Soinuen bidez adierazi

EHUko Ikus-entzunezko eta Publizitateko 3. mailako ikasleei proposamen bat egin diet Irrati-narratiba izeneko ikasgaia gainditzeko: soinu-muntaketa bat egin behar dute. Muga bi dituzte: irudimena/sormena eta 5 minutuko denbora tartea; beste guztia, libre.
Batzuek oso argi dute zer egin; beste batzuk, aldiz, hor dabiltza ideia bati edo beste bati bueltak ematen. Nik proposamen moduko batzuk azaldu dizkiet:
a) Soinu paisaia. Adibidez, azaldu Bilboko paisaia soinuen bidez. Ez da Bilboko soinuak grabatu besterik gabe. Aurretik planifikatu behar dut ea zer grabatu nahi den; zeintzuk diren hiriko lekurik interesgarrienak, aipagarrienak, esanguratsuenak… Grabaketak egin eta gero, entzun, tarteak aukeratu eta editatu (beharbada ordutako grabaketak laburtu, 5 minututan sartu…)
b) Soinu-postala. Antzekoa, baina leku finko batean utzi mikrofonoa eta horko soinuak grabatu: esaterako, Getxoko Galean dauden soinuan…
c) Soinu-collage. Ideia, sentimendu, sentsazio edo dena delakoaren inguruko soinu-muntaketa bat egin. Eta horien konposaketak sortzen du ideia bat, kontzeptua…
d) Soinu-poema. Ez naiz poesiari musika jartze soilari buruz ari. Beste zerbait da. Poema baten gainean, soinu-konposizio bat egin: erritmo berezia sortu, ahotsa/musika/hotsak/isiltasuna erabili testutik haratago joateko…
e) Muntaketa erritmikoa. Besterik gabe. Ahotsa/hotsa/musika/isiltasunak erabili “abesti” bat azaltzeko…
f) Dramatikoa. Nahi duten eszena asmatu eta antzeztu…

Lan guztiak fikziozkoak zein errealitatetik jasotakoak izan daitezke, zuzenean jasotakoak edo laborategian asmaturikoak… Ikasturte amaieran entzungo ditugu, eta adierazi nahi izan dutena azalduko digute. Batzuek lortuko dute guk ulertzea; beste batzuek,ez. Lan batzuk oso onak izango dira teknikoki; beste batzuk ez hainbeste… Baina ziur nago guztion atzean lan handia egongo dela, baita ideia asko ere, soinu bat behar dutenak, edo gehiago…

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude