Euskara eta berdinkidetasun soziala

             Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (2013-2023)  txostenak bere 7. orrialdean, helburu nagusia azaltzerakoan esaten du, euskararen erabilera ezagutza baino apalagoa dela.  Hori dela eta zalantza eta galdera batzuk bururatzen zaizkit. V. Inkesta Soziolinguistikoak dioenez, 16 urtetik gorako herritarren artean % 32 dira euskaraz hitz egiteko gai direnak eta euskaraz hitz egin ohi dutenak, berriz, % 20 dira. Elebidunen proportzioa % 32a da, beraz, eta erabilera-tasa gizarte osoan, berriz, % 20a da. Datu horien arabera esan daiteke, erabilera maila apalagoa dela ezagutza baino?

Kalkulatu dut, elebidunak % 32a izango balira eta euskaldunak binan-binan topo egingo balute, soilik euskaldunak, eta beti euskaraz hitz egingo balute erabilera-tasa, gehienez, % 10,24ra iritsi zitekeela. Beti ere, pentsatzen dugula erdaldunek euskaraz ezin hitz egin dezaketela. Euskaldunak hirunaka elkartuko balira eta beti euskaraz hitz egingo balute, ordea, erabilera-tasa gehienez % 3,78ra ozta-ozta iritsi zitekeen. Bederatzi hiztun elkartuko balira euskaraz egiteko probabilitatea % 0,004 izango lirateke eta hortik aurrera hutsaren hurrena.

Oro har, elebidunak herritarren % 32 izango balira, kalkulatu dut euskaldunak euskaraz hitz egiteko aukera guztietan euskaraz mintzatuko balira erabilera-tasa % 7,1ekoa izango litzatekeela. Alabaina, erabilera-tasa % 20 ingurukoa da V. Inkestaren arabera, estatistikoki itxaro daitekeenaren ia halako hiru. Esan daiteke erabilera maila apala dela? Ez dut ulertzen.

Elebidunen proportzioa, % 32a, txikia dela onartzen dugu, bai. Horregatik, eta beste arrazoi batzuengatik UNESCOk esaten du euskara hizkuntza zaurgarria dela, ordezkatua izateko arrisku egoeran erortzear dagoela. Ostera, egoera horretan euskaraz egitea, erdaraz bezainbeste edo gehiago, % 20raino ailegatzeak adierazten du euskaldunek, oro har, ahal dena baino askoz gehiago erabiltzen dutela. Ez da horrela?

Txosten berean aurrerantzean, 8. orrialdean, euskararen erabileraz ondorengoa idatzi da: Euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak lau dira:

  1. 1.      Hiztun kopurua
  2. 2.      Hiztunek euskaraz egiteko duten gaitasuna edo erraztasuna.
  3. 3.      Inguruan harreman sare euskalduna izatea, hots, familian, lagunartean, auzoan, kalean, sarean eta esparru formalagoetan solaskide euskaldunak izatea.
  4. 4.      Hizkuntzen arteko oreka  eta berdinkidetasun soziala helburua duen kontsentsua.

Lehenengo hiru faktoreak aski ezagunak dira: euskaraz jakitea, euskaldunak inguruan izatea eta euskaldunen arteko harreman-sareak eraikitzea. Baina nondik atera da laugarrena? Astiro, astiro, hizkuntzen arteko oreka helburua duen kontsentsua deritzan faktoreak eragiten al du euskararen erabileran? Nola? Egoera oso desorekatua antzematen dugunean, kontsentsu horrek oreka bilatzera bultzatzen gaitu? Hau da, desoreka euskararen kalterako denean euskaraz egitera bultzatzen gaitu eta, erdararen kalterako denean, euskara ez erabiltzera? Ez dakit, ba. Hobetu azaldu beharko lirateke laugarren faktore hori.

Gehiago esaten da: Berdinkidetasun sozialaren helburuak euskararen erabilera areagotzen du? Banengoen ba, euskaltzaleak aurrerazaleak eta berdinkidetasunaren aldekoak zirela! Argi dago, irakurle adiskideok, euskaraz biziz gero gizarte orekatuagoa eta justuagoa lortuko dugu. Euskara Sustatzeko Planak esaten du!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude