Entzun gabeko hitzak alferrikakoak dira

         Lehengo batean Hizkuntza Politika sailburuordeak esan zion Gorka Maneirori eman ziezaiokeela bultzada handia euskarari haren aldeko keinu xume bat egingo balu. Nago, ezetz. Euskararen alde hark egindako ezerk sinesgarritasunik izango ez zukeelako.

        Gorka Maneiro, hain zuzen ere, bera da euskararen gaia maizen jorratzen duen legebiltzarkideetako bat. Eskertzeko da, zinez, hizkuntzarekiko kezka hori. Hotz hotzean pentsaturik, bere ekimenen ondorioak ikusirik, nahikoa egiten du euskararen alde. Emaitzekin erreparatuta, berriz, bera da euskaltzaleen mamiaren gatzagia, bera da euskaltzale sutsuak sortzeko makina.

     Badakit nahi gabe egiten duela, jakina, baina bere ekimen bakoitzean lortzen du euskararen aldeko jarrera zabaltzea eta trinkotzea. Beki. Ez da bere asmoa baina horrela da. Espero dut interpelazioaren ondoriozko mozio honekin, eztabaidaren ondorioak bide beretik etorriko zaizkiola. Badakigu, nabarmena baita, injustizia eta bazterkeria sentimendua piztu nahi duela erdaldunen artean. Diskurtso suhar eta bero erabiltzen du, euskarak kalteturik milaka izango bailiran, erdaldunak babesgabeko ez jakinak izango bailiran. Halere, arrakasta handirik ez du lortzen, erdaldun koitadu zapalduen diskurtsoa faltsua delako, errotik faltsua, alegia. Erdaldunak, oro har, ez baitira berak uste bezain ez jakin babesgabe, eta, orokorrean,  oso lasai eta ondo bizi baitira Euskal Herrian.

       Politikagintzan harrokeriak eta probokazioak une jakinetan balio dezakete; beti erabiliz gero, ostera, antzuak eta aspergarriak bilakatzen dira. Are gehiago, ohartzen ez bada ere, sarri askotan, harrokeria eta probokazio horiek bere kalterako bihurtzen dira. Nahiko luke euskaltzale ororen zigorra izatea, baina ez du lortzen. Aitzitik, lortu du euskaltzaleen eguneroko ogiaren legamia izatea. Gorka Maneirok inarrosten gaitu. Bere proposamen sarri hauekin, gure arrazoibideak hobetzen eta zorrozten etengabe behartzen gaitu-eta.

      Oro har, oso abegikorrak gara berarekiko, abegikorregiak merezi duenagatik. Badu Legebiltzarreko organoen babesa, hori, berez, ondo dago, baina askotan ibiltzen dute oker hezitako umea izango bailitzan. Hori ez da zuzena. Osoko Bilkurara ekartzen dituen gaiak gainerakooi ez baitigute uzten hona ekartzen eta batzordeetara zokoratuta  isilarazten gaituzte. Ez dakit zergatik baina agintariak saiatzen dira berarengana hurbiltzen bere jarrera onargarria izango bailitzan, bere diskurtsoak zentzu punturen bat izango bailuen. Guk ez. Ez dugu uste bere diskurtsoak inolako funtsik duenik. Gatazka piztu eta zabaldu besterik ez du nahi, gatazkak botoak ekarriko dizkiolakoan. Zenbat eta gogorrago orduan eta hobeto.

     Horrela dira gauzak. Aurkeztu digun interpelazioaren ondoriozko mozioan eskatzen dio EITBko zuzendaritzari ez ezartzea euskara ezagutzeko nahitaezkotasunik udazkeneko Lan-eskaintza Publikoan (LEP)  Ez du ezer esaten gaztelaniaz jakiteko nahitaezkotasunaz, esan gabe doa nahitaezkotasun horrekin bat datorrela. Gaztelaniaren nahitaezkotasunari bai? Beharrezkoa ez den lanpostuetan ere bai?

      ETBren xedea euskararen normalizazioa lortzea izan da. Hasieran, behinik behin, horrela zen. 1982 urtean ETB sortu zutenean, Ramon Labaienek, garaiko Kultura sailburu jeltzalea eta euskaltzalea, euskararen aldeko jarrera argia erakutsi zuen; Labaien jaunak, dudarik ez dago, euskararen normalizazioaren aldeko irrati-telebista eraiki nahi zuen. Urteak joan, urteak etorri eta jatorrizko xede hura, euskararen normalizazioa, lekutan geratu da tamalez.

      Jatorriz, sortzez euskaldunentzako zena hedabide multzo erdalduna bihurtu dute. Dagoenekoz, euskarazko hedabideak EITBko egitura erraldoiaren meneko atal xumeak besterik ez dira. Orain sortutako egitura horri eutsi behar diogu baliabide publiko handiekin eta eutsi ez eze langile erdaldun horiek euskaldundu behar dira.  Gastuak biderkatu egiten dira.

    Kontua da, askoz garestiagoa dela sortutako herri-administrazioko langileak euskalduntzea lanpostu berriak behargin euskaldunez osatzea baino. Euskararen normalizazioa lortuko balitz EITB oso-osorik euskalduna izatea gertaera guztiz naturala izango litzateke. Baina EITBren norabidea, zoritxarrez, normalizazioaren aurkakoa izan da erabat eta gaur gaurkoz auzia alderantzizkoa da: euskararen normalizazioa lortu ahal izateko lehenago EITB oso-osorik euskaldundu beharra dago.

      Galdera, interpelazio, mozio eta Legez Besteko Proposamen ugari aurkeztu beharko du Maneiro jaunak. Bide zuzenetik goazenaren seinaleak izango lirateke, seguru gaude bere ekarpenak izango ditugula. Kudeaketa, legeak ezagutzea eta betearaztea, neurri batean, politikarien jarduerak dira, bai, baina batez ere, politikariok egin behar duguna da legeak egitea, aldatzea eta herriaren aurrerapenak lortzeko bitarteak bilatzea. Ikuspegi horretatik, bada, hizkuntza politikak aldaketak sorrarazi behar ditu herritarren hizkuntza ezagumenduetan eta erabileran.

       Ez daukat itxaropen handirik moziogileak ezer ulertuko duenik. Barkatu, ulertu agian bai, baina ez dut uste onartu nahi duenik. Hezkuntza politikan, adibidez, aspaldian ikasi genuen hezkuntza herritar guztien eskubidea zela, XX mendeko lorpena zen hura. Horregatik, hain zuzen ere, 16 urte bitarteko derrigorrezko eskolaldia ezarri zen. Gurasoak eta neska-mutil guztiak behartuta daude eskoletara joaten, geografia, matematika, gramatika eta bestelako jakintza arloak ikasteko. Behartuta, bai. Ikasle guztiek ikasi behar dute gutxieneko batzuk, gustatu ala ez gustatu, haien geroko lanerako ezagumenduak beharrezkoak izan ala ez. Hezkuntza, Maneiro jauna, pertsona ororen eskubidea baita, herritar guztiek izan behar baitute ezagumenduak eskuratzeko aukera. Jakitea, ikastea eskubidea baita. Ez jakitea edo ez ikastea, ordea, ez da eskubidea, gabezia ezin izan baitaiteke eskubide.

      Euskalduna da UPDkoa. Ez dakit nola, non eta noiz ikasi duen euskaraz: Ez dakit inposatu dioten edo gogoz ikasi duen bere kabutan. Baina ez dut ulertzen berak lortu duena zergatik ukatu nahi dion inori. Bere erresumako Konstituzioak behartzen gaitu gaztelaniaz egiten. Guk, ordea, uste dugu euskal herritar guztiok daukagula eskubidea euskaraz ikasteko eta erabiltzeko. Horregatik uste dugu Euskal Herriko herri-administrazioen erantzukizuna dela eskubide hori aitortzea, errespetatzea, errespetaraztea eta betetzeko bitarteak jartzea.

      Beharbada beretzat erakunde publikoek kontratatzen dituzten langileei ez zitzaiekeen eskatu behar irakurtzen eta idazten jakitea lanpostuko jardunean beharrezkoa ez delako. Ez ninduke harrituko inoiz eskatuko bazenu, euskararekin antzeko proposamena egiten du-eta. Bere diskurtsoa euskaldunenganako xenofoboa eta baztertzailea da.

     Dakigun neurrian, EITBko lanpostu guztietako langile guztiek dakite gaztelaniaz, ulertzen, mintzatzen, irakurtzen eta idazten, ondo baino hobeto egiten baitute gazteleraz. Euskarari dagokionez, EH Bildukook gauza berbera eskatzen dugu EITBko lanpostuko guztietako langile guztiek euskaraz jakin dezaten, ulertzen, mintzatzen, irakurtzen eta idazten, gaztelaniaz bezain ondo egin dezaten. Justiziazkoa delako ez gara espaloitik jaitsiko.

       Gasteizko Legebiltzarrean 2014ko martxoaren 20an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude