Txillardegiren irakaspenak (IV)

     Biztanleria, jakina denez, etengabeko aldaketa prozesuan bizi da, hazi egiten da. Batzuetan hazi, berezko hazkuntzaren bitartez eta kanpoko pertsonen etorri datozelako, bestetzuetan biztanleak galdu heriotza-tasa handiarengatik edo bertako pertsonak kanpora joan doazelako. Euskal Herriko biztanleriaren tamaina, gure kasurako, oso antzekoa izan da azken berrogei urteotan. Alabaina, horrek ez du esan nahi, bai biztanlerian zein euskararen hiztun-elkartean, aldaketarik egon ez direnik.

     Hiztun-elkarteak, biztanleriaren modu berean, hazi eta aldatu egiten dira denboraren joanean. Hiztun-elkarteak, oro har, biztanleriaren azpimultzoak direlarik, biztanleriaren bilakaeraren mende daude. Biztanleriaren hazkuntza positibo handia denean, bere baitako hiztun-elkarteak, ez badu maila berean hazten, presentzia eta indarra gal dezake. Hori gertatu da, hain zuzen ere, Hegoaldean gerra amaitu ondorengo 40 urteetan; biztanleriaren hazkuntza askozaz biziago izan zen euskararen hiztun-elkartearena baino. Hazkuntza horrek, besteak beste, ekarri zuen euskara hizkuntza gutxitua bihurtzea.

     Biztanleriaren eta hizkuntza gutxituaren hiztun-elkartearen hazkuntza-tasak kalkulatuz, bilakaerak nolakoak izan daitezken jakin dezakegu. Hona hemen darabilgun formula:

Hazkuntza formula Non:

  •  Tc Hazkuntza-tasa urteko
  •  P2 Biztanle edo hiztun kopurua bigarren momentuan
  •  P1 Biztanle edo hiztun kopurua bigarren momentuan
  •  t 1. eta 2. momentuen artean igarotako denbora (urteak)

     Hiztun-elkarteak, biztanlerien antzera, etengabe aldatzen ari dira: berezko hazkuntzak (jaiotzak eta heriotzak), migrazio mugimenduak eta bestelako aldaketak gertatzen dira. Hiztun-elkarteak ezagutu nahi baditugu, lehen-lehenik nola hazten diren ezagutu behar dugu. Horretarako erabiltzen dugu, hain zuzen ere, demografiak ekarritako teknologia. Hiztun-elkarteak eite bizidunak dira, sortu, hazi, birsortu eta hil egiten dira. Zenbat hazi behar du hiztun-elkarte batek bizirik irauteko?

     Oro har, biztanleriak bere burua berritzeko, ez zahartzeko, urteko %2tik gorako hazkuntza-tasa behar du. Alabaina, gure bizi-itxaropena gero eta handiagoa da, gero eta urte gehiago bizi gara eta. Jendartearen adin-piramideak bere itxura ez galtzeko, oinarria zabal-zabala eta erpin estua izateko, biztanleriak, ezinbestean hazi behar du. Hiztun-elkarteak ere, bizirauteko hazi behar du. Hazkuntza positiborik ez duen hiztun-elkarteak desagertzera jotzen du. Hau da, hiztun-elkarteak bizirik irauteko hazkuntza positiboa behar du, biztanleriaren antzera urteko %2tik gorako hazkuntza-tasa beharko luke.

     Datu ofizialen arabera, 1991-2011 20 urte horietan 16 urtetik gorako biztanleen artean 185.600 elebidun gehiago bildu dira euskararen hiztun-elkartera. Horrela esanda, kontuan hartuz 1991. urtean elebidunak 528.521 besterik ez zirela hazkuntza handia izan dela ematen du. Datu gordinetan horrela interpreta dezakegu. Urtez urteko hazkuntza-tasak kalkulatzen badugu, ostera, 20 urte horietan hazkuntza-tasa ozta-ozta iritsi da %1,52ra. Epe berean (1991-2011) Euskal Herriko biztanleriak %0,4 besterik ez zuen hazi. Euskararen hiztun-elkarteak (16 urtetik gorakoak) puntu bat gehiago hazi du biztanleria osoa baino. Hau da, hazkuntza erlatiboa oso onuragarria izan da euskararen hiztun-elkartearentzat. Arazoa da hazkuntza-tasa hori apaltzen ari dela azken urteotan.

     Hizkuntza gutxituaren hiztun-elkarteak normalizazio lortzeko biztanleria baino bizkorrago hazi behar du. Euskararen hiztun-elkartearen azken 30 urteetako hazkuntza-tasa (urteko) %2koa baino handiagoa izan zen hasieran, 1981-1991 hamarraldian, azken urteotan, ordea, apaltzen ari da. Euskal Herriko biztanleria, berriz, apenas handitu da urte hauetan guztietan. Esan dezakegu biztanleriaren eta euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza-tasen diferentzia horrek ahalbidetu duela elebidunen proportzioaren hazkuntza bizia izatea. Euskal Herriko biztanleriaren hazkuntza zeroren ingurukoa izan beharrean, oro har, %2 ingurukoa izan balitz egunotan elebidunen proportzioa % 20tik beherakoa izango zatekeen.

     Biztanleriaren hazkuntza eza izan da, beraz, euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza (erlatibo) handiaren eragile nagusia. Bilakaera demografikoak, zelanbait, lagundu du euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza (erlatiboa).

     Orokorrean, biztanleriak eta hiztun-elkarteak, alde batetik, eta hazkuntza-tasak, bestetik, egoera desberdin batzuk antzeman ditzakegu. Biztanleak eta hiztunak, galtzen edo irabazten dutenen arabera, lau egoera nagusi bereiz ditzakegu. Edozein kasutan, bistan da, hizkuntza gutxituaren hiztun-elkarteak desagertzera jotzen du, ezinbestean, hiztunak galtzen baditu.

     Udalerria da Euskal Herriko antolaketa administratiboaren oinarrizko unitatea. Udalerrietako biztanleriaren eta euskararen hiztun elkartearen hazkuntza joeren arabera hurrengo korrespondetzia taula eraiki dezakegu:

Taula 201401 1. Taula: Biztanleria eta euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza-egoerak.

     Oro har, sei egoera berezi ditugu. Banan bana azal ditzagun:

  1. Biztanleria eta euskararen hiztun-elkartea, biak, positiboki hazten direnean:

1.1.   Biztanleria mantsoago hazten denean, euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza absolutua eta erlatiboa, biak, positiboak dira. Euskararen normalizazioa gertagarria da.

1.2.   Biztanleria bizkorrago hazten denean, euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza absolutua positiboa izan arren, euskaldun gehiago badago ere, hazkuntza erlatiboa negatiboa da. Kasu honetan, euskararen hiztun-elkartearen proportzioa urterik urte murrizten da.

2. Biztanleria positiboki hazi eta euskararen hiztun-elkartea negatiboki. Euskararen hiztun-elkarteak desagertzera jotzen du, abiada biziko galera prozesua da.

3. Biztanleria negatiboki hazi eta euskararen hiztun-elkartea positiboki. Euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza erlatibo maila handia, biztanleriaren hazkuntza ezak eragindakoa da. Abiada biziko prozesua bada ere, biztanleriaren galerak mugatzen du euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza.

4. Biztanleria eta euskararen hiztun-elkartea, biak negatiboki hazten direnean:

4.1.   Biztanleria bizkorrago (negatiboki) hazten denean, euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza absolutua negatiboa izan arren, euskaldun gutxiago badago ere, hazkuntza erlatiboa positiboa da, hazkuntza faltsua dela kontsidera dezakegu. Euskararen hiztun-elkartearen proportzioa urterik urte hazten bada ere, biztanleriarekin batera desagertzera jotzen du.

4.2.   Biztanleria mantsoago (negatiboki) hazten denean, euskararen hiztun-elkartearen galera abiada biziko prozesua da. Biztanleria murriztu ahala euskararen hiztun-elkartea are biziago murrizten da. Euskararen desagerpena gertaera segurua da.

     Euskal Herriko udalerrien artean aurki daitezke aipatu sei kasu horiek. Hau da, badira biztanleria galtzen ari diren udalerriak, eta berarekin batera, jakina, euskararen hiztun-elkarteko hiztunak; badira biztanleria irabazten ari direnak baina euskararen hiztun-elkarteko kideak galtzen, eta badira biztanleria eta euskararen hiztun-elkarteko hiztunak, bietan irabazten ari direnak.

Taula 201402

2. Taula: Euskararen hiztun-elkartearen hazkuntza tipologia.

     Aztertu ditugu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak (244) Udalerri gehienetan euskara berreskuratzen ari da (EUSTAT 1981-2011)  Halere, ez zaigu iruditzen udalerrien bilakaera oso aldekoa denik. Aspaldi desagertu ziren euskaldun elebakarrak, 30 urte edo, eta udalerri oso euskaldunak, arnasa-guneak deitutakoak, nabarmen ahultzen ari dira. Gure ustez, indarrean dagoen hizkuntza politikaren ondorio zuzena da; elebitasunaren aldeko politikak kalte egiten die euskararen arnasa-gunei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude