Euskara herritar guztiona

       Euskaldunok XX. gizaldiko hizkuntza eredu estandarizatua erabiltzen dugu. Ez dakit euskara noizkoa den, oso hizkuntza zaharra dela diote, baina ez dakit jaiotegun zehatzik ote duen. Euskara Batuak, ostera, bai, erabiltzen dugun Euskara Batua 1968ko urriaren 3tik 5era bitarte horretan sortu zen Oñatiko Arantzazu Santutegian hain zuzen ere.

       Santutegian etorri zen mundura gure hizkuntza modernoa. Horrela, Europako herri zaharrenetakoa garenok, gu, euskaldunok, hizkuntza estandarizatu berrienetako hiztunak gara. Ez dugu ospatzen Euskara Batuaren urtebetetzea, erditze luze eta mingarria izan zen eta. Lapurtera klasikoa aita, gipuzkera ama, bizkaiera eta zuberera ahaide urrunak, goi-nafarrera amorantea,… Berrogeita hamar bat urte eman behar izan genuen hizkuntza estandarraren oinarriak adosteko. H letrak zatitu zuen h-erria, aldekoak eta aurkakoak. Gero etorri ziren garbizaleak, mailegu zaleak eta mordoilozaleak; Euskal Filologia asmatu genuen eta aurkitu genuen euskaldun bakoitzaren barruan filologo txiki bat zegoela.

          Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan autonomia lortu genuen eta orduan otu zitzaigun euskara hizkuntza ofizial gisa behar genuela. Horrela, Euskal Herriaren Kultura-Ondarearen funtsezko zatia eta, gaztelaniarekin batean, hizkuntza ofiziala zela erabaki zen Gasteizko Legebiltzarrean 1982. urtean; Oinarrizko legea, euskeraren erabilpena araukatzekoa Legebiltzarraren web gunean agertzen den eran. Gero, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian honela izendatu zuten: Euskeraren erabilpena arauzkotzezko oinarrizko legea.

        Hogeita hamar urte igaro dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hizkuntza ofiziala, gaztelaniarekin batera, ezarri genuenetik. Orain, horren aitzakian, Gasteizko Legebiltzarrak onartutako adierazpenean esaten da euskara herritar guztien hizkuntza dela. Esamolde polita da, borondate onekoa, baina irakurtzerakoan irri-makur txikia etortzen zait. Gogoratzen zait garai batean mendiko suteen aurkako publizitate kanpaina entzutetsu hartan esaten zenean: mendiren bat erretzen denean zure zerbait erretzen da. Ezezagun batek esaldiari erantsi zion: mendiren bat erretzen denean zure zerbait erretzen da, Markes jauna.

     Euskara, mendien antzera, guztiona omen da baina bakarrik euskaldunok erabil dezakegu, bakarrik euskaldunok sufri dezakegu bere ukazioa eta bakarrik euskaldunok berma dezakegu bere biziraupena. Euskara erdaldunen hizkuntza bilaka dadin erdaldunak izateari utzi beharko diote. Bien bitartean euskara euskaldun guztion hizkuntza izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude