Hizkuntzen arteko ukipen egoeretan, hizkuntzen presentzia eta erabilera mailak aldagarriak dira. Aurreko hori, konstatazio hutsa da. Hau da, ukipen egoeretan hizkuntzen presentziari eta erabilerari dagokienez ez dago oreka egonkorrik. Zergatik elebidun, edo eleaniztun, batek eginkizun batzuetarako edo toki jakin batzuetan, hizkuntza bat hautatzen du, eta beste eginkizunetan edo beste tokietan, beste hizkuntza bat erabiltzen du? Ez dakigu. Hobe esanda, ez daukagu erantzun orokorrik. Alabaina, hiztunen arteko ahozko komunikazioa kalean nola gertatzen den aztertzen badugu fenomeno horri buruz zerbait gehiago jakin dezakegu. Euskaldunok, oro har, noiznahi, nonahi eta edonorekin erdaraz egiteko aukera daukagu. Halere, ez dugu beti erdaraz egiten. Zergatik? Zergatik ez dugu beti erdaraz egiten? Zergatik ikertzaileek ez dute ikertzen hori? Zenbatean hitz egiten dugu erdaraz? Zer misterio du elebidunok denek dakiten hizkuntzaz jarduteak? Ez al da portaera naturala? Ez da harrigarriagoa eta misteriotsuagoa hizkuntza gutxituaren erabiltzen tematzea?
Gaude, euskaldunen hizkuntza portaera ikertzen (zelatatzen) digutela euskararen egoera tamalgarriarekin errudun sentiarazteko. Guk nahiago beste ikuspegi erabiltzea. Hizkuntza gutxituaren erabilera soziala zorizko aldagaia dela kontsideratuz gero zerbait jakin dezakegu eta.
Hizkuntza gutxituaren hiztun-elkartearen fenomenoa udalerriz udalerri aztertzeak beste ikuspegi zabalgoa erakutsiko digu. Ikerketa ugari eginagatik oraindino ez dugu hizkuntza gutxiaren fenomenoa taxuz antzematen. Estatistikaz eta grafikoez apur bat jakinda erraza da. Modu hori azaltzen saiatuko gara. Gogorazi nahi dugu, berriro ere, modu orokorrean eta ahalik sinpleenean, gaur eguneko egoera demolinguistikoaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren eta nola erabiltzen ditugun. Bat, euskalduna euskaraz hitz egiten dakienari esaten diogu; bi, dagoenekoz Euskal Herrian ez dago euskaldun elebakarrik (ez kopuru esanguratsuan) eta, hiru, euskaldun guztiak, salbuespenak salbuespen, elebidunak edo eleaniztunak dira. Horiek dira oinarririk sinpleenak, azaldu moduan erabiliko ditugu. Ia euskaldunak, elebidun pasiboak eta enparauak gure azterketatik kanpo utziko ditugu, hiztun tipo oso kitzikagarriak bazaizkigu ere. Euskaldunak (elebidunak) eta erdaldunak (elebakarrak), bi kategoria, bi hiztun klase besterik ez dugu erabiliko azterketa honetan.
Oinarrizko kontzeptuak alde batetik, eta bestetik, lurralde-unitatea. Hizkuntza normalizaziorako funtsezko lurralde-unitatea: udala. Udalerria, hiritarrengandik gertuen dagoen administrazio unitatea. Euskaldunak, erdaldunak eta udalerriak, horiekin nahikoa elementu dauzkagu lanean hasteko. Orain, grafikagintza apur bat argitzea besterik ez dugu behar. Grafiko estatistiko sinpleenetarako oinarri-oinarrizkoa: ardatz cartesiarren eredua. Ardatz cartesiarretan, oinarrizkoetan, bi dimentsio dauzkagu: abzisa (ardatz horizontala, X hizkiaz izendatu ohi dena) eta ordenatua (ardatz bertikala, Y hizkiaz izendatu ohi dena). Bi ardatz horiek mugatzen dute eremu cartesiarra, azalera bat, plano bat, azken buru. Plano horretan, bi dimentsioen arabera, edozein gauza (proiekta) marraz dezakegu.
Demagun, abzisan hasierako zentsuetako (1981) datuak ordenatzen ditugula; demagun ere, kasurako, udalerrietako euskaldunen (elebidunen) proportzioak dauzkagula. Hau da, ardatzen sorburuan, zuzenaren abiaburuan, 0 jarri, amaieran 1 ipini eta tarteko lerrozuzenean Euskal Herriko udalerri guztiak zerrenda ditzakegu hurrenkeran euskaldunen proportzioen arabera. Gauza bera egin dezakegu ondorengo zentsuetako datuekin lerrozuzen bertikalean (ordenatuan). Gero, udalerri bakoitzak zentsu bateko eta besteko proportzioen arabera eremu cartesiarrean puntu jakinetan elkartuko ditugu. Metodologiak eta teknologiak erabili nahi ditugu gardentasunaren, erosotasunaren eta sinpletasunaren mesedetan.
Euskararen hiztun-elkartean, gure adieran, Euskal Herriko 685 udalerrietan erroldaturiko euskaldun guztiak osatzen duten multzoa da, multzo hori komunitate gisa eratzen den ala ez aparte utzita. Hegoaldeko zentsuen arabera, eta Iparraldeko inkesten arabera, zenbatzen dira euskaldunak. Zentsuak herritarren erregistro administratiboak dira estatuek, hamar urteren behin, egiten dituzte. Euskaldunak, azkenik, herritarrak dira euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak. Euskaldunak zenbat diren eta zein proportzioetan banatzen diren udalerrietan aztertu dugu. Horra, bada, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien diagrama, adibide gisa.
Joan den mendean, 1981ean, 148 udalerri euskaldun zeunden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hogeita hamar urtetan lortu dugu 91 udalerritan euskaldunen indarra (proportzioa) ahultzea eta udalerri euskaldunetan hiztunen zenbaki absolutua murriztea ere. Elebitasunaren aldeko albo-kalteak dira nonbait.