Euskal Herriak sufritzen duen gatazkak iraun badirau, denok gara testigu, ukatzen gaituztenak ere dira lekuko; borroka armatua bukatu bada ere, gatazka ez da amaitu. Gatazkak jarraitzen du, ez guk nahi dugulako baizik eta gure eskubideak ukatzen eta urratzen dizkigutelako, besteak beste, euskara desagerrarazi nahi dutelako. Hala ere, oraindik orain, euskaldunok ez gaitu inork garaitu; ustezko garaileek ez gaituzte menderatu, ez dute gure otzantasuna lortu eta beldurrak ez gaitu kateatzen.
Beharbada euskararen aurkako borrokan ikusten da ondoen adierazi nahi duguna. Ondo esan dut, bai, euskararen kontrako borroka. Hau da, euskara baztertzeko eta desagerrarazteko gatazka. Gatazka horretan euskaldunok egiten duguna da defendatzea, gure hizkuntza, hala edo hola, iraunaraztea, bizirautea. Erasoei aurre egitea, eta balizko erasoak saihestea. Hori da, adibidez, Espainiako Wert Hezkuntza ministroaren azken lege-proiektua: euskararen aurkako erasoa, berdin-berdin katalana eta bestelako bazterreko hizkuntzen aurka.
Euskararen defentsan lan handia egin izan da, egiten ari da eta egin behar izango dugu. Batzuetan, erasotzen gaituztenean, jarrera tinkoak eta gogorrak hartu behar ditugu. Bestetzuetan, ahal dugunean, ahalik eta adostasun zabalenak bilatu behar ditugu euskararen hobe beharrez. Euskara, UNESCOk horrela sailkatu du, hizkuntza zaurgarria da, desagertzeko arriskuan egon daitekeen hizkuntza, alegia. Nahiko genuke euskararen aldeko hizkuntza politika abegikorra, lasaia eta eraginkorra egin ahal izatea, baina euskararen aurkariek, sarri askotan, eragotzi egiten digute. Dena normala eta ohikoa dela sinetsarazi nahi digute baina ez da horrela.
Herri bat maita daiteke herritarrak errespetatu gabe? Hau erretolika! Galdegileak sinetsarazi nahi digu herria maite duen orok herritarrak errespetatzen dituela. Bai zera! Galderak erantzuna darama bere baitan eta galdegileak badaki hori. Alabaina, galdegileak benetan pentsatzen du herria maite duenak herritarrak errespetatzen dituela? Ez dut uste politikari horrek ez dakienik herriarekiko maitasunaren izenean sarraskirik ankerrenak egin izan direla. Herria maita daiteke herritarrak errespetatu gabe, noski; ez dugu zalantzan jartzen galdetzen duenak herria maite duenik herritar (batzuk) esplizituki gutxietsi arren. Beste aldetik, historian zehar hamaika adibide jar daiteke, eta gaur egun mundutik barrena begiratuz gero makina bat kasu aurki dezakegu herria maite izan arren herritarrak errespetatzen ez dituztenenak. Maitasuna ez da, hain zuzen ere, errespetuaren sorburua. Maitasuna errespetuaren oinarria izango balitz ez litzatekeen horrenbeste tratu txarrik gertatuko. Tamalez, ez da horrela.. Errespetuz, urte berri on denori!