Hizkuntza-politika atzerakoia

      Joan den abenduaren 28an, inuzente-egunean hain justu, Euskal Talde Popularrak (PP) legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean Haurreskolak Partzuergoan beste hizkuntza batzuk sartzeari buruz. Legez besteko proposamen horretan haurren ama-hizkuntza eta eleaniztasuna defendatu nahi dutela esaten dute.

    Ez, ez da ama-hizkuntza ezta eleaniztasuna ere zaindu nahi dutena, euren kezka gaztelania da, hori da PPren obsesioa. PPk politika zikina egiten du, bereziki hizkuntza-politika, aspalditik iradokiarazi nahi du gaztelania hizkuntza gutxitua dela eta erdaldun elebakarrak hiztun baztertuak direla. Euskaldunen biktimak omen dira. Modu horretan lortu nahi du hedabideetan agertzea, eta lortzen du maiz agertzen baita.

    Gaztelania politizatu eta erasotzeko tresna gisa erabiltzen dute, etengabe ari dira gaztelania leku guztietan inposatzen. PPren politika harrokerietan oinarritzen da; salatzen dute hizkuntza politika garestia dela baina beraiek dira gastu gehienen erantzule zuzenak, interpretariak, itzultzaileak eta hizkuntza-zerbitzu gehienak beraiengatik eta beraientzat sortuak baitira.

     Antza denez, gaztelaniaren politizazioak etekinak ematen dizkie. Daukaten estatusari eta botere-mailari eutsi nahi diete eta, ahal izanez gero, garai bateko nagusitasuna berreskuratu. Jaime Mayor Oreja jaunak, 2009. urtean, argi adierazi zuen gaztelaniaren aldeko hizkuntza-politikak euskaraz mintzatzea debekatzea ekarri behar zuela.

      Gaztelaniak ez dauka inolako arazorik Euskal Herrian, egindako ikerketa guztietan agerian geratzen da Euskal Herriko (hegoaldean) ikasleen gaztelania maila ona dela, batenaz bestez ikasle espainolena baino hobea. PPk konfrontaziorako hizkuntza-politika erabiltzen du, bere helburua euskararen normalizazioa eragoztea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude