Elebitasunaz hitz bitan

     Bada esaten duenik munduan ez dela kasurik hizkuntza gutxituak hizkuntza hegemonikoaren lekua osorik bete duenik, hegemonikoa eta indartsua zen hizkuntza plaza publikotik desagerraraziz. Esaten duenak arrazoi osoa izan lezake jakin izan bagenu zer gertatu ote zen latin zaharra ahalguztidunarekin plaza publikoetatik desagertzeko, edo XIX. mendeko alemanaren atzerakadaren zergatia ezagutuko bagenu. Ez dakiguna bageneki! Mundua mundu denetik hizkuntza kontuetan mudantza da araua, Babelgo dorrean bizi da hizkuntzen aniztasuna; greziera zaharraren garaiko hizkuntzen arrastoek garai loriatsuen aztarnak dira bai, baina zibilizazio hizkuntza ziren haiek baztertuak izan ziren eta haien ordez hizkuntza xumeak indartu, ondoren, berriz ahultzeko hizkuntza berriei lekua uzteko. Horrela izan da, horrela da. Dakiguna da, mundua mundu denetik galdu diren milaka hizkuntza desagertu aurretik ordezkatuak izan zirela, gizakia hizketan hasi zenetik ez dela hizkuntzarik gabe geratu. Hau da, hiztun elkarte haiek hizkuntza galdu aurretik elebitasun egoeratik igaro behar izan zutela, elebitasun egoera indibiduala eta soziala, noski. Hizkuntzen ordezkatze prozesua beti jazo da horrela, galdutako edozein hizkuntzekin gertatu izan da. Euskararen kasuan ere, gogora dezagun erronkarieraren galera, adibidez. Elebitasun egoera hizkuntza galdu aurreko egoera dela esatea konstatazio hutsa besterik ez da. UNESCOk esaten du mende honetan munduko 6.000 hizkuntzetatik erdia, 3.000 edo, galdu daitezkeela. Kasu guzti horietan hizkuntza galdu aurretik azken hiztunak elebidunak izango dira.

     Edozelan ere, zenbait politikarirentzat elebitasun egoera gustagarria da, egoera definitu gabea eta mudakorra delako, agian. Egia da elebitasun egoera, edo eleaniztasun egoera, kasurako berdin dio, egoera egongaitza dela berez. Etengabe aldatzen ari den egoera dela esan nahi dugu, alde batera edo bestera. Elebitasun orekatua esaten denean, esaterako, hamaika elebitasun egoera posibleetatik bat aipatzen da, bat bakarra, egoerarik egongaitzena, alegia. Hiztunak banaka hartzen baditugu, elebidun orekatua ulertzen dugu bi hizkuntza maila bertsuan dakizkiela, antzera menderatzen eta erabiltzen dituela; hiztuna elebidun orekatua izatea oso gauza zaila da. Gure inguruan begiratuz gero berehala konturatzen gara elebidun gehienak, ia guztiak, gu barne, elebidun desorekatuak garela eta kasu gehien-gehienetan euskararen kalterako. Hori, hain zuzen ere, ikusi ahal izan da egin diren ikerketa guztietan. Posible da elebitasun sozial orekatua izatea hiztun elebidun orekaturik izan gabe?

     Elebitasuna omen da Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren xedea, elebitasun orekatua esaten dutenez. Helburu zaila, zailena alajaina! Zorionez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak badaki jakin gizarteak zer nahi duen: Euskal gizarteak elebidun izan nahi du, elebitasun sozial orekatua da bizikidetzarako errezetarik onena, eta kontua da nola egin egiazko elebitasunerako bidea. Kontua da nola egin egiazko elebitasunerako bidea, bai, hori da kontua. Hiztun guztiak elebidun orekatuak izatea lortzerik ezinezkoa bada, orekaz berba egiten badugu guri otutzen zaigu bi muturren arteko erdiko puntua bilatzea; nolabaiteko grabitate-zentroa, muturretan elebakarrak eta … Baina ez, hizkuntza politika honek de facto eragozten baitu euskaldun elebakarrak izatea. Halere, erdaldun elebakarrak asko dira eta elebidun gehienak, berriz, hiztun desorekatuak dira erdararen alde, noski. Nola lor daiteke elebitasun sozial orekatua udalerri euskaldunenak nahita erdalduntzen baditugu, elebidun gehienak erdararen aldeko desorekatuak badira eta erdaldun elebakarren kopura ez bada nabarmen murrizten? Gure hizkuntza politikaren xedeak idealismo planotikoaren ernamuina jo du, helburua ez da euskara normalizatzea, ez da euskararen hiztun elkartea osatzea eta biziberritzea, ez, helburua da euskara eta erdararen arteko amaigabeko lehia dinamikoan irautea.

Balantza

     Balantzaren irudiak balio lezake hizkuntza politika hori imajinatzeko: gaur egun egoera erdararen alde oso desorekatuta dagoenez orain euskararen alde indarra egin behar da, baina euskararen aldeko desoreka denean, udalerri euskaldunetan kasurako, erdararen aldeko indarra egin behar da. Oreka puntu bila etengabe, hori da Jaurlaritzaren hizkuntza politika eta datuek horrela erakusten dute: udalerri euskaldunetan erdararen alde eta udalerri erdaldunetan euskararen alde. Datuen argitan, hizkuntza politika horrek euskararen normalizazioari kalte egiten dio.

     Ez euskaraz, ez erdaraz, bietan jarrai proposatzen digu Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak: Elebitasun sozial orekatua eraikitzeko interbenitu egin behar da nahitaez, baldintza soziolinguistikoak aldatzeko neurriak hartu behar dira, eta neurri horiek ahalik eta adostasunik handienarekin eta gizartearen gogo eta ahalbideen arabera hartuak izan behar dira: hain zuzen ere horixe erakusten du argi eta garbi euskararen bilakaera sozialak.

     Hizkuntza politika horrek, ordea, ez gaitu inora ere eramaten. Ez du balio euskararen normalizazioa lortzeko euskaraz jardutea lehenetsi baino gaitzesten duelako. Euskararen normalizazioa izan beharko litzateke hizkuntza politikaren xede nagusia, hiztun gehiago eta erabilera eremu gehiago lortzea euskararentzat. Politika eraikitzailea behar dugu, politika eginarazlea, euskararen hiztun elkartearen bizirauteko eginahalak laguntzen eta bultzatzen dituena oztopatu beharrean.

     Bestelako hizkuntza politika egin daiteke. Jakina egin daitekeela. Utz dezagun bazterrean elebitasunaren inguruko eztabaida eta adostu dezagun euskararen normalizazioa hizkuntza politika berriaren xede gisa. Euskararen normalizazioa hizkuntza politikaren  helburu gisa alderdi politiko guztiek onar dezakete. Edo ez?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude