Txillardegiren ekarpenei buruzko eztabaida (ber)piztu denez, egokia iruditu zait haren Soziolinguistika Matematikoaren abiapuntuzko kontsiderazioak eta hipotesiak hona ekartzea. Laburbildu ditut edozeinek ezagutu eta, hala nahi izanez gero, eztabaida dezan. Jarraian zerrendatzen ditugun kontsiderazioak irakaslearen teoriaren abiapuntu eta oinarri gisa uler daitezke.
- Edozein bi hizkuntzen arteko ukipen egoeran hiru hiztun tipo aurki daitezke: A eta B hizkuntzen hiztun elebakarrak eta AB/BA hizkuntzen hiztun elebidunak.
- A eta B hiztun tipo elebakarrak direnean, euren elkarren arteko ahozko komunikazioa ezinezko gertaera da elkarri ulertzen ez diotelako.
- AB/BA hizkuntzen hiztun elebidunen (ahozko) komunikazioa A edota B hiztun elebakarrekin, komunikazioa izango bada, beti gauzatzen da elebakarren hizkuntzan (A ala B hizkuntzaren batean).
- Elebidunen hizkuntza erabilera, beraz, hiztun elebakarren hizkuntzaren araberakoa da; elebidunek ez daukate komunikazio hizkuntza aukeratzeko betarik elebakarren aurrean.
- A eta B hizkuntzen hiztun elebakarren multzoak existitzen diren bitartean, A eta B hizkuntzen erabilera, maila batekoa edo bestekoa, gertaera segurua da. Bi hizkuntzen erabilera maila, printzipioz, hiztun elebakarren multzoen tamainen araberakoa da; osotara begiraturik, multzorik handienak erabilera tasarik handiena erakutsiko du.
- A eta B hizkuntzen hiztun elebakarren multzoak antzeko tamainakoak direnean, AB/BA hizkuntzen hiztun elebidunen hizkuntzen erabilerak lerratzen ditu A edota B hizkuntzen erabilera tasak. Kasu honetan hizkuntzen estatusa, boterea eta abar, faktore erabakigarriak dira hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko.
- Hizkuntza batek, B hizkuntza demagun, hiztun elebakarren multzoa galtzen badu, hizkuntza horren erabilera gertaera segurua izateari uzten dio. B hizkuntzaren erabilera, beraz, zorizko gertaera bilakatzen da.
- Hizkuntzen arteko ukipen egoeran, bi hiztun multzo besterik geratzen ez badira, A hiztun elebakarrak eta AB/BA hiztun elebidunak, B hizkuntzaren erabilera maila, halabeharrez, elebidunen elkarren arteko hizkuntzen erabileraren araberakoa da.
- Edozein kasutan B hizkuntzaren erabilera maila mugatua da, muga horren arrazoia A hiztunen multzoa da. Elebakarrek jartzen dute B hizkuntzaren erabilera mailaren muga, beraz.
- Hizkuntzen arteko ukipen egoeran dauden hizkuntzak egoera asimetrikoan daude, B hiztun elebakarren multzoa desagertzen denean. A eta B hizkuntzen arteko simetria izan ahal izateko edo hiztun guztiak AB/BA elebidunak bihurtzen dira edo hizkuntza bakoitzak berreskuratzen ditu antzeko tamainako hiztun elebakarren multzoak.
- Hiztun elebakarren multzoa galdu duen hizkuntza, B hizkuntza, asimetria jasaten duena, hizkuntza gutxitua da.
- A hizkuntza, berriz, edonork, edonon eta noiznahi erabil dezakeena da eta hizkuntza (komun) nagusia bihurtzen da. A hizkuntzaren hiztun-elkartea da, beraz, asimetriaren onuraduna.
- Hizkuntzen arteko ukipen egoera asimetriko horretan, elebidunen hizkuntza leialtasunaren funtzio zuzena da, besteak beste, B hizkuntzaren erabilera maila.
- AB/BA hiztun elebidunen proportzioa ezagutzen badugu kalkula daiteke zenbatekoa den itxaro daitekeen B hizkuntzaren gorengo erabilera maila. Hau da, kalkulagarria da elebidunen artean B hizkuntza gutxituaren erabilera-tasa.
- Hiztun guztien arteko hizkuntza harremanak gertagarri direla kontsideratzen badugu eta hizkuntza gutxituaren erabilera-tasaren goi atalase maila gainditzen ez bada, hizkuntza egoera isotropiakoa dela esaten dugu.
- Hiztun guztien arteko hizkuntza harremanak gertagarri direla kontsideratzen badugu eta hizkuntza gutxituaren erabilera-tasaren goi atalase maila gainditzen bada, hizkuntza egoera anisotropiakoa dela esaten dugu.
Aipatu horiek dira, besteak beste, Soziolinguistika Matematikoa teoriaren abiapuntuzko kontsiderazioak eta hipotesiak. Aipatu ditugun hamasei baino gehiago izan zitezkeen, jakina. Jose Luis Alvarez Enparantza, ezaguna denez, linguista bikaina izan zen; Txillardegi izan da, beste batzuen artean, Euskara Batuaren aitaponteko bat, BAT Soziolinguistika aldizkariko sortzaileetariko bat eta, mundu mailan, euskararen egoerari buruz gehien zekien ikertzaileetariko bat. Txillardegik ondo baino hobeto ezagutzen zituen XX. mendeko soziolinguistika, ezagutzen zituen teoriak eta teoriagileak, harreman zuzenak izan zituen horietako askorekin. Teoria askotatik eta teoriagile askorengandik jaso zituen ekarpenak, bere egin zituen eta bere teorian integratu zituen. Ez baita, gaur egun, teoria oso bat huts hutsetik sortzen duen inor. Teoriako berrikuntzak beti abiatzen baitira lehendik egindako beste teorietatik, osatzeko edo zuzentzeko.
Aipatu ditugun hamasei puntu horiek dira, gure ustez, Txillardegiren teoria ezaugarritzen duten proposamenak. Beharbada, gainera, ez dira soil-soilki Txillardegiren berezko ekarpenak. Horietako asko, ziur aski, sozio-linguista zale gehienek ezagutu eta bere egiten dute, ez dira orijinalak, beraz. Baina Txillardegik, guk dakigula, bakarra izan da proposamen horietatik abiaturik hizkuntza gutxituen erabilerari buruz azalpen oso bat ematen saiatu dena, ez baitugu ezagutzen, gure ez jakintasunaren mailan bederen, beste antzekorik. Gure ustez, berriro diogu, zerrendatu ditugun horiek Txilardegiren Soziolinguistika Matematikoa teoria ezaugarritzen dute. Ez dira nahikoa teoria baten corpusa osatzeko? Ez dira argiak? Ez doazkio elkarri josirik? Sinpleegiak dira, akaso? Edo, apika, ez dira erabilgarriak?