Maiatzak 30

     Maiatzaren 30ean, ostegunarekin, gehiengo sindialak grebara deitu du. Halere, Gasteizko Legebiltzarrean Talde Mistoko parlamentaria lantokira joteko eskubideaz baliatuko da. Gorka Maneiro jaunak aurkeztu baitu Legez Besteko Proposamen bat ez du aukerarik galdu nahi berau defendatzeko.

     Jarraian agertzen dena da aurkeztutako Legez Besteko Proposamena:

     Eusko Legebiltzarrak Gorte Nagusiei eskatzen die:

1. Har ditzatela neurri egokiak ezartzeko egutegi bat, egokitzapen-epe batekin, Eliza Katolikoa eta gainontzeko sinesmen erlijiosoak beren sinestunen emaitzen bidez osorik autofinantziatu daitezen.

2. Ekin diezaiotela Ekonomia Gaiei buruz 1979ko urtarrilaren 3an Egoitza Santuarekin egindako akordioa eta Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa erreformatzeari, beharrezko mekanismo eta irizpideak ezarri daitezen bereizi ahal izateko, Eliza Katolikoaren eta gainontzeko sinesmen erlijiosoen jardueren artean, fede erlijiosoa sustatzera soilik zuzendutako jarduerak, izaera sozial edo asistentzialeko funtzio edo jarduerak, eta izaera ekonomikoko ustiapen orori atxikitako ondasun edo jardueren errendimenduak, helburutzat harturik:

    a) Izaera sozial edo asistentzialeko jarduerek eduki ditzatela irabazi asmo edo helbururik gabeko beste entitate orok dauzkan zerga-onura berak.

     b) Fede, dogma edo kultura erlijiosoaren sustapen edo proselitismora zuzendutako jarduerek eta ustiapen ekonomiko bati atxikitako jarduerek ez dezatela onura berezirik eduki, eta zergen aldetik ezarri dakiela egoera bereko beste subjektu pasibo orok daukan fiskalitate bera.

     Printzipioz onargarria dela iruditzen da, bederen, Eliza Katolikoaren pribilegioen aurka daudenentzat. Gertatzen dena da joan den urtean, maiatzaren 23an, hain justu, Espainiako Gorteetako Konstituzio Batzordean Izquierda Unidak aurkeztu zuela eliza katolikoari pribilegioak kentzeko proposamena. Aurkeztu, eztabaidatu eta PP, CiU eta UPyD alderdiek proposamenaren aurka bozkatu zuten eta bertan behera geratu zen. Alegia, Maneiro jaunaren alderdiak atzera bota zuen!
Eliza Katolikoaren erabateko auto-finantziazioa lortzeko neurriak hartu eta gauzatzeko egutegia adostu.
UPyD alderdiak ezetz.
Eliza Katolikoari onartzen zaizkion onura fiskalak bertan behera utzi.
UPyD alderdiak ezetz.
Errenta Gaineko Zerga (EGZ) ordaintzerakoan Eliza Katolikoari dagokiona ezabaraztea.
UPyD alderdiak ezetz.
Errespetu osoz, ez nuke nahi Maneiro jaunak problemarik izatea bere alderdiarekin. Alabaina, konturatu al da bere proposamenarekin Espainiako UPyDren aurka doala? Gainera, nori zuzentzen dion bere eskaera eta Espainiako Gorte Orokorrei. Ai, ai, ea gaizki hartzen duten bere eskaera! Bere ustez, deus ezertarako balio ez duen autonomia txatxu bateko legebiltzarrean, nola bururatu zaio horrelako proposamenik egitea Espainiako Gorteei kontu eskatzeko? Nola ausartu da Gasteizko Legebiltzar apal horretatik ezer eskatzen Espainiako Gorte txit gorenei?

Nago, horrenbeste abertzaleen eta ezkerzaleen artean iraultzaren eta separatismoaren birusak kutsatu ote duen Maneiro jauna. Begiratu beharko luke. Hasi da Euskal Herria Bilduk sinatutako proposamenen aldeko botoa ematen, gero Legebiltzarrera proposamenak ekartzen Espainiari gauzak eskatzeko, behin edo behin euskaraz hitz egiten du eta, deskuiduan, brau! edozein egunetan harrapatuko du bere burua euskaraz pentsatzen. Erne ibili Maneiro jauna! Printzipio osoko gizona zaitugu eta. Bakarra gure artean. Groucho handiak zioen printzipio aldagarriak zituela. Ez dakigu, marxisten antzera, ordezko beste printzipio batzuk ote dituen. Ez dugu uste hori bere kasua denik, kontuz ibili beraz. Maneiro jaunak badaki beti begira gaudela, ezker eskuinetik bere botoa norantz erortzen den, bera da eremu latz horretan gatza eta piperra jartzen duena.
Edozelan ere, lasaitu gara jakitean Legez Besteko Proposamena UPyD alderdiarena baino Gorka Maneiro legebiltzarkide jaunarena izan dela.

Gorka

     Lagun batzuek LBPa irakurri zutenean galdetu zidaten ea babestu behar ote genuen. Ezetz esan nien baina ez ziren oso konforme geratu. Gu, oro har, bat gatoz proposamen muinarekin; Konkordatuaren aurka gaude, eliza katolikoaren pribilegioak kentzearen alde gaude eta eliza horrek ostutako ondarea herriari itzuli behar diola eskatzen dugu. Alabaina, guk ez dugu sinesten. Ez dugu sinesten Espainiako Gorteetan, eskuindarrak nagusi diren Gorte horietan, hain zuzen ere, aintzat hartuko luketenik Maneiroren eskaera. Berak ere sinesten ez duen Legebiltzar honetan bere eskaerak tamainako miraria lor dezakeela uste badu fede handikoa gizona da. Espainiako Gorte horiei eskatzea eliza katolikoari pribilejioak ken diezazkiola alferrikakoa da. Lagunek ulertuko dute zure proposamena onargarria izan daitekeela baina Maneirok ez duela gure babesa irabazi. Ez dugu populismo merkea hanpatu nahi, bere alderdiaren babesa izango balu, sikiera… Propaganda hutsa iruditzen zaigu proposamena. Horregatik ez dugu babesten eskaera. Espainolen berdintasuna aldarrikatzen duen horrek, arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren arteko boto haztapen neurria erabiltzen duen hori Arabako hautetsia izan ahal izateko, ez da oso fidatzekoa. Legebiltzarreko Talde Mistoa beretzat bakarrik hartzen duena, Legebiltzarreko taldearen pribilegioak beretzat hartuta, ez da oso koherentea. Besteentzat eskatzen duena, Maneiro jaun horrek, harik eta exijitzeraino, aurrenik bere buruari aplikatu beharko lioke.

     Halere, esan moduan, bat gatoz bere eskaeraren funtsarekin. Horregatik, hain zuzen ere, osoko zuzenketa aurkeztu dugu. Lehenbiziko aldaketa Espainiako Gorteei eskatzea baino Jaurlaritzari eskatzen diogu. Formalki bada ere, Jaurlaritza behartutako dago Legebiltzarrak eskatzen diona aintzat hartzen, Espainiako Gorteek, ostera, ez. Bide beretik, eskatzen jarrita, faxismo kiratsa darien Espainiako lege atzerakoiak baztertzea proposatzen dugu; bereziki 1979ko urtarrilaren 3ko akordioa, Espainiako Estatua eta Egoitza Santuaren arteko Konkordatua berritzen zuena.

     Azkenik, Maneiroren proposamena bere horretan hartu dugu, irizpide horiei jarraituz Jaurlaritzak elizarekiko zerga politika berria egin dezan.

     Hori guztia hamar minututan esanda. Tamalez, maiatzaren 30ean ez dugu aukerarik izango gure zuzenketa defendatzeko. Jakin dezaten.


	

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude