Troiar hardwarea

Gaur arte uste nuen ordenadoreetako birusak, troiarrak eta gainerako malwarea software-elementuak zirela, baina Scientific American aldizkariaren abuztuko aleko orrialdeetan hardware gaiztoa ere egon daitekeela ikasi dut.

Izan ere, zirkutu integratuak fabrikatzen direnean funtzio gaiztoren bat egiteko diseinatuta dagoen parteren bat ezar daiteke. Adibidez, eredu jakin bateko telefono mugikor guztiak une jakin batean ‘izoztuta’ gelditzea, teklei aginduei jaramonik ez egitea eta erabilezin bihurtzea. Hori telefonoen jabeentzat arazo gogaikarria izateaz gain, galera ekonomiko handiak eragin ditzake. Eta mutur batera joanik, koordinatuki hondatzen dena auto-eredu baten balaztak kontrolatzen duen txipa bada?

Zirkuitu integratuak konplexuago bihurtu ahala, diseinua ere halakoxea egin da. Lehen ingeniari-talde batek kontrola zezakeen diseinu osoa. Egun horrelakorik ez da gertatzen eta zirkuituak ingeniari-talde desberdinek diseinatzen dituzte bakoitzak atal bat egiten duelarik. Gainera, ingeniari horiek enpresa eta estatu desberdinetan egon daitezke. Gero zati guztiak bateratzen dituzte. Zirkuituak horren konplexuak dira oso zaila dela horiek sakonki testatzea. Beraz, helburu gaiztoz, baten batek har bat jarriko balu txiparen kodean nekeza izango litzateke detektatzea.

Informatika-alorreko segurtasunean dihardutenak arrisku handiagoa ikusten omen dute orain hardwareari eragingo dioten erasoetan softwareari eragiten diotenei baino. Estrategiak diseinatzen dihardute horrelako erasoen arriskua minimizatzeko eta horietako bat, DARPA izenekoa, Pentagonoak lideratzen du.

Horrelakoen aurrean kezka pizten zait beti ea otsoaren ipuinaren aurrean ote gauden eta arriskuak ez ote diren puztutzen helburu ez horren egoki batzuen mesedetan.

Berria hor duzue behintzat. Ingelesezko Wikipedian artikulu hau aurkitu dut: http://en.wikipedia.org/wiki/Hardware_Trojan_%28computing%29. Artikulu originala, tamalez, ez dago Internetez doan eskuratzerik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude