentzat. Bilboko Kasko Zaharrean Zazpi Kaleak espazio urbanoaren erdigunerik adierazgarriena irudikatzen bazuten, Donostian ere zazpi kale garrantzitsuenen hasieran (lau paralelo eta hiru perpendikularrek osatzen zuten sarea) beste hainbeste sarbide zeuzkan kontra-harresia zegoen, gaur egun dakusagun Kanpanario kalekoa horietako bat izanik, antzinako arkuaren arrastoarekin.


Argazkiak.org | i.v. © cc-by-sa: isusko 2.- Donostiako planoa, 1700.

Hiri ilustratua, burges-hiria; merkatal hiria, hiri apaindua

Edonola ere, itsaso zabalera irekitako portua izaten jarraitzen zuen Donostiak eta XVIII. mende horretantxe Kontxako badia bere osotasunean bilduko zuen superportu handia planeatu zuten ingeniariek, XIX. mendearen amaieran berreskuratuko zen asmoa aurreikusiz.

1729 eta 1730. urteen tartean Esteban de Silhuettek ere hala zihoen: “Donostia hiri txikia da, oso bildua eta jendez betea, itsasotik babesten duen mendi baten oinean kokatua, zeinen gainean menderaezintzat jotzen den gotorlekua dagoen. Portua bi murruk ixten dute, itsasontzi bat pasatzeko adinako tartea besterik uzten ez dutela”[2]. Hain zuzen ere, merkatal ardatza portuaren paretik itsasadarrerantz zihoan kaleari zegokion[3].

Alabaina, harresien barruko espazioan garai hartako hirigintzan inpakturik handien edukiko zuen gertakizuna Konstituzio enparantza izango zen seguruenik. Urte batzuk lehenago ‘Hiri’ titulua eskuraturiko Donostiaren hazkundea, beraz, harresien barruan gauzatuko zen, komertzioaren etekinik oparoenak batez ere portuko jarduerari lotuz. Kontxako portuko sartu-irtenen gehitzearekin segurtasun beharra areagotzen zen, erdi aroko moilaren paraleloak eraikiz eta ondoren Urgulletik hasita hirirantz kurba egiten zuen dikea. Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak XVIII. mendearen ingurumarian itsasoaz bestaldeko Ameriketako herriekin hartu-emanak kontrolatzen zituen. Bilbon Portugaleteko barraren oztopoa aipatzen genuen legez, Donostian ere barraren arriskua ur azpian zeuden arrokek areagotzen zuten itsasontzien maniobrak sano konplikatuz, porturako sarbidea haize lagungarriarekin ez bazen maiz zailegia eta kasik ezinezkoa eginez. Portu inguruko kaleak galtzada-harriz eginikoak ziren eta bertan kokatzen ziren biltegiak ere, idiei lotuta baserrietan erabilitako leraren aldaera ziren narrak edo plataforma bikiak baitziren Donostiara heldutako produktuen garraiobide nagusiena.


Argazkiak.org | i.v. © cc-by-sa: isusko 3.- Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren akzioak, 1785.


Argazkiak.org | i.v. © cc-by-sa: isusko 4.- Portuko eguneroko jarduerak. SADA, Javier eta Asier. Historia de San Sebastián, Nafarroa: Txertoa, 1997 (4. argitaraldia); 57. or.

Jakina denez, XIX. mendearen hasieran 1813ko sutea funtsezko gertaera izan zen ez bakarrik donostiarrentzat baita hiriaren traza urbanoarentzat ere. Data horretatik abiatuta bide osoro desberdinetik aurre egin zion bere etorkizunari, antzinako defentsa moduak ahaztu eta definitiboki itsasoari aurpegia erakutsiz. Historiagileek modernitatearen hasiera finkatu izan dute hiri zaharraren aurrietan, etorkizunaren ildoek itsas bazterrera eta ibaiertzera gerturatuko duten hiriaren oinarriak sendotuz[4]; baita aldaketa soziokultural, ekonomiko eta produktiboak ere iragarriz. Hitz hauekin laburki azaldutakoa osatuko dugu, duda barik, ondoren datozen saioetan.


Argazkiak.org | i.v. © cc-by-sa: isusko 5.- 1813ko sutearen ondorengo deuseztapena eta txikitzea (erreprodukzioa).

 

[1] Itsas aurreko harresiak bi ate edo sarrera zituen; moila zaharrekoa eta nagusia, alboan bi defentsa-dorre zituena.

[2]RAMOS RIESCO, Paloma. “Donostia suteaz aurretik”, in: SAMBRICIO, Carlos (ed.). Donostiako alde zaharraren berreraikuntza/ La reconstrucción de la parte vieja de San Sebastián, Donostia: Donostiako Udala. Ekipamendu Handiak, 1991; 83. or.

[3] Errege errepidearen sorrera klabea izango da XVIII. mendearen bukaeran, gerora ere errepide-sareak ibaien arroak eta kostaldeko lerroak jarraituz, XX. menderako nukleo urbanoen arteko hurbilketa bultzatuz.

[4] Pasarte historikoa sarritan izan da azaldua eta ikertua. Guri dagokigunez, aski da gogoraraztea hiriaren gehiengoa suntsitua izan zela, Urgull mendiko magalean, armadako ofizialak bizi ziren Trinitate kalean existitzen zen etxetxo ilara izan ezik. 1813an marinelak, arrantzaleak, artisauak, merkatariak, militarrak eta zerbitzuetako langileak bizi ziren Donostian. Itsas bizitzaren nagusitasunaren lekuko, artisau, merkatal eta zerbitzuetako jende multzo handi batek portuko jarduerekin zuen zerikusia. Gertaera horren ondoren etxebizitzarik gabe gelditu zen jendeak behin-behineko txabolak eraiki zituen hirigunetik at. Hasieran denbora laburrerako pentsatuak, hiriaren berreraikuntzaren alternatiba posible lez ikusi zituzten batzuk. Horrela ulertzen baita nolatan atzeratu zuten hainbeste hiriaren berreraikuntza; lortzen ziren errentak etxebizitzen alokairutik zetozkienak baino altuagoak baitziren. Nola edo hala, egurrezko etxe txiki horiek inolako ordenamendurik gabe jasoak, sendotuz joan ziren eta era berean berreraiketarako oztopo bilakatuz, espekulazio-prozesu bortitza sortu baitzen lurzoruaren errentagarritasunari elkartua. Azkenean lurjabeei errentak tasatzeko eskubidea kendu zien Udalak, baldin eta hirurogei etxebizitza eraikitzeko konpromisoa hartzen ez bazuten. Badirudi arauak ondorioak izan zituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude