Kostako muga-lerroak: interbentzio eskultoriko esanguratsuak (Zarautz, Zumaia eta Pasaiako kasuak)

Itsasoaren eta hiriaren arteko mugetan bestelako artikulazio sinbolikoen testigantzarik ere badugu. Elena Asins eskulturagileak, adibidez, Zarautzeko hondartza parean zementuzko edo hormigoizko blokeez eraikitako pasealekua proposatzen digu.


 


Erritmikoki ezarritako bolumen karratuek Oteizaren triedroak dakarzkigute gogora, baina Oteizak bere kutxekin besarkatzen duen espazioa mugigaitza da, sakratua eta denboratik at dagoena, metafisikoa. Elena Asinsen espazio lineala aldiz dinamikoagoa da, mugikorragoa eta aldakorra, itsasoarekin eta hiriarekin elkarrizketan diharduena. Kostaldearen limiteetan muga bikoitzak markatzen ditu: urbanismoak edo planifikazioak hiri bihurturikoa eta eskulturaren bidez irudikatua.


 



1.- Zarautz. Elena Asins eskultorearen lerro linealak hiriaren eta itsasoaren artean.


 


Ur bazterreko hirigintzaren antolaketa espazio urbanoaren eta itsasoaren artean


Neurri bateraino antzeko ekimenaren berri izan genuen 1996an Zumaiako Udalak dike berrian eskultura publiko bat aukeratzeko konkurtsoa deitu zuenean. Itsasoari muga jartzen diona portuko eraikin erraldoia da kasu honetan, itsasoko olatuei irmo aurre egiten diena. Naturaren eta hiriaren arteko norgehiagokan toki gatazkatsu izan daitekeen leku horretan edozelako artelana jartzea teknikoki oso konplexua izan zitekeen eta ezinezkoa izango zitzaion, hala ere, arkitektura itzelari konpetentzia egitea. Azkenean, lehiaketa irabazita Jabi Elorriaga Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle den artistak 1997 eta 1998 bitartean ibilbide eskultorikoa kokatu zuen kai-muturraren luzeran zehar. Almeriatik ekarritako harriaz erreferentzia figuratiboak dituen ‘noray’ edo bolardoa izan zen pieza klabeena. Horrez gain, marmol zurizko jesarlekuak eta Urolako tren-geltoki zaharraren maketa jarri zituen. Euskarriaren alderdi zabalenean euskal idazle ezagun baten aipua irakur zitekeen: <<estazio zahar bat, bi aulki eta mila istorio asma ditzake tristurak>>.


 



2.- Izaera figuratiboa duten elementu eskultorikoek herriko oroimenaren isla bailitzan funtzionatzen dute Zumaiako kaian.


 


Naturaren muga bihurriak


Behin Donostiara hurbilduz, ibaiarekin eta itsasoarekin aldi berean mugak egituratzeaz gain kontua da badugula hiriko metropolian urte luzez industriari lotutako zonalderik ere. Aipagarria da ‘Pasaiako Badia’ proiektua hautatu zutela Europako Batasuneko ‘Urban’ Planak sustatzeko, garapen jasangarria helburu dutenak. Portua eraberritzeak bertarako hurbil erraztasuna ere hobetzea eskatzen du. Pasaiako portuaren etorkizunak badirudi oraindik ere notizia berriak emango dituela baina bertako adierazpen artistiko bati nahi nioke arreta eskaini:


 


Nestor Basterretxeak 1971. urtean jarritako eskulturak primeran biltzen ditu esangura sinboliko eta monumentalak. Beheko oinarrian agertzen den plakak moila eraikitzeko prozedura teknikoei egiten die apelazioa; <<San Pedroko arrantzarako moila 687 ‘piloteren’ gainean eusten da, luzera osoa 12.506 metrokoa izanik. Pasaiako Portuko Biltzarra. 1971. urtea>>. Monumentuaren enborrak, ostera, hiri altzari baten itxura du, nabigazioa gidatzeko erabiltzen diren argi eta guzti (berdeak ezkerrean eta gorriak eskuinean, itsasorantz irten ahala), ur ondoko espazioen identitatearen lekuko. Goiko partean, propio obra eskultorikoa izango litzatekeena genuke, Euskal Herrian batez ere XX. mendeko maisuekin (Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu) hain errotua izan dugun estetika abstraktua jarraituz.


 


Bizkaiko Areetan dagoen Churrucaren monumentuari buruz genionarekin parekatuko bagenu (HiritArtean 2008/09/29ko sarrera: “Kostaldeko hiri-espazioak Euskal Herrian I: mugak eraikitzen), bertan goraipatzen zen pertsonaia esanguratsuaren bikaintasuna eta gizarte talde baten nagusitasuna (burgesiarena, alegia). Pasaia San Pedroko honetan, gizartearen moldaketa sozio-antropologikoa eta geopolitikoa arras desberdina izaki, inmigrazioaren pisu nabarmenarekin, konplikatuagoa suertatzen da pertsona bakunak identifikatzea kolektibitatearen indarraren gainetik.


 



3.- Portuetako hiri-altzari, eskultura eta aldi berean monumentu diren artelan publikoak izaera nabarmeneko espazioetan txertatzen direnean paisaiarekin identifikaturiko irudi adierazgarriak sortzen dituzte, denboraren iraganean metaturiko memoriak azaleratuz.


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude