Joxe Azurmendik idatzi du: ETArekin zer irabazi den edo galdu den (ETArik gabe: egongo zen demokraziarik? [Carrero Blanco], Autonomien Estaturik?, Konstituziorik eta “abertzaletasun konstituzionalik”?, ezkerreko abertzaletasunik?, Ibarretxe Planik? Zer kontzientzia sozial eta politiko kritiko egongo zen? – edo, zer egin orain ETAk hainbeste jenderengan eragin dituen zauriekin, familietan betiko utzi dituen urradura, erresumin, gorrotoekin?, kostu moralekin?, hainbat balio tradizionalen triskantzarekin, herrietako politikan laga duen kaka-nahastearekin, “hamaika amaren seme”ren biografia dolorezkoarekin?) [Barkamena, kondena, tortura. Estatua kontzientzien kontrolatzailea Joxe Azurmendi —2012— 64. orrialdea]
Irakurri behar da Joxe Azurmendiren liburua, azken hori eta aurreko beste batzuk, Espainolak eta euskaldunak edota Oraingo gazte eroak esate baterako. Euskal Herria sufritzen dugun gatazka, bai, orain aldian, sufritzen ari garen gatazka, modu askotarikoan uler daiteke eta Joxe Azurmendi ulermenerako giltzarri asko eskaintzen digu.
Orain, Joseba Egibar etorri zaigu eztabaidatzeko proposamenez. Gasteizko Legebiltzarreko jeltzaleen bozeramaleak esan du akordioetarako jarrera zabala daukatela eta, ezker abertzalearen 35 urteko porrot estrategikoaren ondoren, eztabaida interesgarria izan daitekeela. Ederto, Joseba eztabaida dezagun.
Ika-mika eta eztabaida politiko mikatzak hasiko dira, berriz, inoiz amaituko baziren. Urtebete igaro da ETAk borroka armatua bertan behera utzi zuela; sekulako aukera daukagu bakez eraikitzeko gure etorkizuna. Zuhurtziaz eta argitasunez jokatzeko garaia da. Zuhurtziaz,sortutako kalteak, minak, oinazeak eta gorrotoak akordio posibleak zailtzen dituztelako. Argitasunez, XIX. gizalditik gaurdaino orain bezalako aukera gutxi izan dugulako.
Euskal Herrian borroka armatuak babes sozial izan du eta dauka, gutxi asko, baina babes soziala izan du. Konstatazioa besterik ez da. Dena ETA dela eta terrorismoaren aurka edozerk balio duenaren ikuspegiak ere jarraitzaile multzo esanguratsua du eta ez txikia. Itxura denez, guztiok nahi dugu biolentziaren amaiera, horretan, bederen, bat gatoz. Alabaina, batzuk garaipena nahi dute, garaileak eta garaituak izatea gura dute. Guztiok garaileak izango bagina ez zegokeen problemarik. Baina hori ezinezkoa da. Garaileak izan ahal izateko garaituak izan behar baitira. Nortzuk dira/gara garaituak? Zer irabazten du garaileak? Zer galtzen du garaituak?