Euskararen hiztun elkartea biziberritzeko ituna

      Jende askok esaten du Euskal Herrian une bereziak bizitzen ari garela. Hiru gertaera aipatu ohi dira: ETAren erabakia borroka armatuari behin betiko uztea, mapa politikoaren aldaketa eta sufritzen ari garen krisia. Hiru arrazoi horiek eramaten gaituzte egoera berrira, egoera, beste aldetik, ezezaguna; hiru gertaera horiek batera izatea inoiz ezagutuko ez dugulako. Borroka armatua ez izateak aldaketa dakar, bistan da; mapa politikoaren aldaketak instituzioetan, jarduera politikoetan eta politikarien arteko harremanetan aldaketak ekarri ditu; krisiak, azkenik, gure bizimodua, hiri eta auzategiko paisaiak eta produkzio-ehuna aldatuko ditu, dagoenekoz aldatu ditu neurri handian.

     Nola aldatzen diren gauzak, kamarada Euskaldunak XXI. Mendean gai horri heldu zion Kike Amonarrizek euskal filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezleak, Zumaian egin zuen hitzaldian. Biziki interesgarria eta gainera atsegina entzuteko. Kontua da, hizkuntza bizietan aldaketa, etengabeko aldaketa, ohikoa dela, gauza arrunta, alegia. Kikek nik baino hobeto azaltzen duenez, hari kasu egitea gomendatzen dizuet.

               Hasierako harira helduko diogu berriz. Egoera berriaz zer esan dezakegu? Ekonomia uzkurtu da, bai, jendea beldurrez bizi da, asko egoera larrian, gurera etorri ziren asko hemendik alde eginda eta, hori guztia hala izateagatik, harrigarria bada ere, abagune politiko lasaia da. Itxuraz, lasaia da. Ingurumari horretan, ikuspegi soziolinguistikotik aldaketa kualitatiboak agertzeko egoera berezia da. Nago, euskararen hiztun elkarteak indarberriturik atera daitekeela egoera berri honetan. Hau da, garai bateko globalizazio oro hartzailea eta bikaintasuna miresgarria baino orain, ahalegina eta konpromisoa aipatzen dira. Horretan,  ahaleginetan eta konpromisoetan, euskaldunak txapeldunak gara.

          Egoera ahulean gaudenok, euskaldunak kasurako, aldaketei itxaron baino hobe dugu behar ditugun aldaketak ekarrik edo, behinik behin, ekartzen ahalegindu. Euskararen hiztun elkartea biziberritzeko ituna lortzea, adibidez, oso aldaketa eraginkorra ekar lezake. Nire aldetik hitzarmen estrategiko horretarako bi printzipio xume proposatuko nituzke:

  1. printzipioa: Euskararen hiztun elkartearen egoera ez da sekulan gaurkoa baino hobea izan.
  2. printzipioa: Gaur zerbait egin behar dugu bihar aurreneko printzipioa, berriro ere, bete dadin.

Denon artean egingo dugulakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude