Txitxarroaren oroimena

       Oroimen mota bat baino gehiago daukagu eta oroimen klase guztiak behar ditugu bizimodu autonomo eta orekatua izan ahal izateko. Bada oroimen klase berezia gauzak oroitzeko ekimen baterako, hura egin eta berehala ahaztu egiten dugu. Tabernariaren oroimena deitu izan diote. Tabernetara koadrilan goazenean, hamaika lagun ohitura jatorrean, tabernariari behar duguna eskatzen diogu, tabernariak, eskarmentuko tabernaria bada, behin entzunda koadrilako bakoitzari aterako dio eskatu duena bat ere erratu gabe. Zerbitzatu eta jarrian tabernariari galdetzen badiozu koadrilako bakoitzak zer eskatu ez zaio gogoratuko, informazio hori bere oroimen-biltegitik ezabatu baitu. Tabernari onak oroimen klase hori oso beharrezkoa du bere lana prestutasunez egingo badu.

        Oroimena behar-beharrezkoa dugu bizitzeko, senideak eta lagunak ezagutzeko, nagusia eta menpekoa bereizi ahal izateko, semaforo gorriaren adiera ulertzeko, kutxazaineko zenbaki ezkutua gogoratzeko eta abarrerako. Oroimenaren arazoak hasten zaizkigunean burujabetasuna galtzeko arriskua daukagu. Bai, oroimena da burujabetasunaren oinarri garrantzitsua, oroimenik gabe ezin izan gaitezke gure buruaren jabe.

       Burujabetasuna izan ahal izateko oroimen klase guztiak behar ditugu: eguneroko bizimoduan arropa txikiaren tiradera aurkitzeko, mikrouhinaren erabilera gogoratzeko edo seme-alaben eskola ordua ez ahazteko. Lanerako oroimena, laneko trebeziak ez ahazteko, zer egin, noiz egin eta nola egin gogoratzeko. Seme-alaben eta  gurasoen urtebete-datak gogoratzeko edota aitona-amonen urrezko ezteia noiz den.

               Irakasleak oroimen sendoa behar du eskolak lasai eman ahal izateko. Politikari finak, azkenik, oroimen zabala, luzea eta fidagarria behar du sinesgarritasuna eta konfiantza bereganatu nahi badu. Guztiok ez daukagu oroimen maila bera, gauza jakina da. Animaliak ere oroimen daukate, ingurunea ezagutzen dute denbora luzez gorde dezakete beren oroimen-biltegian non aurki dezakete jatekoa edo edatekoa, kasurako. Esaten dute arrainak direla oroimen laburrenekoak. Ez da guztiz zehatza, badira arrain klase batzuk bospasei hilabetean gogora dezaketela. Baina, oro har, bai egia da arrainak oroimen maila laburrekoak dira.

http://mentescuriosas.es/wp-content/uploads/2010/01/pez.jpg

          Agintari batzuk, Espainiako gobernukoak adibidez, arrainen adinako oroimena dutela dirudi. Ez zaie gogoratzen joan den urtean zenbat kobratu zuten, norengandik eta zergatik. Denboraren joanean ahaztu egingo zaigula uste dute. Pentsatu bide dute legatzak garela eta ez zaigula egin zuten lapurreta gogoratuko. Espainiako Erresuman askotan ondo atera zaio amarru hori: denbora eman eta luzamenduetan ibili. Halere, badirudi oraingo honetan PPkoei ez zaiela amarrua ondo ateratzen. Jendea hasi da gogoratzen, ustelkeria kasuak elkarri kontatzen diote inork ez ahazteko. Alabaina, Erresumako agintariei oroimena urritu zaie, badirudi txitxarroaren tamainako oroimena geratu zaiela. Raxoi telebistan ikusten dudanean txitxarro itxura hartzen diot orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude