Euskararen oroimena

     Jaurlaritzako Hizkuntza Politikaren sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, idatzi du hiru faktore gainean bermatzen dela hizkuntza ez hegemoniko baten etorkizuna: lege babes nahikoa, euskararen sustapena ardatz hartzen duen hizkuntza politika eraginkor eta baliabidez hornitua, eta herritarren atxikimendua[1]. Gero, jarraitzen zuen: …/… herri aginteen bulkada aitzinarazle eta jarraitua nahiz askotariko eragileen jardun etengabea tarteko, egin duen ahaleginaren emaitza: mundu zabalean eredugarri gertatzen ari den biziberritzea ezagutu du euskarak. Biziraupena hainbat belaunalditarako bederen bermatu dion biziberritzea. Baina, neurri berean bermatua ote du euskarak hizkuntza orok ezinbestekoa duen bizi-indarra?

     Baina, zer garrantzia du Hizkuntza Politikak? Alderdi politikoen programetan, hauteskunde programetan eta bestelako agirietan, hizkuntza politikari lerro batzuk edo, kasurik onenean, orrialde batzuk besterik ez zaizkio eskaintzen. Gobernuaren aurrekontu orokorretan, berriz, hizkuntza politikarena osotik %1era iristen da ozta-ozta. Jaurlaritzaren egitura begiratzen badugu, azkenik, argi ikus dezakegu hizkuntza politikari aitortzen zaion tamaina: sailburuordetza. Balio sinbolikoan agian bai, baina eguneroko politikagintzan, ostera, hizkuntza politikak ez du balio handirik.

     Hizkuntza gutxituko hiztun elkartekook uste genuen, nik uste nuen, behintzat, Hizkuntza Politika, oro har, gure hizkuntzaren eta gure komunitatearen egoeraz arduratzen zela. Ez dirudi horrela denik, gurean behinik behin ez da horrela. Hizkuntza politikaren berariazko objektuak euskara eta euskalduna(k) izan beharko lirateke baina horiek baino hizkuntza ofizialak eta hiritarrak dira oraingo hizkuntza politikaren objektuak.

     Jatorrizko hizkuntza politikaren objektu zehatz haietatik harago beste eremu batzuetara zabaldu eta zabaldu da politikaren jarduera-esparrua, hizkuntza politikaren jatorrizko xedea lausotzen harik eta hasierako objektua ikusezina egiteraino. Politika esparru honetan zer egiten den, nola egiten den, zeren bitartez egiten den eta nondik egiten den, ondo aztertu behar da hizkuntza politikaz zerbait ulertuko badugu. Dena nahasi da. Dagoenekoz, euskararen normalizazioaz hitz egitea jarduera arriskutsua bilakatu da. Ikuspegi murritzegia darabilzula lepora diezazuekete, kasurik onenean, eta naïf edo taliban deituko dizute legebiltzarreko ohiko eztabaidetan. Erakundeetan ez da onargarria hizkuntza gutxituaz edo hizkuntzen arteko asimetriaz hitz egitea. Termino horiek ez baitira politikoki zuzenak.

Gatoz, bada, Gasteizko Hizkuntza Politikako sailburuordeak idatzi zuenaz berba egiten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1979 urtetik gaurdaino euskararen berreskurapen prozesuak sekulako lorpenak ekarri dituela ukaezina da. Bai. Badaezpada ere, larritan idatziko dut: ARABAN, BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN EUSKARAK SEKULAKO BERRESKURAPEN MAILA LORTU DU AZKEN 30URTEOTAN. Horretan guzti-guztiok bat gatoz. 1981 urtean hizkuntzari buruzko galderak sartu ziren zentsuan lehenbizikoz eta 1982 urtean abiatu zen euskararen erabilera normalizatzeko legea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

     Galderak, ordea, hauek dira: Euskararen berreskurapena Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren emaitza izan da? Jaurlaritzaren hizkuntza politikak diseinatu zuen euskararen estandarizazio prozesua? Jaurlaritzaren hizkuntza politikak euskararen estatusa hobetzeko diseinuak ekarri zuen euskalduntze-alfabetatze mugimendua? Jaurlaritzaren hizkuntza politikak sustatu zituen euskarazko hedabideak, Argia aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria, tokiko aldizkariak eta irratiak? Benetan sinesgarria al da, lege babes nahikoa, euskararen sustapena ardatz hartzen duen hizkuntza politika eraginkor eta baliabidez hornitua, eta herritarren atxikimendua, hurrenkera horretan, hiru faktore horiek bakarrik izan direla euskararen berreskurapenaren giltzarriak?

     Demagun, 1982-2006 hogeita bost urteetako berreskurapenaren arrakasta oso-osorik Jaurlaritzaren hizkuntza politikari egozten diogula. Orduan, 1964-81 urteetan euskararen berreskurapen prozesuak ezagutu zuen arrakasta zeinen meritua izan zen, zerk ekarria? Francoren gobernuak? Nafarroa Garaian euskaldunen proportzioak gora jo du, zentsuen arteko (2001-2011) hazkuntza ia hiru puntukoa izan da; Foru Gobernuaren hizkuntza politikaren ekarpena izan da?

Jaurlaritzari zor genion Euskaldunon Egunkaria? Gasteizko hizkuntza politikari zor diogu AEK-k euskaldundutako eta alfabetatutako milaka hiztun? Hezkuntza sailari zor diogu euskarazko ereduetan matrikulazioaren hazkuntza herrialde guztietako ikastetxeetan? Euskal gobernuen meritua al dira herriz herriko euskararen aldeko ekimenak, aldizkariak, elkarteak eta abar? Jaurlaritzaren ideia ote zen “Bai Euskarari” kanpaina 1978an? Akaso, 1998koan?

     Euskararen berreskurapena ukaezina da, ados. Gure hizkuntzaren berreskurapena eredugarria Europan eta mundu osoan, ederto. Baina ezagutu dugun hizkuntza politikak ez zukeen deus ere lortu izango euskalgintza eta euskararen aldeko herri mugimendurik gabe. Honek ere merezi du, larritan idatziko dut: EUSKARAREN BERRESKURAPEN IKUSGARRIA ULERTZEKO EZINBESTEKOA DA HERRI MUGIMENDUAK ETA EUSKALGINTZAK EKARRI DUTENA ezagutzea. Beste era batera esan daiteke: Jaurlaritzaren hizkuntza politika beti joan da euskalgintza eta herri mugimenduaren atzetik. Ikastolen atzetik, eskola publikoko irakasle, guraso eta ikasle-mugimenduen atzetik, matrikulazio kanpaina herrikoien atzetik, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko herri mugimenduaren atzetik, euskalduntze-alfabetatze mugimendu herrikoiaren atzetik, euskal prentsaren aldeko mugimenduaren atzetik, bai euskarari ziurtagiriaren atzetik, hizkuntza eskubideen behatokiaren atzetik, UEMAren atzetik….

     Esaten ditudan horiek ez dira hizkuntza politikako arduradunen gustukoa. Badakit. Hizkuntza politika arrakastatsuaren diskurtsoa zalantzan ipintzen dut-eta. Hizkuntza politikaren arduradunak mintzen dira eta galdetzen didate ea euskararen berreskurapen maila posible ote zitekeen aldeko hizkuntza politika izan gabe. Haiek niri galdetzen didate ea 30 urteko hizkuntza politikak ez ote duen lagundu euskararen berreskurapena. Horrek inarrosi egiten nau ni, memoria iziotu egiten dit. Orduan, gogoratzen zaizkit AEKren aldeko lan itzela Jaurlaritzaren oztopoak gainditzeko, euskararen aldeko hamaika manifestazio, korrika, ibilaldi, kilometro eta herri urrats. Gogoratzen zaizkit amaierarik gabeko batzar jendetsuak eta eztabaidatsuak AEKn, EKBn, EHEn, Egunkaria Sortzen Taldean, UEUn, Euskal Unibertsitatearen aldeko mugimenduetan, … Gogoratzen zaizkit AEKren aurkako jazarpenak, atxiloketak, Egin eta Euskaldunon Egunkariaren itxierak, atxiloketak, torturak, isunak, UEMAren aurkako salaketak eta debekuak, Kontseiluaren kontrako bazterkeria; gogoratzen zaizkit manifestazioak, kontzentrazioak eta itxialdiak. Hizkuntza Politika zuzentzen dutenek ez dute aipatzen erakunde, elkarte eta pertsona horiek egin, edo hobeto, ekarri dutena. Gutxietsi egiten den dute euskararen aldeko herri mugimendua. Horrek mintzen nau.

     Halere, ohartu naiz jende asko harritu egiten dela entzuten didanean Jaurlaritzaren hizkuntza politika ez dela euskararen berreskurapenaren giltzarria izan. Memoriaren garaiotan euskararen berreskurapenaren prozesua nolakoa izan den adostu beharko genuke. Hizkuntza politikako arduradunek, ia guztiek, ondo baino hobeto ezagutzen dituzte euskararen aldeko herri mugimenduak. Kasu askotan, beraiek parte izan dira edo dira. Badakite euskararen berreskurapena ulertzeko giltzarria izan dela, eta dela, euskararen hiztun elkartearen bizitasuna, kemena eta mobilizazioa. Gainerako faktoreak, akaso, lagungarriak izan daitezke. Gogora dezagun.


[1] Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia.  Azterketa eta gogoetak. I. Martinez de Luna Eusko Jaurlaritza Gasteiz (2013)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude