Donostia hiria (I…): paisaia urbanoaren hasiera itsasoaren aldamenean

Ezaguna da Antso Jakituna nafar erregeak erresumaren itsasorako irteera ziurtatzeko Lizarrako eta Jakako lege-bilduma eman ziola Donostiari XII. mendearen bukaeran, historikoki 1180. urtean jarri izan den datan. Bertan ‘fondaco’ zeritzon arrantzaleen eta merkatarien bizitokia existitzen zen XI. mendetik, badirudi gaskoiek Europa osoan zehar kostaldetik gertuko itsasbideetan sortu zituzten kokagune urbanoen tankerakoa, arrazoi nagusiena arrantzaleak eta merkatariak itsas bazterrean biltzea izanik[1].


 


Donostiako forupeko hiribilduen arteko komunikazioa itsasertzeko Santiago Bidean burutzen zen eta Baiona eta Iruñeko elizbarruti zaharraren mugarri ere izan zen Donostia. Instante oro muga-hiri eta, beraz, mestizaia hiri ere bai. Izan ere, 1100.etik XIV. mendearen lehen erdira bitartean hainbat hiri eta hiribildu fundatu ziren Euskal Herrian, bai kostaldean eta baita barnealdean ere. Itsas merkataritzan, salerosketan eta artisautza lanetan zebiltzan jende aldrak ziren garaiko hiritarrak, Europako beste herrialdeetan ohiko ziren hiri-oinplano motak eta partzelazio gotikoak gurean ere nabarmenduz[2].


 



Argazkiak.org | l. p. © cc-by-sa: isusko 1.- Luis Paret y Alcázar-en margoa, Donostiako ingurumariak, 1786. Autore anitz, Itsas aurrean. El País Vasco y el mar a través de la historia, Donostia: Untzi Museoa, Donostiako Foru Aldundia (Kultura eta Turismo Departamentua), 1995; 91. or.


 


Donostiako foruak barnebiltzen zuen espazioak (Irunetik Oriora zihoan kosta partea; batik bat Bidasoa eta Oria ibaiekin muga eginez, itsasoko ur-frontearen eta Nafarroako muga-lerroaren artean) Santa Katalinako portua izango du ardatz nagusi, bertan beste hainbat tokitatik etorritako merkatari trebeak elkartuz; gaskoiak batez ere, hiri-paisaia berriarekin batera biztanleria eraberrituz. Aturri ibaiaren itsasoratzeak garraiorako planteatu zituen oztopoak zirela eta, Baionako merkatariek komertziorako irteera aproposagoaren bila Bizkaiko edota Gascuña-ko golkoan Donostia aurkituko zuten.


 


Oso era labur eta sintetikoan, 1180az aurretik gaur egun Antiguan, Urumeako ibarrean eta Alde Zaharrean leudekeen kokagune txiki batzuk existitzen omen ziren. 1180tik XV. menderaino aldikako hedapena izango zuen hiribilduak (harresi artean), ondorengo fasean hazkundea gehiago nabarituz XIX. menderaino. Hortik aurrera industrializazioa ere nozituko da eta aspektu urbanistiko, estetiko zein sinbolikoei dagokienean hiri-zabalguneen ereduak XX. mendearen erdiraino. Gizaldi horren bukaeran, beraz, periferiaren metropoli bihurtzea atzemango dugu eta eskualde funtzionalaren kontzeptua, hirigintzako egitamu orokorrak zein lurraldearen antolaketako plangintza partzialak bitarteko, gure egunotan dakusagun Donostia-Baiona itsas bazterreko metropoli-hiria egituratu arte.


 



Argazkiak.org | r. p. © cc-by-sa: isusko 2.- Urgull azpiko portuko planoa eta ainguralekuak. Richard Poulter, 1585. Autore anitz, Itsas aurrean. El País Vasco y el mar a través de la historia, Donostia: Untzi Museoa, Donostiako Foru Aldundia (Kultura eta Turismo Departamentua), 1995.


 


Herrixka primitiboen inguruko burdinola eta ontziolek jakina da bertako portuaren hurbiltasuna aprobetxatu nahi izango zutena, Donostia eta Pasaia aldeko lehen gune industrialak ibaiko uren indarraren eta itsas garraioaren gerizpean zedarrituz, batez ere itsasontziak eraikitzeko (ontzioletan) eta itsasontzi horien ekipamendurako tresneria (aingurak, kateak, e. a.). Aurretiaz aipaturiko Donostia hiriko fundazio foruan itsasoko bizitzari arreta eskaintzen zioten legedi eta eskubideak zuten pisua ikusita, laster helduko zen hiritartasuna Getaria, Hondarribia, Mutriku, Oiartzun eta Zarautzera ere.


 

Argazkiak.org | u. i. © cc-by-sa: isusko 3.- Ibaiertzeko ainguraleku eta deskarga-toki zaharrak, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran jada desagertuak. SADA, Javier. Los puentes de San Sebastián, Donostia: Mitxelena, 2004; 43. or.


 


Lehenbailehen, aurrerantzean gotorleku paregabea izango zen gaztelua eraiki zuten donostiarrek Urgull mendiaren tontorrean[3], hiribildua inguruan dorretxoak zeuzkan harresi sinplearen barnean gordez. Alabaina, XVI. menderaino ez ziren gogortuko defentsarako harresiak, Gaztela eta Frantziaren arteko norgehiagokan altxor preziatua izaki. Urgull-eko fortifikazio militarrak Antiguako herrixka primitiboaren zeresana gutxituko zuen harresi barneko hiriaren mesedetan, bostehun urte baino gehiagoz Donostiako plaza militarra izango zena alegia. Horrela, itsas bazterrean garatu zen arrantzale-herriak harriz inguraturiko hiri berria izango zuen ondoan, olatuak dagoeneko hormaren sustraietako harkaitz azpian zokoratuz.


 



Argazkiak.org | u. g. © cc-by-sa: isusko 4.- Urgull-eko gaztelua eta tropak badiaren inguruetan.






[1] 939. urtearen inguruan agertuko da “San Sebastián de Hernani” zeritzona, Kogollako San Millán Monasterioaren zaintzapean legokeena.



[2] XII. mendetik XV. gizaldirako urbanizazio prozesuan fundatu ziren hiribildurik gehienak Gipuzkoako Anaidian edo ‘Hermandadean’ bilduak zeuden, inguru honetako lurraldeetan bederen. Lehenengoetariko burges-hiri hauek foru frankoak zeuzkaten nafar erregeen garaian; Jaka eta Lizarrakoa Donostiari eman zitzaion eta ondoren itsas bazterreko beste hiribilduetara zabalduko zen (Oleron-go foruaren herentziadunak, Kantauriko portuetan ezagunak). Bitartean, Logroño, Gasteiz eta Arrasatekoak barnealdean izango zuten eragina.



[3] Bertatik ikuskatzen zen panoramak Bizkaiko golko zabala hartzen zuen, Matxitxakotik hasi eta Cap Breton edota Archacon-eraino.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude