Hizkuntza politika errotik aldatu beharra dago

     Oraingo Jaurlaritza berreskuratu baino lehenago hasi zen euskararen berreskurapen prozesua, diktadura bete-betean, faxismo garaian. Hizkuntza batasunaren prozesu eztabaidatsua (1964, 1968), euskarazko aldizkariak (Zeruko Argia, Jakin, Anaitasuna eta abar), ikastola berrien antolaketa eta zabaltzea eta euskalduntze-alfabetatze mugimendua, sortu, zabaldu eta indartu ziren. Diktadura garaian ez zegoen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), Euskaltzaindia kenduta ez zegoen bestelako erakunderik hizkuntza politika gidatzeko. Garai hartako euskararen hiztun elkarteak berak bultzatu zuen euskararen berreskurapena. Diktaduraren azken urteetan jarri ziren euskararen berreskurapenerako oinarriak. Orain ezagutzen ditugun oinarri horiek, funtsean, bi zutabe ziren: euskararen batasuna eta herritarren parte hartzea.

     Geroago, laurogeiko hamar urteetan, Euskararen erabilera arauzkotzeko legearekin abiatu zen Jaurlaritzaren hizkuntza politika. Zorionez, aurreko urteetan abiatutako euskararen batasuna onartu zuen Jaurlaritzak, zalantzak eta eztabaida mikatzak izan baziren ere. Herritarren parte hartzea, berriz, baztertu zuen. Hasiera hasieratik erakutsi zuen Jaurlaritzak herritarren parte hartzearen aurkako jarrera; hori zen EAJren politika. Gogoratzen zaigu hizkuntza politika hura AEKren aurkakoa, Korrika baztertzen zuena, irakaskuntzako hizkuntza eredu antzuak defendatzen dituena, hezkuntzan murgiltze ereduaren alde sekula kanpainarik egin ez duena, EKBren Bateginik mugimendua zapuztu zuena, Euskaldunon Egunkaria sortzearen aurka zegoena, ETBn erdara lehenetsi zuena euskararen gainetik, administrazio egitura nagusiki erdalduna eraikitzen ahalbidetu duena, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua gutxiesten duena eta UEMA etsai jotzen duen hizkuntza politika hori gogoratzen zaigu.

     Hori izan baitzen  EAJren hizkuntza politikaren behineneko ezaugarria: herritarren parte hartzea eragotzi eta hizkuntza politika oso-osorik erakunde publikoen bitartez bideratu. Ikastolak administrazio publikoaren sarera lotu, euskalduntze alfabetatze mugimendu herritarraren ordez HABE sortu edo Hizkuntza Eskubideen Behatokia baino Elebide sortu. Dena nahi zuen Jaurlaritzaren kontrolpean EAJk. Horrela, aurrekontu publikoak erabili ditu euskalgintza menderatzeko edo, behar izatekotan, itotzeko. Euskalgintzak bere biziraupenerako bideak aurkitu behar izan ditu hizkuntza politika hori gainditzeko.

     Euskarak eta, batez ere, euskararen hiztun elkarteak bestelako hizkuntza politika behar du. Euskaldunen ekimenak eta eginahalak aintzat hartzen dituen hizkuntza politika behar dugu. Euskararen hiztun elkartearen kohesioa eta autu-estimua sustatzen duen hizkuntza politika behar dugu. Arnas guneak zaindu eta zabaltzen duena ito eta murriztu beharrean alegiazko aniztasunaren izenean. Batzuk gehiago edo bestetzuk gutxiago baina euskararen hiztun elkartea osatzen dugun pertsona guztiak engaiatuta gaude euskararen biziraupenarekin. Ibilaldian kilometroak egiten ditugu urtero, oinez, urratsez urrats, korrika. Dirua biltzen dugu euskarazko hedabideak sostengatzeko, euskara elkarteak herrietan sortzeko, ikuskizunak euskaraz izan ahal izateko edo Interneten gure hizkuntza zabaltzeko. Euskaltzaleen zerga.

        Euskaldunak dira eta izan dira euren hizkuntzaren alde gehien eman dutenak. Ez da zilegi gutxiestea euskararen hiztun elkarteak, milaka euskaldunek, borondate onez egindako lana. Euskara bizirik bada XXI. gizaldi honetan, batez ere, euskararen hiztun elkartearen ahaleginei esker izan da. Diktadura faxistaren garaian euskararen batasuna abiatzen jakin izan zutelako; euskara debekatuta zegoenean ikastolak zabaltzeko adorea izan zutelako; 1978. urtean Bai Euskarari ozen esan zutelako; euskara hizkuntza ofizial gisa lege eta araudietan ager zedin borrokatu zutelako; legeek aitortzen zuten apurrarekin konformatzen ez zirelako; ezer ezetatik ikastetxeak, testuliburuak, aldizkariak, irratiak, telebistak eta mota guztietako lanabesak sortu zituztelako. Euskara Europako hizkuntza zaharrenetako bat izatetik hizkuntza gazteena egiteko gauza izan delako.

     Argi esan behar dugu: euskararen biziberritze zail horretan hizkuntza politikek ez digute gehiegi lagundu. Kasurik onenean euskararen hiztun elkartearen ahaleginen atzetik etorri izan dira. Zenbat urte igaro behar izan dugu Euskalduntze Alfabetatzearen ekarpenak aintzat hartzeko? Zenbat urte behar izango dugu irakaskuntza hizkuntza eredu antzuak baino murgiltze eredu duina izateko?  Zergatik itxaron behar izan genuen Euskaldunon Egunkaria indarrez ixtea Berria babesteko? Zergatik sufritu behar dugu euskaltzaleok horren hizkuntza politika zekena?

     Errotik aldatu beharra dago hizkuntza politika. Ahalik eta azkarren. Aspaldi sumatzen genuen euskararen aldeko hauspoa ahitzen ari zela, ikusten genuen euskararen erabilerak ez zuela indarrik hartzen. Azkenik, 2011ko datuek erakusten dute askok sumatzen genuena: hizkuntza politika honek ez duela balio euskara normalizatzeko.

     Euskararen normalizazioa xedea duen hizkuntza politika behar dugu. Adostasuna eta aldeko jarrerak garrantzitsuak dira bai. Garrantzitsuak dira hizkuntza politikaren xedea eta helburuak zuzenak direnean. Baina, zertarako balio dute adostasuna eta aldeko jarrerak hizkuntzen arteko asimetria iraunaraztea bilatzen denean? Ba, horretarako hain zuzen ere, hizkuntzen arteko asimetria iraunarazteko.

     Bestelako hizkuntza politika behar dugu. Ahalik azkarren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude