Soinu-paiasiak

Irrati-narratiba ikasgaiko EHUko ikasleei ariketatxo bat proposatu nien: begiak itxi eta hamar minutuz inguruan zituzten soinuak aditu eta, ondoren, horiek deskribatu, hau da, soinu-paisaia egin.
Autobusean (Bizkaibus zein beste herrialdeetatik campus-era ekartzen dituzten horietan), mendian, hondartzan, eskola-aretoan, liburutegian, Bilboko Areatzan…, hamar minutuz geratu, begiak itxi eta mundu izugarria jaso dute gehienek. Ezkerretik eskuinera, aurretik atzera, goitik behera entzuten diren hots etengabeak; bat batean gurean sartzen direnak; mina egiten digutenak eta goxoak, gizakiok egindakoak eta naturarenak…; ozenak, ahopekoak… Hotsez inguruturik gaude (kutsadura akustikoa ere tarteko), eta oso gutxitan geratzen gara aditzen…
Soinu batzuk lausotzen dira hondoko plano batean eta beste batzuk, aldiz, lehenengo planoan agertzen zaizkigu argi eta garbiak (guk nahita, askotan…).
Era berean, donostiar neska batek Argiako kazetari batekin izandako elkarrizketa bat irakurtzera gonbidatu ditut. Horretan, soinuz beteriko errealitatea deskribatzen digu lehenengo pertsonan. Interesgarria benetan!!
Gaur, berriz, gure irratietako soinuetan zehar bidaiatzeko eskaera egin diet. Guraso edo amon-aitonei galde dezaieten bizitzaren soinu-bandari buruz, euskal irratien soinu-historia egin dezaten. Aurretik, ni saiatu naiz euskal irratien historia laburki azaltzen…, baina aspertu direlakoan nago. Historia baino istorioak nahiago dituztelako.
Dena den, espero dut gurasoekiko elkarrizketa horretatik gure irrati-historiara hurbiltzea, irrati-hotsak baitaude asko eta askoren oroimenen atzetik.

Iruzkinak (1)

  • Interesgarria iruditu zaidan soinu direktorioa aurkitu dut Interneten. Soungle du izena eta bilatzaile baten modura funtzionatzen du.  Hasierako orrialdean bilatu nahi dugun soinuaren etiketak idatzi eta oso era sinplean agertuko zaizkigu erantzunak. Hala ere, euren datu basean aurkitzen diren soinuak bakarrik erakutsiko ditu Soungle-k.Notak:- Soinuak jaitsi baino lehen, hauek entzuteko aukera ematen du- Kode libreko orrialdea da, beraz, doakoa da soinuen deskarga. – Orrialdea ingelesez dago, hortaz, bilaketak egiterakoan kontuan hartu terminoak ingelesez idatzi beharko ditugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude