Hizkuntza eskubideak

Gutxienik, hiru erakunde dauzkagu gure kexak eta eskakizunak aurkezteko: Elebide – Hizkuntza eskubideak Bermatzeko Zerbitzua,  Araratekoa eta  Hizkuntza Eskubideen Behatokia. Izaera desberdinetako hiru erakunde dira, eta hiruek  jaso dituzte euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketen salaketak. 2012. urtean, guztira mila bostehun salaketa baino gehiago. Urterik urte gero eta salaketa gehiago biltzen dira. Logikoa da pentsatzea, beraz, urtez urte hizkuntza eskubideen urraketa gero eta gehiago direla. Bada esaten duenik salaketa gehiago izatea seinale positiboa dela, euskaldunak gehiago ausartzen garela gure kexak aurkezten. Izan daiteke. Halere, salaketa gehiago izateak nabarmen adierazten du euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu urratzen direla. Ez dezagun problema gutxietsi, ez badakigu zergatik euskaldunek kexa gehiago jartzen duten. Edozein kasutan, eskubideen urraketak dira aztertu eta desagerrarazi behar ditugunak.

Gasteizko Legebiltzarrean ez da asko hitz egin hizkuntza eskubideei buruz. 140 ekimen hamar legealdietan eta, haien artean, hizkuntza eskubideei dagozkienak, doi-doi, bizpahiru besterik ez. Harrigarria da kontuan hartzen badugu hizkuntza eskubideaz ari garela, pertsonaren eskubideaz ari garela, alegia. Pertsonen eskubideaz, bai, euskaldunen eskubideaz ari gara, kasu honetan. Zertaz ari garen ilustratzeko, joan den urtean gertatutako bi kasu ekarri ditugu hona:

Herritar baten gurasoak, 82 eta  85 urteko senar-emazteak, bakarrik bizi dira. Oraindik orain eguneroko bizimoduan moldatzen badira ere gero eta zailtasun handiak dauzkate, hori dela eta senideek Tele-laguntza gailua jarri nahi izan diete. Aiton amonak euskaldunak dira eta hobeto moldatzen dira euskaraz gazteleraz baino, horregatik, eskaera-idazkian adierazi zuten zerbitzua euskaraz nahi zutela. Handik hilabetera, aiton amonaren etxean Tele-laguntzako telefono-deia jaso zuten sistemak ondo funtzionatzen zuela frogatzeko. Zentraletatik, gazteleraz, gailuaren botoia zanpatzea eskatzen zuten ongi funtzionatzen zuela egiaztatzeko. Gaztelera hutsez. Botoia sakatu eta dei berria jaso zuten, gazteleraz berriro ere. Semeak haserreturik eskaera-idazkia irakurtzea eskatu zien eta arduradunarekin hitz egin nahi zuela esan zien. Hirugarren deia jaso zuten, gaztelera hutsean hau ere. Azkenik, zerbitzu-arduradunak, gazteleraz honek ere, esan zien langile euskaldunak lanpetuta zeudela eta, mesedez, itxaroteko arreta euskaraz nahi bazuen.(26. or)

Herritar batek merkataritza-gune batean lapurreta bat pairatu eta gero, bere etxebizitzatik gertuen zegoen Ertzaintzaren komisariara jo zuen. Arreta eskaini zioten agenteek adierazi zioten komisaria hartan ez zegoela inork salaketa euskaraz jaso zezakeenik, herritarrak hala nahi zuen arren. Hiri hartan agente bakarra zegoen euskaraz artatzeko eta, gainera, beste auzategiko komisarian lan egiten zuen. Hara joan nahi ez bazuen salaketa egitera, agente euskaldunarekin hitzordua adostu beharko zuela esan zioten. Hala egin zuen eta biharamunean berriro ere komisariara joan behar izan zuen etorritako agente euskaldunak salaketa jaso zezan. Salaketaren ondorioz, espedientea epaitegi batera bideratu zen eta  falta-epaiketa sortu zen.

Hilabete geroago, herritarrak epaitegiko itzulpen-zerbitzuen telefono-deia jaso zuen salaketaren hainbat kontu argitze aldera, izan ere, idazkera ez zitzaien argia iruditzen. Epaiketaren egunean kexagilea hitzartutako orduan agertu zen (11:00etan), merkataritza-guneko bi langile eta segurtasun arduradunarekin batera, erasoaren lekuko gisa. Bi ordu  zain egon ondoren, herritarrak agente judizialari galdetu zion ea zer gertatzen zen. Funtzionarioak, galdera gazteleraz errepikarazi ondoren, interpreterik espero ez zela jakinarazi zion, inork eskatu ez zuelako.

Azkenik, lau ordu luze zain egon eta gero sartu ziren aretoan. Erreklamatzaileak euskaraz agurtu eta epaileak entzun bezain pronto gaztelera erabil zezala eskatu zion, ez baitzuen interpreterik eskatu. Kexagileak, gazteleraz halabeharrez, erantzun zion epaiketarako jaso zuen zitazioak ez zuela interpretea eskatu behar zenik aipatzen eta, hori uste izatea ondorio logikoa izango litzatekeela epaitegiaren aldetik, salaketa euskaraz idatzita zegoelako eta epaitegiko itzulpen-zerbitzuak harekin harremanetan jarri zirela kontuan hartuta. Une hartan, fiskalak esan zion aurreko epaiketan deklaratu zuen herritar txinatarrari ez ziotela horren berririk eman eta, hala ere, txinatar harek interpretazio-zerbitzua eskatu zuela. Erreklamatzaileak erantzun zion euskara ez zela atzerriko hizkuntza eta, nolanahi ere, bera ez zela interpretea behar zuena, adierazteko erabil zezakeen hizkuntza ofiziala ulertzen ez zuena baizik. Epaileak ondoren sortutako eztabaidari amaiera eman behar izan zion eta, orduan, erreklamatzailearen ustez, gertakari hartan entzun zituen zentzuzko lehen hitzak: “Ez ditzagun hizkuntzak erabili elkarri aurre egiteko, komunikatzeko baizik”. Epaiketa bertan behera geratu zen eta ahozko egintza berri bat adostu zen interpretazio-zerbitzuak bertan egon zitezen. (51. or)

Hizkuntza eskubideen urraketen adibide bi, joan den urtean gertatutako ehunka urraketen artean bi besterik ez. Euskaldunak, gutxi gora behera, biztanleriaren heren bat gara, gutxiengoa gara alegia. Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen direnean gutxiengo baten eskubideak zanpatzen dira. Nori axola dio gutxiengo baten eskubideak urratu izanak? Politikari batzuentzat gehiegikeria dela hizkuntza eskubideen urraketaz hitz egitea. Barka bekizkigu jaun-andre horiek baina eskubideen urraketak sufritzen garenok, guk ematen diogu auziari larritasunaren neurria. Ez dagokie zanpatzaileei esatea hau bigarren mailako arazoa denik, arinkeria denik eta problema handiesten ari garenik.

Euskaldunak sarri askotan erdaldunen begietara ikusezinak gara, haien belarrietarako gure berba jarioa bar-bar ulergaitza besterik ez da. Ez ikusi, ez entzun, ez ulertu, ez onartu. Hori da egunero bizitzen duguna. Euskaldunok hedabideetan agertu nahi badugu, politikariok ondo baino hobeto dakigunez, erdaraz hitz egin behar dugu; gure hitzak balio dezan beste edozeinen  hitzak adina, erdaraz idatzi behar dugu; gure eskariak aintzat har dakizkigukeen administrazioaren usadiozko hizkuntzan bideratu behar dugu.

Ez dago simetriarik Euskal Herriko hizkuntzen artean. Jakina da. Euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketek agerian uzten dute hizkuntzen arteko asimetria oso handia dela. Asimetria horretan euskaldunak eta euskararen hiztun elkartea izaten dira kaltetuak.

Euskararen normalizazioa nahi dugu. Hori besterik ez. Hizkuntza komunitateen arteko asimetria maila hori apaldu nahi dugu.  Administrazio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, polizia-etxeetan, epaitegietan, okindegian, arrandegian, unibertsitatean, udaletxean eta ikastetxean euskaraz egin ahal izatea besterik ez dugu eskatzen. Ondo dago gure kexak biltzeko zerbitzua izatea, baten faltan hiru daukagu eta. Ondo dago euskaldunak arazorik ez izatea gero kexa gehiago azaltzeko beldurrik gabe. Baina hobeto legoke hizkuntza eskubideen urraketarik gertatuko ez balitz.

Oraindik orain, euskara hizkuntza ukatua baita hainbat bulego ofizialetan. Bere eskubideak urraturik ikusten duenak adorea behar du kexa aurkezteko. Egia da. Kexa aurkezteko adorea behar da, batez ere, zerbaitetarako balio ote duen zalantza daukagunean. Min ematen digu hainbeste salaketa izateak, euskara hizkuntza baztertua dela adierazten duelako. Eskatzen dugu administrazioak euskaldunak legezko herritarrak har gaitzan. Gure eskubideak, gainerako herritarren eskubideen antzera, administrazioaren ardura direlako. Hizkuntza askatasuna ezin izan daiteke euskararen ukazioa. Euskaraz jakitea eta erabiltzea eskubideak dira, herritar guztiei aitortu beharreko eskubideak, alegia. Euskaraz ez jakitea, ostera, eskubidea baino gabezia da, eta euskararen erabilera eragoztea hiztunen hizkuntza eskubideen urraketa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude