Jose Ignacio Wert Ortega Espainiako Erresumako Hezkuntza, Kultura eta Kirola ministroa da. Hirurogeita bi urteko gizonak itxura dotorea du bere traje, gorbata eta guzti. Burusoil horrek begirakune gogorra du, amorrua dario begi bietatik, gorrotoa. Hau da, Kataluniako haurrak espainiartu nahi dituen Espainiako ministroak. Espainiartasunaren txapelduna da. Wert ministroak konpartitzen du izena Jose Ignacio Munilla gotzainarekin. Munillak, Werten antzera, ez du ile askorik eta ez du erreparo handirik nazionalisten aurkako gurutzada bultzatzeko. Munilla ere, bere erreinuan, noski, espainiartasunaren beste txapeldun bat da.
Arabako PPko kideek (pepekideak, peperoak edo pepetarrak esan genezake?), Diputatu Nagusia buru zela, Francoren garaiko diktadura faxista kondenatu eta garai hartako biktimak gogoratu dituzte. Bazen garaia! Halere, PPko kideek (pepistak, pepezaleak edo pepelerdoak esan genezake?) tentu handiz aukeratu beharko lituzkete Madrileko Gobernuko ministroak. Behinik behin itxura abegikorragoa eta demokratikoagoa izan dezaten. Wert ministroarena ez baita naturala, hirutan berba egin eta bitan mehatxuak botatzen ditu eta hirugarrenean, ostera, asko hitz egin bai baina ez du fundamentuzko deus ere esaten. Kontu da irakurri dudala Wert ministroaren Hezkuntza-kalitatearen hobekuntzarako lege organikoaren aurreproiektua (Anteproyecto de ley orgánica para la mejora de la calidad educativa) lege organikoak zelan egiten diren ikasi guran edo. Asko ez dut ikasi baina aurreproiektu organiko horrek tripetako mina eta kakagura eman dit.
Lege organikoaren zirriborroan ez da behin ere aipatzen ez euskara, ez katalanera, ez gaztelera ez den beste hizkuntzarik. Espainiako Estatuan, gaztelaniatik harago, hitz egiten diren gainerako hizkuntzak hizkuntza koofizial gisa izendatzen dira. Gurea koofiziala da, badaezpada ere, badakizue, nazi-onalista (horrela idatzi ohi dute eta) betoker gaiztoren bati otuko balitzaio esatea euskara berezko, propio, bertako edo antzeko zerbait dela legez kanpokoa dela jakin dezala. Euskara koofiziala da, kito.
Jose Ignacio Wertek abisatzen du: Hezkuntza administrazioek bermatu behar dute ikasleen eskubidea eskolak gaztelaniaz jasotzeko, Estatuko hizkuntza ofizialean. Aurrerago zehazten du: Hezkuntza publikoan edo kontzertatuan hautatutako eskola-hizkuntza (gaztelania) ez balego ikaslearen udalerrian, gurasoek edo tutoreek ikastetxe pribatuetan matrikula zitzaketen seme-alabak eta eskolatzearen gastuak hezkuntza-administrazioak bere gain hartu beharko lituzke. Tipo azkarra Jose Ignacio hori!
Ministro txit argiak gaztelaniazko hezkuntzaren defentsatik harago gazteleraren nagusitasuna aldarrikatu nahi du, ministroarentzat eta bere jarraitzaileentzat, euskaraz ez jakitea (edo katalanera, edo galiziera) eskubide halako zerbait da. Ez dira ausartzen legeztatzen nahi dutena: Euskal Herrian euskaraz ez jakitea pertsona ororen eskubidea da. Baina hori da egiten dutena. Hau da, gaztelania Konstituzioaren arabera jakin beharreko hizkuntza den bitartean, euskararen kasuan, eta gainerako hizkuntza koofizialak berdin, ez jakiteko eskubidea aldarrikatu nahi du.
Hara, zer ministroak ditugun! Hauek kasik iristen dira gure Munilla apezpikuaren mailara, kasik. Biarritzen ultra katolikoek antolatutako abortuaren eta sexu bereko ezkontzen aurkako bilkura batean parte hartu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako gotzainek. Zer egiten zuten gotzain espainolek Frantziako batzarretan? Ea frantseseriak jota itzultzen diren! Jainkoak baleki! Auzia da Gipuzkoako gure apezpiku txit jakintsuari telebistan entzun niola esaten Hitler izan zela lehena abortua eta eutanasia legeztatzen. Egia da, naziek abortua eta eutanasia praktikatzen zutela judutarrekin, ijitoekin eta bestelako gizataldeekin (homosexualak eta beste) eta arau bereziak sortu zituztela torturatzaileak eta hiltzaileak babesteko. Hau da, tortura eta hilketak legeztatu zituen. Baina horrek ez du esan nahi Hitlerrek Alemaniako herritarrentzako abortua eta eutanasia legeztatu zuenik. Hori gezurra borobil-borobila da. Ai Munilla, berriro gezurretan?
Wert eta Munilla hara zer bikote bipilla!