Esan ohi da euskara ez dela izan behar inolako alderdi politikoren ikurrik euskararen beraren kalterako delako. Esan nahi da, ordea, abertzaleek ez dutela euskara ikurtzat hartu behar. Nago, euskaltzaleek pozarren onartuko luketela PSOEk, PPk eta Espainiako gainerako alderdiek euskararen normalizazioa euren programan sartuko balute. Zer irudituko litzaizueke Espainiako konstituzioak esango balu: euskara, katalanera, galiziera, asturiera eta aragoiera Espainiako hizkuntzak direlarik, estatuko hizkuntza ofizialak dira eta hizkuntza bakoitzeko lurraldeetan herritarrek jakin beharra eta erabiltzeko eskubidea daukate. Ondo legoke ezta? Eleaniztasun konstituzionala, txo!
Batzuetan, ikusten dugunak beste zerbait iradokitzen digu dena baino; batzuetan ere, iradokitakoak benetan denak baino indar handiagoa dauka harik eta irudipenak errealitatea ordezkatzeraino. Zer irudituko litzaizueke egunkarian irakurriko bazenute: Arabako Aldundiak Zuhatzako begirale bat kaleratu du gazteleraren erabilera sustatzeagatik. Posible izango litzateke Getxoko anbulatorioan gazteleraz ez dakien pediatra izatea? Ez, egia esan, esandako dena asmakeria edo errealitate birtuala da. Halere, antzerako egoerak irudikatzeak balio dezake gure eta besteen posizioak hobeto antzemateko. Hau da, badakigu jakin esandakoa ez dela gertatu eta, gainera, gertatzetik oso urruti dagoela. Espainiako konstituzioak euskara baztertzen du, Arabako Aldundiak Zuhatzako begiralea kaleratzen du euskararen erabilera sustatzeagatik eta udalerri euskaldunetako anbulatoriotan euskaraz ez dakiten medikuak jartzen dituzte.
Euskararen normalizazioa lortzeko politika eraginkorra nahi dugu. Jakina denez, euskaltzaleek nahi dute euskara Euskal Herriko herritar guztiek jakitea, normaltasunez erabiltzea eta euskara hizkuntza ofiziala izatea, horrek dakarren ondorio guztiekin. Printzipioz, zentzuzkoa dirudi pentsatzea euskaltzaleak izan behar direla hizkuntza politika eraginkorraren bultzagileak. Abertzaleen artean, ordea, ez dugu antzematen jarrera bateraturik euskararekiko; bakan batzuek euskaltzaleak dira baina abertzale askok nahikotzat joko luke orain bezalako elebitasun asimetriko.
Abertzaleak ez diren gainerako taldeek, esan dezagun erdaltzaleek, nahi dute herritar guztiek erdaraz jakitea, normaltasunez erabiltzea eta erdara hizkuntza ofiziala izatea, horrek dakarren ondorio guztiekin, jakina. Hori da erdaltzaleek nahi dutena, hori da daukatena eta hori da inondik ere galdu nahi ez dutena. Horregatik etorkinei hiritartasun administratiboa lortzeko erdaraz jakitea eskatzen diete, herritar guztiek erdaraz jakin dezaten. Horregatik zorrotz defendatzen dute erdararen erabilera nonahi, noiznahi eta edozertarako. Horregatik, azkenik, herri administrazioko edozein lanpostutan jardun ahal izateko ezinbesteko baldintza da erdaraz jakitea, ondo jakitea, alfabetatua izatea, alegia.
Ez dakigu euskaltzaleek zer nahi duten erdararekiko. Euskaltzaleen artean denetarik egon daitekeela uste dugu, baita erdara euskararen pareko hizkuntza gisa onartzen dutenak ere. Izango dira erdara bigarren mailako hizkuntza gisa nahiko luketenak, noski. Era berean, ez dakigu erdaltzaleek zer nahi duten euskararekiko. Haien artean denetarik egon daiteke? Ikusitakoak ikusita ez dugu uste. Ez dugu uste erdaltzaleek, oro har, euskara erdararen pareko hizkuntza gisa onartzeko prest daudenik. Hori euskararen normalizazioa lortzeko arazo latza izan daiteke.
Euskaldun guztiak, salbuespenak salbuespen, elebidunak dira. Are gehiago, esango nuke euskaldun guztiek onartzen dutela elebidunak direla eta ez daudela prest dakiten hizkuntza bakar bat ere galtzeko. Ikuspegi horretatik, bada, euskaldunak hizkuntza politikarako moldagarriak dira. Hizkuntza politikaren oztoporik gogorrena euskaraz ez jakitea eskubide gisa aldarrikatzen duten horiek dira. Ez dira gutxi, egia esanda. Horiei jakinarazi behar zaie ez jakite hori ez dela inoren eskubide. Kontua da hizkuntza politikaren xedea euskararen normalizazioa bada, euskaldunak eustarri eta euskaltzaleak bultzagile izan behar dituela hizkuntza politikoa. Hau da, erbibideko hizkuntza politikorik ez dago, ez dago neutraltasun posiblerik euskaltzaleen eta erdaltzaleen artean.
Erdaltzaleen irudipenean euskararen normalizazioak elebakartasuna dakar. Euskara inposatzen ari dela hamaika bider errepikatzearen eraginez sinestaraziraino iritsiko dira. Lehen esan moduan, euskaldun guztiok, gutxienik, elebidunak gara, geroari begira oso kontziente gaude gizaldi batzuetan euskaldunok elebidun edo eleaniztun izango garela, denok. Euskararen normalizazioak ez dakar inongo hizkuntza desagerrarazterik, kasuan kasu, normalizazioak lekarke erdaldunak, gure moduan, elebidunak edo eleaniztunak bilakatzea.