Itzuli-mitzuli

 

Nola esaten da cerebro
euskaraz? –galdetu zuen ikasleak–

Garun edo zerebro –erantzun zion
irakasleak–

Zelan esaten da, ostera, burmuina gaztelaniaz? –galdetu zuen, berriz, ikasleak–

Sesos –erantzun zion lehor irakasleak–

Hizkuntzen auziak. Bizimodu arruntean, burmuina esan edo
garuna esan, hizkerak ez du garrantzia handirik, elkarrizketaren ingurumariak ulertzen laguntzen digu-eta. Unibertsitatean, ordea, berba
bat ala bestea erabiltzeak azterketa gainditzea ala ez gainditzea ekar dezake.

Ikus dezagun, besteal, aurtengo unibertsitatera sartzeko azterketekin. UPV/EHUk onartu berri du aurtengo (2011) unibertsitatera sartzeko hautaproban
(kimikan) ariketetako bat txarto itzulita zegoela euskarara. Hizkuntzen auziak,
berriz.


 

Unibertsitatera sartzeko hautaproba berbera izan behar omen
du ikasle guztientzat. Horregatik, agian, hautaprobaren esaminak lehenengo gaztelaniaz idatzi eta ondoren euskarara itzultzen dituzte. Hau da, gaztelaniazko
azterketak gaietako adituek, irakasleek, egiten dituzte eta itzultzaileek, gaietako
adituak izan ala ez, euskarara ekartzen dituzte. Edozein kasutan, azterketak
elkarren itzulpenak badira ere, euskarazko eta gaztelaniazko azterketak ez dira
inoiz ere azterketa berbera izango. Kasu
honetan, bistan da, gaztelania da azterketa sortzeko hizkuntza nagusia eta
euskara haren ordainekoa, mendeko hizkuntza, alegia. Zergatik ez da alderantziz
egiten? Zergatik ez da lehenengo euskaraz sortzen eta, ondoren, gaztelaniara
itzuli?

Hautaprobako azterketa berbera hizkuntza desberdinetan ezin
izan daiteke, gertatutakoak agerian uzten du esaten duguna. Ez litzateke
zentzuzkoagoa izango hizkuntza bakoitzean azterketa-probak sortzea eta
ziurtatzea, gero, ebaluaziorako baliokideak direla? Berriro ere, ez dakit
zenbatgarrenez, euskara, kasu honetan euskarara itzulitakoa, eta euskaraz
egiten dena gatazka gai daukagu. Mendekotasunak ogena dakar, baliteke,
batzuentzat, erosotasuna eta erantzukizun eza ekartzea, baina kasurik
gehienetan euskara mendeko hizkuntza gisa tratatzeak kalterik besterik ez
dakar.

Euskararen erabilera suspertu nahi badugu, bada garaia,
euskaldunok gure buruaren jabe jokatzen hasi behar dugu, mendekotasunik gabe eta
erantzukizunez. Izan gaitezen, behintzat, gure hanka sartzeen erantzule osoak ez, bakarrik, itzulpenarenak.
Biz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude