Gertatzen diren gauza asko geratzen dira historiatik at. Gauza ttikiak munta handirik gabekoak, asko pertsonalak, eremu urriko gertaerak esan genezake, gertaera grisak nahi baduzue. Arrazoi batengatik edo besteagatik jazo egiten dira, bolada batean memoriari atxikitzen zaizkigu eta gero, oharkabean, desagertu egiten dira. Egia esan, gertaera horiek dira arruntenak, ohikoenak, eguneroko bizimodukoak. Gertaera xume horiek dira, hain zuzen ere, gure bizitza koloreztatzen dutenak.
Edozelan ere, badira gertaera esanguratsuak, aipatzen ez direnak, baina garrantzizkoak direnak. Horiek ere gogoan dauzkagu, ahanztura bidean, baina halako batean oroimenaren azalera etortzen zaizkigu.
Joan den mendearen amaieran, 1998. urtean izan zitekeen, Euskaldunon Egunkaria zen euskaraz irakurtzen genuen egunkari bakarra. Urte horretan gertatu zen: .eh domeinuaren aldeko gogoeta eta kanpaina hasi zen Euskal Herriak (.eh) berariazko domeinua izan zezan. Kontuak kontu, .eh luzapenak Saharako Errepublikak hartua zeukan. Horrela, Euskal Herriak berariazko domeinurik gabe geratu zen. Ia hamar urte igaro ondoren, Euskal Herrirako “.eus” domeinuaren aldeko hautua egin zen “.eh” bazterturik.
Euskalgintza erakundeetako euskaltzaleak izan ziren “.eus” domeinuaren aurreneko sustatzaileak. Katalunian egindakoa adibide eta eredu harturik PuntuEus Elkartea sortu zuten. Ez zen nolanahiko ekimena, erakunde publiko eta pribatuko garrantzitsuen babesa behar zen. Horrela, proiektuaren inguruan hamaika erakunde bildu ziren: Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konferdereazioa, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea – Partaide IEP, UPV/EHU, EITB, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa, Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofizial eta Internetikak. Horiek izan ziren PuntuEus Elkartean sortzaileak. Beranduago beste erakunde eta elkarte asko bildu ziren. Horien artean UEU.
Kontua da UEU elkarte sortzaileen arteko bat izan zitekeela. UEUk hasiera-hasieratik bere babesa eta laguntza eman zion proiektuari baina kontsideratu izan zen bere presentzia izan zitekeela oztopo bat beste erakunde batzuk, besteak beste UPV/EHU, proiektuari bil zitzaizkion. UEUren aldetik ez zen inolako eragozpenik izan. Eskuzabaltasuna eta handitasuna izan dira beti UEUren ezaugarriak artean ere.
Internet Corporation for Assigned Names and Numbers ICANNek .eus domeinua onartu berri du. Hau da, euskararen hiztun elkarteak aurrerantzean berariazko domeinua izango du Interneten. Itzelezko balentria dudarik gabe. Gertaera horrek, seguru asko, Historiara igaroko du. Horrela igaroko du, letra larritan, merezi duen eran nire ustez.
Halere, Historiara letra larritan igaro duten berri horien atzean memoriaren zoko ilunetan geratzen diren gertaera xume ugari daude. Memoria, dakizuenez, bizidunen dohaina da, iragana eta orainaren arteko lokarria, gutako bakoitzak gu egiten gaituena. Euskararen hiztun elkarteak berariazko domeinua izango du Interneten, itzela da. Eskertu behar dugu askok egin duten lan eskerga, isila eta eraginkorra. Oroimenaren zoko ilunetik ere eskertu nahi dugu prozesua erraztu duen eskuzabalatasuna. Eskerrik asko.