Euskararen burubidea

                   Hi, Jose Luis, lehengoan egon ninduan Hizkuntza & Lurraldea jardunaldietan eta hire aipamenik egin zitean. Bi urte joan hintzela eta oraindik jendearen ahotan habil. Kasu! Deskuiduan hire aipamenak izango dituk datozen laurogei urtetan! Batek zekik. Jardunaldi interesgarriak izan zituan, lurraldearen auzia ikuspegi berritzailetik aztertzen hasi duk. Ez zegok hizkuntza bizia izaterik lurralderik gabe, hik badakik; lurraldearen okupazioa eta hiztun elkarteak. Eraikuntzen eragin soziolinguistikoa aintzat hartu behar dela esaten ditek. Ondo zegok hori.

Jardunaldiak

         Halere, argi ilunak izaten dituk oraindik gure arteko jardunetan. Euskaldunak mitozaleak gaituk, gehienetan bihotz onekoak, guriak ez esatearren, eta pentsatzen diagu atxikimendua eta aldeko jarrera nahikoa direla mundua iraultzeko. Dozena bat baino gehiago elkartzen garenean burua elkarri berotzen zioagu borroka irabazi dugulakoan. Jakinduriaren aldeko apustua egin huen jakinezaren ausarkeria baztertu, burubidea hobetsi baldarkeria baino. Ekarpen handiak egin hituen Jose Luis, gehienak ulergarriak eta oso erabilgarriak. Hala ere, oraindik orain ez ditek ondo ulertzen hire ekarpena soziolinguistikoa matematiko kontu horretan.

           Nekatu hintzen esaten euskaldunok euskaraz egiten dugula ahal dela baino gehixeago. Ez zirudik zaila denik ulertzea: euskaldunak gutxi gaituk eta erdaldunen artean nahas-mahasean bizi gaituk, hori dela eta mintzakide euskaldunak topo egitea ez duk erraza; horrelako egoeran, bada, ezin itxaro litekek euskaraz maiz entzutea. Euskaraz gutxi entzuten duk, egia duk, baina itxaro zitekeena baino gehiago. Erraza zirudik. Alabaina, ez ditek ulertzen. Etsigarria duk, Jose Luis, hik badakik.

                Euskararen arroko urak uherrak zatozak, Jose Luis. Euskaltzaindian ez zegok girorik. Ez zegok nahikoa batzorde hainbeste batzordebururentzat. Hizkuntza politika lehengo lepotik burua, Patxi Lopez lehendakari ohiaren ildotik jarraitu nahi ditek, ezer aldatu izan ez bailitzan. Kontsentsua esaten ziotek horri.

Berriz ere?

               Nafarroa Garaian euskarazko telebista ikusi ahal izateko debekuak indarrean zirauk eta irakaskuntza euskaldunaren aurkako erasotzeari ekin ziotek. Euskal Herriaren eta euskararen arerioak harrotuta zeudek. Halere, ez gaituk kikilduko, Jose Luis. Urtarrilaren 11ean Bilboko kaleak bete genitian eta abertzaleen arteko oinarrizko adostasuna lor daitekeela bazirudik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude