Txillardegiren irakaspenak (II)

     Espainiako Estatuan tabakoaren kontsumoaren aurkako legea egin zutenean (2010) batek baino gehiagok esaten zuen legea alferrikakoa izango zela, euren ustean jendearen portaera ez baitzegoen legearen indar soilez aldatzerik. Puntukako gidatzeko baimena ezarri baino lehen bazen pentsatzen zuena ez zela ezer aldatuko gidarien ohituretan. Legeak lege, ikusitakoak ikusi ondoren, orain badakigu jakin pertsonen portaera mugatu eta eraldatu daitekeela, legez, legeen indarrez, alegia. Hau da, politika pertsonen portaera eraldatzeko lanabes eraginkorra izan daitekeela.

     Gogoetagintzan diharduen bateren batek esan dezake berak ezagutzen duela erretzaile porrokatua haurtzaindegietan ere erretzen duena edo ikusi duela autopistetan puntukako gidatzeko baimenaren sistemari muzin egiten diona. Ez diot aurka egingo, are gehiago, seguru nago badirela horrelako erretzailerik eta gidaririk, errealitatea askotarikoa delako. Fenomenologia, gogoeta-bide hori, ostera, arrazoibide eskasa da argudiatzeko erretzaileek, erretzaile guztiek, nonahi erretzen dutela eta auto gidariek, gidari denek, nahieran gidatzen dutela.

     Errealitateak erakusten digu, senide euskaldun petoak eta senide erdaldun petoak familia berean, Ataun bezalako herri bateko familia euskaldunetan etxe barruko euskararen erabilpenaren beherakada; erakusten digu berriketa bizia gaztelera batuan Herriko Tabernetan edota Berriaren irakurleriak ez duela islatzen hezkuntza sistemak azken hogeita hamar urteetan eragin duen euskaldun alfabetatu kopuruaren hazkuntza. Hori gertatzen da, seguru asko, baina ez Ataungo familia guztietan, ez Herriko Taberna guztietan eta Berriaren irakurleriaren zenbatekoak, neurri batean, behintzat, bai islatzen duela euskaldun alfabetatu kopuruaren gorakada. Horiek guztiak ez dira fenomeno paranormalak, gertagarri arruntak baizik, errealitate askotarikoaren jazoerak, erraz azaltzekoak beste aldetik. Beste kontua da esatea portaera horiek euskaldunen ohiko portaerak direla; bakanen batzuek egiten dutena guztiei, osotasunari, leporatzea ohiko akats metodologikoa da Gizarte Zientzietan.

     Errealitateari begiratzeari uko egiteak bi ondorio izan ohi ditu: bata, espaloiko kroska ez ikustea, eta bestea, estropezu egin eta muturreko galanta hartzea. Aitor dezagun, orokorrean, ez diola inork errealitatea begiratzeari uko egiten, ez nahita behinik behin. Politikagintzan are gutxiago. Gerta daiteke, hori bai, pertsona batzuk ideia jakinetan egoskorturik itsutzea eta okerreko konklusioetara iristea behin eta berriz, haien gogoetagintza fedeen arabera ainguratuta lotzen zaiela, irizkidetzan aurrera egin ezinean.

     Hizkuntza politika oso garrantzitsua da, besteak beste, euskararen eta haren hiztun elkartearen egoeran eragiten duelako. Hizkuntza politikak eragiten du hizkuntzaren corpusaren bilakaeran, horra hor, Euskara Batua. Eragiten du alfabetatze prozesuetan eta hiztunen hizkuntzaren erabileran. Hizkuntza politikak eragiten du onerako eta txarrerako ere. Hau da, artez edo moldez, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa indarrean dagoen hizkuntza politikaren ondorioa da. Bateren batek uste badu hori fede kontua dela, bejondeiola bere ustearekin eta erlijioarekin. Gure ustez, arestian esan moduan, politikak herrien garapenean eragiten du. Politikariok ez gara erantzukizun bakoak, hain zuzen ere, jarduera politikoak herriarengan eragiten duelako. Ez diezaiegun uka politikariei dagokien eragiteko ahalmena, ez diezaiegun ken ahalmen horri datxekion erantzukizuna.

     Diote, ezker abertzalearen inguruko euskalgintzak fededun diharduela aspaldian, behatzaile baino. Diote, euskalgintzako horientzat, euskaldun oro euskaltzalea dela, oro har, (ezker abertzaleko euskalgintzako) haietako inork ez dakiela esplikatzen  Txillardegi zenak noizbait egindako eredu matematikoa. Diote, Jose Luis Alvaren Enparantza irakaslearen ekarpena erlikia moduan astintzen dutela eta esaten dutela euskarak ez duela aurrera egiten behar beste babes juridikorik ez duelako, euskara, gure etsaien eraso etengabeek ahultzen dutela. Hori eta gehiago diote. Diotenek, asko hitz egin eta deus esan ez, hitzak merke darabiltzate. Edozein kasutan arrazoi daukate, zabalago eta sakonago azaldu behar dira Txillardegiren ekarpenak, haien ondorioak, aplikazioak eta erabilgarritasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude