Estatistika eta genero ikuspegia

            Emakumezkoen egoera eta gizonezkoen egoera desberdinak dira. Emakumeak urte gehiago bizi dira, emakumeek kategoria bereko lanpostuetan diru gutxiago irabazten dute, Lehen Hezkuntzako irakasleen artean eta erizainen artean gehienak emakumeak dira, enpresetako zuzendaritza-kargu gehien-gehienak gizonezkoak dira, …  Emakumeen egoerari buruz gero eta informazio gehiago daukagu. Emakumeen eskakizuna izan da aspalditik eta, neurri handian, emakumeen lanaren emaitza izan da orain daukagun informazio apurra.

Nairobiko Munduko Emakumeen Konferentziak (1985) adostu zuen aldagai esanguratsuen zerrenda emakumeen egoera eta bizi-baldintzak ezagutzeko. Faktoreak lau multzotan banatu zituzten: berdintasunari buruzko faktoreak, garapenaren adierazleak, faktore bereziki larriak eta, azkenik, emakumeen aurkako biolentziari dagozkion aldagaiak. Hogei urte beranduago (2006) Europa Batasunean sortzen zuten Genero Berdintasunaren Europako Institutua (EIGE) Institutuaren xede nagusia zen bazterkeria sexista desagerrarazteko politikak sustatzea Europa Batasuneko estatuetan. Azkenik, joan den urtean, 2013an, Genero Berdintasunaren Adierazlea aurkeztu zuten, hiru urteetako lanaren emaitza.

Genero Berdintasunaren Adierazlea
Genero Berdintasunaren Adierazlea

Genero Berdintasunaren Adierazleak 7 eremu barnebiltzen ditu: Ordaindutako lana, dirua, ezaguera, denbora, boterea, osasuna eta emakumeen aurkako biolentzia. Azken eremu horretan, berriz, ezin izan da informaziorik bildu Europa Batasuneko estatuetan modu desberdinetan lantzen delako.

Europa Batasuneko lehenengo Genero Berdintasunaren Adierazleak, batenaz beste, 54 puntu eman zituen. Hau da, berdintasunera (100)  iristeko 46 puntu falta direla. Ez dakigu Euskal Herriko adierazlea zenbatekoa den baina Frantziako eta Espainiako estatuek 57,1koa eta 54koa dira, hurrenez hurren. Boterea eta denboraren erabilera  eremuetan gertatzen dira diferentziarik larrienak gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Emakumeak, oro har, erabaki-guneetatik kanpo daude, os gutxi dira erakundeetako erabaki-organoetan eta are gutxiago enpresetako administrazio kontseiluetan.

Gurean, Gasteizko Legebiltzarrean, Jaurlaritzak aurkeztu du 2014-2017 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua. Lege Proiektu horretan zerrendatzen dira datozen lau urteetan egin behar diren 234 eragiketa estatistikoak. Lege horretan, besteak beste, eragiketa estatistikoetan genero ikuspegia kontuan hartu behar dela adierazten da.

Euskal Herrian ez daukagu genero berdintasunaren adierazlerik. Une egokia izan daiteke Euskal Estatistika Planean ildo horretan sakontzeko eta berariazko adierazleak sortu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude