Txillardegiren irakaspenak (III)

     Joan den apirilaren hamalaugarren egunarekin Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean, Jaurlaritzak euskararen erabileraren normalizazioaren alorrean daraman jarduera politikoari buruzko eztabaida monografikoa egin zen. Eztabaidaren ondorengo ebazpenen artean EH Bilduk bat aurkeztu zuen euskararen erabilera soziala ebaluatzeko eta interpretatzeko prozedura estandarra jartzeko.[1]

     EAJk ez zuen ebazpena onartu “teknikoa” zelako eta aurka bozkatu zuen. Ebazpena, jakina, ez zen onartu. Gerora, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordeak Poziktibity kanpaina aurkeztu zuen, euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua omen da. Itxuraz, kanpainaren bitartez Jaurlaritzak mezu alaia, positiboa eta eragingarria (pozik+positivity+activity) zabaldu nahi du. Antza denez, Jaurlaritzak irauli nahi ditu euskararen normalizazio bidean dauden ahuluneak eta horietako bat euskararen erabilera soziala omen da.

     Alabaina, euskararen erabilera benetako ahulunea da normalizazio prozesuan? Euskara gutxi erabiltzen da? Euskararen erabileraren bilakaera txarra izan da? Galdera horiei erantzun aurretik kontzeptu batzuk argitzea komeni da. Honetan ere, Txillardegiri ikasitakoari jarraituko diogu, nola ez.

     Hizkuntzaren jakite mailari soziolinguistikazko literaturan, gehienetan, hizkuntzaren ezagutza esaten zaio. Oro har, hiztun bakoitzak hizkuntza bat edo gehiago jakitearen ezaugarria da, norbanakoaren ezaugarria, alegia. Orokorrean, hizkuntzaren jakite maila oinarrizko lau trebetasunen arabera neurtu ohi da: ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena. Neurketa horietatik eratortzen dira, hain zuzen ere, hiztun klaseen sailkapenak.

     Hizkuntzaren erabilera, oinarrizko kontzeptuen artean interesgarriena izan daiteke baina, aldi berean, ikertzeko zailena. Printzipioz hizkuntzaren erabilera hiztun bakoitzari badagokio ere, erabilera ahozkoa denean, beti taldean gauzatu behar da. Hizkuntzaren erabilera, bada, gertaera soziala da eta, aldi berean, gertaera indibiduala ere bada. Izaera sozial eta indibidual horiek, askotan, bereizi ezinak dira. Pertsona bakar batek, elebakar batek, esaterako, eragin dezake hiztun multzoak darabilen hizkuntza eta, beste kasu batzuetan, taldea izan daiteke hiztun elebidunaren hizkuntza erabileran eragiten duena. Hizkuntzen arteko ukipen egoeratan taldeen hizkuntza-portaerak norbanakoaren portaeran eragiten du; taldea eta norbanakoaren arteko elkar eragintza etengabekoan, luzera begira, errazagoa eta gertagarriagoa da norbera taldearen joerari men egitea alderantziz baino. Hau da, luzera begira, hizkuntzaren erabilera soziala nagusitzen zaio erabilera indibidualari.

     Esan moduan, hizkuntzaren erabilera, berez, indibiduala da, bai, baina, neurri handian, norbanakoarena erabilera sozialaren funtzio zuzena da. Hotz-hotzean pentsaturik, hizkuntzaren erabileraz hitz egiterakoan, ez du zentzu handirik soziala/indibiduala bereizketa egiteak; erabilera, berez, beti soziala, eta aldi berean indibiduala, delako. Halere, euskaldunok ederto baino hobeto dakigun moduan, hizkuntzaren erabilera sozialaren maila txikia interpretatu ohi da erantzukizun indibidualen terminotan. Hau da, euskaraz (sozialki) gutxi hitz egiten bada euskaldun jakinek, norbanakoek, gutxi erabiltzen dutelako da; antza denez, erabilera soziala murritzaren erantzukizuna hiztunaren ardura da, horrela, singularrean. Euskararen erabilera soziala txikia bada, zu, ni eta bera gara erantzuleak, taldeak, zuek, gu eta haiek, pertsona singularrek egiten dutenaren menpe egongo bailiran. Agerikoa da norbanakoa eta taldearen arteko harremana erlazio dialektikoa dela.

     Hizkuntza-erabileraren askotariko dimentsio horiek zailtzen dute erabileraren neurketa eta, batez ere, erabilera mailaren interpretazioa. Elebidunak zein hizkuntzatan hitz egin nahi duen eta, benetan, zein hizkuntzatan egiten duen sarritan ez datoz bat. Ez da erraza hizkuntzaren erabilera neurtzea. Autoinformea ez da, kasu hauetan, hizkuntzaren erabilera neurtzeko teknikarik egokiena. Hobe da, zuzeneko behaketa erabiltzea; hiztunen berezko portaera aztertu bere horretan, egoeran eragin gabe, horrela zein hizkuntzatan egiten duen neur dezakegu. Halere, askotan, beste hoberik ezean autoinformea erabili behar izaten dugu.

     Zentsuetan etxeko ohiko hizkuntzaren erabileraz galdetu ohi da. Hori har dezakegu autoinformearen adibide. Erabileraren gaineko jakin mina ulergarria da. Hizkuntzaren erabilera mailak ezaugarritzen baitu, neurririk handienean, hizkuntzaren bizitasuna. Edozein kasutan, gogoan izan behar dugu hizkuntzen arteko ukipen egoeran hizkuntzen erabileraren adierazlea beti adierazle erlatiboa dela. Hau da, hizkuntza bi edo gehiago erabil ditzaketenei buruz ari gara, haien hizkuntzen erabileren proportzioa ezagutu nahi dugu, dakien hizkuntza bati dagokiona, komunikazioaren osotasunetik zein zati dagokion hizkuntza jakinari, alegia.

     Hamar urteren behin egiten diren biztanleriaren zentsuen bitartez jakin dezakegu zenbat herritarrek dakiten euskaraz. Hau da, zenbat euskaldun dagoen. Zentsukoa da euskararen ezagutza neurtzeko eragiketarik zabalena, garrantzitsuena eta eraginkorrena; zentsua da, azkenik, informazio soziolinguistikoaren iturri ofiziala. Zentsuetan hizkuntzari lotutako beste bi aldagai neurtzen dira: ama-hizkuntza (herritarren jatorrizko hizkuntza-k-) eta etxeko ohiko hizkuntza.

     Adibidez, 1991. urtean ehun herritarren artetik 26k euskaraz zekiten eta hamar urte beranduago (2011), berriz, 37k.  Portzentajeetan hamaika puntuko hazkuntza da, datuak ez du inolako zalantzarik interpretatzeko: euskaldunak gero eta gehiago dira absolutuki eta erlatiboki.

Zentsu urtea

Euskaldunen proportzioa

Etxeko ohiko hizkuntza (euskara + biak)

1991

%26,3

%21,91

2011

%37,2

%21,50

 

     Erabilerari buruz hitz egiten dugunean, ordea, kontua ez da horren argia. Erabilera-tasa horiek %21,9 (1991) eta %21,5 (2011) biztanleriarekiko txikiak dira, dudarik ez dago eta, gainera, erabilera-tasa zerbait txikiagoa da. Halere, euskaraz bakarrik euskaldunen artean erabil daitekeela kontuan hartzen badugu datuak beste modu batean irakur ditzakegu:

Urtea

Gutxienik euskaraz egiten dutenak

Erabilera

1991

459983

84,6%

2011

462000

58,5%

     Datuak horrela irakurrita, esan dezakegu 2011 urtean euskaldun gehiagok daukala euskara ohiko hizkuntza 1991ean baino. Arazoa ez da euskaldunek, euskaldun zaharrek, euskara erabiltzeari utzi diotenik, auzia da, itxuraz, euskaldun berriek ez dutela zaharrek adina euskara erabiltzen. Seguru asko, hau gure iritzia da, euskaldun berriek euskaraz egin ahal izateko aukera gutxiago dauzkatelako. Edozein kasutan, datuak datu, euskaldunen gehiengoak dauka euskara etxeko ohiko hizkuntza.

     Gogaitugintzan dihardutenek ere uler dezakete euskaldunen proportzio hori euskararen erabileraren gaindiezineko muga dela. Hau da, euskaldunen proportzioa eta euskararen erabilera sozialaren portzentajea bat etorriko balira, ezinbestean, euskaldunak euren artean bildurik bizi beharko luketela eta euskaraz bakarrik hitz egin beharko luketela. Euskararen erabilera sozialaren mailak ezin gaindi dezake euskaldunen proportzioa. Ideia hau ulertzea eta onartzea beharrezkoa da erabilerari buruzko datuak egoki interpretatu ahal izateko.

     Halere, urte hartako zentsuan, lehenbizikoz galdetuta, herritarren %21,9k esan zuen etxean hitz egiten zuela euskaraz (%13,8) edo euskaraz eta gaztelaniaz (%8). Ez da aritmetika gehiegi jakin behar zenbaki horiek ikusita, %26,3 (ezagutza) eta %21,5 (erabilera), elkarren oso antzekoak, pentsatzeko euskararen erabilera goren mugatik oso gertu dagoela. Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldun gehiengo zabalak (%84,6) etxean euskaraz hitz egin behar zuen, gutxienik euskaraz, nahi bada. Sinesgarria ote da urte hartan euskaldunen etxebizitzetako kide guztiak euskaldunak zirela? Sinesgarria al da ia beti euskaraz hitz egiten zutela? Sinesgarria iruditzen zaio datua irakurleari?

     Hogei urte beranduago (2011) zentsuaren arabera euskaldunen proportzioa %37,2 izan da, esanguratsuki handiagoa, beraz. Etxeko ohiko hizkuntzaren erabilera, ostera, %21,5 izatera iritsi zen, %13 euskara betean eta %7,4 euskaraz eta gaztelaniaz. Datua aurrekoa baino sinesgarriagoa bada ere, etxeetako euskararen erabilera maila, oraindik ere, izugarri handia iruditzen zaigu.


[1] Euskararen erabilera ebaluatzeko eta interpretatzeko prozedura estandarra erabil dezala. Prozedura estandar horretan kontuan hartu behar izango ditu tokian tokiko euskaldunen proportzioa eta ahozko komunikazioa gertatu ahal izateko bete beharreko baldintzak

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude