Donostia hiria (eta III): zubi-hiria

Santxo IV erregeak Baionatik baino Donostiatik euren produktuak itsasoratzeko baimena emango zien nafarrei, horrekin batera Donostiako portuaren papera indartuz. Kokapen estrategikoak komertzioari egiten baitzion mesederik gehien, beti ere arrantzarekin elkarbizitza mantenduz.


 


Harresietatik at, Santa Katalinako zubia izango zen lotura-elementurik inportanteena. XIV. mendetik (1377ko ordenantzaren arabera) ibaiaren bokalea salbatzea zuen lehen mailako egitekoa, batez ere guda denboran oso erabilia. Funtzio militarrak zubiaren egurrezko estruktura mantentzea derrigortu zuen XIX. mendera arte (1836an Joaquin Ramón de Echeveste arkitekto munizipalak eraikiko zuen egurrezko azken zubia, marea baxua dagoenean bere zimenduak oraindik ere ikus daitezkeelarik ibaiaren eskuineko ertzean), beharrezkoa zenean eraitsi eta berriro ere erraz altxatzeko. XVI. mendean eraiki zutenak erdigunetik irekitzeko aukera zeukan (badirudi irekitzen zen zubi bakarra zela Donostian), itsasontziei pasoa libre usteko. Itsasoaren erasoak nahiz gudak medio, behin baino gehiagotan suntsitu eta berreraikiko zuten[1].


 



Argazkiak.org | z.z. © cc-by-sa: isusko
Argazkiak.org | d.k. © cc-by-sa: isusko


1-2.- Santa Katalinako zubia. H. Wilkinson, 1938. ALVAREZ ENPARANTZA, José L. (Txillardegi). Antigua 1900, Donostia: Gipuzkoa Donostia Kutxa, 1992; 20. or. (1) eta: SADA, Javier. Los puentes de San Sebastián, Donostia: Mitxelena, 2004 (2).


 


Bilbon ere zubi bakarra existitu zen zabalgune berria hiribildu zaharrarekin elkarlotzeko beharrizana ikusi arte; San Antoneko zubia. Izen bereko tenpluaren aldamenean, Ibaizabal-Nerbioi ibaiarekin ur-fronteetako paisaia urbano historikoaren estanparik tipikoena islatzen zuen. Beste ezein hiritan legez, Donostian ere Urumeako zubi bakoitzak mugikortasun eta produktibitatearekin loturiko zioak izan zituen eraikia izateko, unean-uneko teknologiaren, beharrizanaren eta estetikaren emaitza izanik. Monumentaltasun ugariagoaren edo urriagoaren erabilerak egitura horien funtzioak agerian utziko ditu. Dena den, kostaldetik zenbat eta hurbilen egon are eta sinbolikoagoak izango dira zubien elementu monumentalak, eskultorikoak eta hiri altzari esanguratsuak, zenbaitetan Donostiaren izaera estetikoaren adierazgarririk bikainenak izanik.


 



Argazkiak.org | s.a. © cc-by-sa: isusko


3.- San Anton-eko zubia, Bilbo.


 


Donostia hiria; harresi-hiria


Hortik aurrera, jadanik errenazimenduko moldeetara egokituriko harresiek itsasoaren eta erdi aroko hiriaren bitartekari funtzioa beteko zuten XIX. mendeko azken hereneraino[2]. Gazteluaren eta hiriaren artean harrizko paretak zeuden nonbait, mendiaren eta itsasoaren laguntzaz kanpoko erasoetatik erabat salbu geldituko zen Donostia hiriaren irudi historikoaren trazak itsas bazterreko paisaian inskribatuz[3]. Iberiar Penintsulako eta Frantziako hego-ekialdeko hiri-bastioietan agertuko den errektangulu erako oinplano erregularra Donostian eta Hondarribian erabilia izan zen lehenago, gehiago aurretiaz definituriko molde arrazional baten eraginez kondizio orografiko edo topografikoetara egokitzeko baino. Hirigintzaren aplikagarritasun arrazional hori erdi aroko pentsaera teokratiko eta espiritualean datza neurri handi baten, mundu osoaren armonia eta geometrikotasuna aldarrikatzen zituena.


 



Argazkiak.org | h.m. © cc-by-sa: isusko


4.- Hiriko oinplanoa eta errenazimendu garaiko bastioi berriak. SAGÜES SUBIJANA, Miguel. Urgull. Historia de San Sebastián, Donosita: Hariadna, Donostiako Udala, 2005; 134. or.


 


Hiriko ateak


Horrez gain, itsasoratzeko toki aproposa eta ibai baten edota ur korronte baten paraleloan zihoan harresi edo murrutzarren zilegitasuna bilatzen zuten, elementu geografiko, babesle eta ondasun iturri modura. Donostian XVI. menderako, 1530-1535 urteen artean “Cubo Imperial” zeritzona eraiki zuten hirirako hegoaldeko sarbide printzipala edo Lurreko Atea babestuz, zubi altxagarri batekin. Era berean, harkaitzetako gaztelua indartuko zuten Villaturiel ingeniariaren eranskinek eta badiaren sarrera defendatu zen Santa Klara irlaren aurreko babeserako eraikinekin[4].


 


Kontrako alderdian, Urumearen itsasoratzea Beatokiko Plataformarekin gogortu zuten. Horrek guztiak dagoeneko plaza militar bilakaturiko itsasertzeko hiriaren irudi bitxia indartuko du Donostian. XVII. mendean pentagono erako bastioiak gaurdaino heldu zaigun mugako hiri fortifikatuaren plano ezaguna deskribatuko zuen. Izan ere, zitadela baten eraiketa planteatu zuten Urgull mendian, orografia gatazkatsua dela eta guztiz irregularra eta Baionakoak baino interes estetiko zein funtzio praktiko urriagoak izango zituena. Bestalde, Itsasoko Atearen altueran ‘kaiburu’ itsas muturra zegoen, kanporagoko ‘kaiarribarekin’ batera Urgull azpiko espazio txikia hertsirik geldituz portu aldean. Ekialdeko harresiak Alde Zaharra eta portua bereizten baitzituen, Itsasoko Ateaz (gaur egungo Portaletas) gain kai zaharrekoa ere izanik, gure egunetan harriz josia ikusi daitekeena.


 



Argazkiak.org | p.z. © cc-by-sa: isusko
Argazkiak.org | p.b. © cc-by-sa: isusko


5-6.- Portaletas. Ikuspegi zaharra (XX. mendeko hasiera) eta berria (XXI. mendeko lehenengo urteetan). AGUIRRE FRANCO, Rafael. Donostiako kaia, Donostia: Eusko Jaurlaritza (Garraio eta Herrilan Saila), 2001; 61. or. (5).






[1] Ordurako portuak garapen maila oparoa izango zuen, jada Ternuatik (Terranova-tik) iristen ziren ontziei arrera eginez. Mundu Berriko zein Europako bazter anitzetatik zetorren untziteria hartzen zuen Donostiako portuak, beti ere merkatal jarduerak arrantzarekin konpartituz. XIX. mendearen azken herenean Pasaiako portuaren handitzeak eta kondizio hobeak Donostiako flotaren gainbehera eragingo zuen.



[2] Nafarroako Antso erregeak uste da modu erregularrean harresitu zuela Donostia XII. mendean. Gaztelua ere beste fortifikazio zaharrago baten aurrietan eraikia izan omen zen, Antso VII.a Azkarraren aginduz 1195 eta 1199 urteen bitartean, Gaztelako Alfontso VIII.arekin zeukan guda zela eta. Lehenengo harresiak 1300. urte aldera eraikiko zituzten bi leku bereizi sortuz; hiribildua eta portua, bakoitza bere forma urbano esanguratsuarekin, itsasoarekiko etengabeko elkarrekintzan. Errege-Erregina katolikoek aurrekoa inguratzen zuen beste harresi bat jaso zuten 1496an. XV. mendean zazpi ate bazeuzkan ere bi baino ez ziren egunero irekitzen: Lurreko Atea (lehorrekoa) eta Itsasoko Atea (portukoa).



[3] Babes teknika berriek harresien altuera baxuagoa eta lodiera handiagoa eskatzen zuten, horma zeiharrak eta troparen pasoa galarazteko zuloak ezarriz, bastioiekin batera. Lehengo kuboak zeuden tokietan bastioiak kokatu zituzten, sistema modernoagotzat zituztelarik. Hala ere Kontxako badiatik erasotzea oso zaila zen, ez horrela Gros aldeko hondar-muinoetatik.



[4] Irlako mendixkaren puntan dozena bat kanoirentzat lekua ezartzea pentsatu zen, San Bartolomeko lekaimeen komentuaren agindupean zeuden ermita eta etxetxoaren aldamenean. Garai hartan asmatu zuten jada bertan portua eraikitzeko ideia, aurrerantzean noizbehinka berpiztuko zutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude